Zaharraren distira

ETXEBERRIA_BILDUMAREN_ERAK(4)Etxeberria familiak Euskal Herriko ondare materiala biltzen berealdiko lana egin du, hiru belaunalditan. Oztopoak oztopo, milaka pieza, tresna eta gauza galtzetik salbatu zituzten. Museoetan daude orain. Bilduma bat Lazkaon dago.

Lucas Etxeberria izan zen bildumagile sagari hasiera eman ziona. Ataungo Intzartzu basetxean jaio zen, Zaldibiaren mugan, Troskaeta leizearen parean eta Koba Beltzaren alboan. Mendi haietatik, Bizkaiko Gallartara joan zen aitona Lucas, eta burdingintzarekin ondorengo lau belaunaldik izango zuten lotura hasi zuen.

Meategietan burdina lantzen ikasi zuen, eta errementari bihurtuta, Ataunera itzulita San Martinen sutegia jarri zuen. Aitzurrak eta aizkorak egin, eta L E hizkiak erantsita saltzen zituen. «Aizkora eta aitzur haietako batzuk gordeta daude, nire aita txatarra biltzen hasi zenean tartean aurkitzen zituelako. Bazekien haien jatorria zein zen, eta jaso zituen», dio Jesus Mari Etxeberria bilobak.

Lucas eta Jesus Etxeberria (Ataun, 1913–2001) aita-semeak azoketara joaten ziren tresnak saltzera, Nafarroara. Errementaritzak gainbehera izan zuenean, langintza hura utzi eta Ataungo Muebles Agauntza altzari lantegian hasi zen Jesus, tupista —bi hatz moztuta zituen, lan hori zutenengan ohikoa—. Baina ordurako bildumazaletasuna eta gauza zaharrak biltzeko afizioa iltzatua zion Lucasek semeari.

Gerrak bizitza okertu

1936ko gerra piztu zenean, herrian salaketa bat izan zuen Jesus Etxeberria gazteak: «Francoren kontra deiak egin zituela», oroitu du Jesus Mari Etxeberria semaek. Beste hiru lagunekin batera atxilotu, eta Ondarretako kartzelan (Donostia) sartu zuten preso. Bi fusilatu egin zituzten; besteak ere hiltzeko zain zeudela, Extremadurako frentean frankistek jasan zuten kaltea zela eta, soldadu eraman zituzten. Laguna hil egin zuten, eta Jesus zauritu —lehen lerroan bidaltzen zituzten, «mozkorrarazita»—. Bizirik bukatu zuen gerra.

JESUS_MARI_ETXEBERRIA_BILD«Gazteluetatik hots egiten ziguten gauzak kentzeko. Balio handikorik ezin genuen erosi»

«Familia deseginda geratzean, aitak ez zeukan biltzen segitzeko asmorik. Nik animatu nuen»

Jesus Mari Etxeberria, bildumagilea

Gerratik alde egindako olaztiar bat hartu zuen emaztetzat Jesus Etxeberriak, eta bi seme-alaba izan zituzten. Jesus Mari semeak jarraitu zion. «Lanean bere kontura jarri nahi zuen aitak, baina ez zioten baimenik ematen. Informe txarrak zeuzkan, agintarien ideien kontrakoa izan zelako, abertzalea». Atzerakarga hori geroago ere jasan behar izan zuten.

Motozikleta bat erosi, atoitxo bat erantsi, eta baserriz baserri hasi zen Jesus txatarra eta antzinako trasteak biltzen. «Ni kozkortu nintzenean, garaje batean automobilen mekaniko sartu ninduen aitak. Puska bat indartutakoan atera ninduen, eta berak arotzeria utzi zuen. Kamioneta bat erosi, eta biok hasi ginen txatar eta antzinako gauzen bila», dio Jesus Marik.

Zoritxarrak etenik ez

Etxean zoritxar handiagoa izan zuten. Ataunen errentan bizi ziren pisuan, antzinako gauzek su hartu zieten. Ama sutean hil zen, eta aita erre, emaztea itzaltzen saiatzean. Soldadutzan zegoen Jesus Mari, eta ez zioten itzultzen utzi. Frankismoaren beste mendeku bat, «informe txarren» ondorioa.

«Oso gaizki pasatu genuen. Harik eta ni soldadutzatik etorri arte hutsune handia egon zen, familia altxatzeko. Aitak ez zeukan berriz ekiteko asmorik, morala lurrean zeukan». Kamioi handiagoa erosi, aita berriro alboan hartu, eta Jesus Mari Etxeberriak hartu zuen orduan gidaritza. «Nirekin hasi zenean animatu egin zen aita».
Hainbeste gauza bildu zituzten, ezen Alemaniatik, Herbehereetatik, Belgikatik eta Frantziatik bildumazaleak etortzen hasi baitzitzaizkien. Joxe Migel Barandiaranek aholkatzen zien zer saldu, eta zer mantendu, «gaur edo bihar hemen erakusketa bat izateko».

Mailegu ezaren ondorioa

Baina erositakoa saldu ezean, ezin zen jarraitu. Erosketetarako diru maileguak eskatzeko ere, informe txarren erruz, ezin. «Gaztelu-etxeetatik eta hots egiten ziguten, kentzeko gauzak zeuzkatela eta. Ezagupen handia egin genuen. Baina balio handiko gauzak ezin genituen erosi, krediturik ez zigutelako ematen. Zer gauza irten ziren horrela hemendik kanpora! Liburu zaharrak eta… Guk ezin genuelako eutsi, kanpokoek erosi zituzten gauza asko».

Jesus Etxeberria hil zenean bete zen haren nahia: erakundeek eskuratu zuten beraiei horrenbeste kostatu zitzaien bilduma. Bilboko Museo Zaharrean eta Donostiako San Telmon bildumak osatzeko hartu zituzten hainbat pieza. Lazkaoko Udalak du beste zati bat. «Gure bilduman benetako zurezko tresnak zeuden, ez erreplikak: artzainen apazkoak, argizaiolak…». Benetako dira oraindik.

Aldabak eta sarrailak, ugarienak

ETXEBERRIA_BILDUMAREN_ERAKGipuzkoako Foru Aldundiak eta Lazkaoko Udalak 2005ean eskuratu zuten Etxeberriatarren ondare etnografikoa. Lazkaoko herriak hauek dauzka: 7 ate, 2.070 aldaba eta sarraila, 1.190 etxeko tresna, 211 laborategiko gailu, 373 zeramika pieza, 136 musika tresna, 151 irrati, 248 pisu, 2 kutxa, 2 sehaska, 2 haur aulki.

Azokak, iturri paregabe

Lizarrako (Nafarroa) osteguneroko azokara joanda, gauza asko erosten zuten Etxeberria aita-semeek. «Toki onena zen Lizarra, jendea biltzen zen, eta ijitoak ere joaten ziren gauza zaharrekin. Aitak berak zezakeena erosten zuen. Iruñea ingurutik hasi eta Gasteiz ingurura bitarteko guztian ibiltzen ginen».

Objektu galgarriek irauteko, gakoak

Ondare amaigabea biltzeaz gain —desagertu zen mundu baten lekuko bakar dira orain, askotan—, zenbait pieza mantentzeko edo nolakoak ziren jakiteko ere balio du Etxeberria bildumak. Zurezko gauzak, adibidez, denboran nekez irauten dutenak, erreplikak egiteko utzi zizkien Jesus Etxeberriak arotzei, hedapenari lagunduz.

Burdingintzatik bilketara

Aitona Lucas Etxeberria izan zen aurrenekoa gauza zaharren oso zalea. «Errementaria zen. Forja eskuz egiten zuen, eta artista ona zen horretan. Esaten zuten tenplea oso ona ematen ziela aizkorei eta tresnei. Bizkaiko meategietan oso ondo ikasita etorri zen. Aitak antzinako gauzetarako afizioa aitonarengandik zekarren».

Ate zaharren balioa eta historia

ETXEBERRIA_BILDUMAREN_ERAK(1)«Ateak 30 baino gehiago bildu genituen. Batzuk burdinezkoak dira. Barandiaranek bi ikusi zituen aurrena, eta harrituta geratu zen. Bizkaian, baserrietan aurkitu genituen, baina ez ziren hangoak, askoz zaharragoak ziren. XII. eta XIII. mendeetako ‘gerlari ateak’ dira. Antzina, hemen gailurretan gazteluak zeuden, pasabidea zaintzeko. Euren funtzioa agortu zitzaienean eta utzi zituztenean, baserrietara eraman zituzten ateak, gazteluen harriak bezalaxe».

«Errementariek eskuz eginak ziren, errematxatuak eta marrazkidun uztaiak zeuzkatenak. Baserriak, antzina, egurrezkoak zirenez, erre egiten ziren, eta gazteluetatik hornitu zituzten harriak eta ateak etxea osatzeko. Ez zen ostea, hartu eta eramatea baizik».

«Elorrio, Bergara eta alde horietatik bastante ate sortu genuen. Gaur egun, oraindik bada jatorrizko funtzioa duen burdinezko ate bat, berezko lekuan: Azkoitiko kalean, Etxebeltz jauregian».

«Beasaingo Andre Mari elizan, duela pare bat urte, burdinezko ate bat ikusi nuen. Beste bat ere bazegoela, eta barrurago eraman ninduten. Bi daude. Horiek ez dira jatorriz leku horretakoak, eliza eta garai horri ez zaie tokatzen; zaharragoak dira. Elizaren azpian eliza-gotorleku baten aztarnak badaude. Bada, atari horiek behetik gora igotakoak dira. Txoko batean daude, ilunpean».

«Ate batzuk Bilboko Museo Zaharrean daude, beste batzuk San Telmon, eta beste batzuk Lazkaon. Guk gauza hauen bilduma guztia saldu genuen. Ateak denentzako zeuden; beste gai batzuk, ez».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>