«Ostegunean ezkontzen ziren asko, oturuntza Martinezen egiteagatik»

MARTINEZ_JATETXEKO_KONTXIT(4)

Bizitza osoko lanari aitortza egiteko, omenaldia jaso zuen Kontxita Telleriak (Beasain, 1928) martxoan Donostian. Ostalaritzan erreferente izan diren emakumezkoak goretsi dituzte Gastroandere ekimenean. Ordiziako Martinez jatetxean garatu zuen Telleriak bere artea, bai lapiko artean, bai jendetasunean. Lehen atala utzi zuen; ez hala bigarrena.

Ordiziarra al zara jaiotzez?
Beasaindarra naiz. 29 urterekin ezkondu nintzen Ordiziara. Asko maite dut Ordizia, baina ni Beasaingoa naiz. Telefonemak banatzen nituen gaztetan. Klase partikularretara joan nintzen  Ospitaleko mojetara. Dena erdaraz zen. Aita Mutiloakoa eta ama Etxarrikoa nituen, eta ‘Kontxita, ein zazu euskeraz’ esaten zidaten. 11 senide ginen. Baina mojatxoekin ezin zen euskaraz egin.

Telefonemak? Zer diren ere…
Telegramak. Lehen telefonema esaten zitzaien. Artean telefonorik ez zela, herriko telefonika zentraletik etxe eta baserrietara eramaten nituen abisuak. 18 urterekin, Diputazioaren telefonikan sartu nintzen, azterketa bat eginda. Eibarko plaza atera nuen, eta hara joan nintzen. Kabilekin lan egiten genuen: ‘Jar nazazu 4arekin’, eta han sartu kabila. Elkarrizketak ere entzuten genituen [barrez]. Orain daukadan gorreria orduko txirrin joengatik dela uste dut.

Diputazioarena zen telefono zerbitzua?
Bai. Gero Madrilgo Telefonicari saldu zion, eta ez ziguten segitzen utzi. 20.000 pezeta eman zizkidaten kalteordain gisa, eta etxera. Eibarren, Zumaian, Azpeitian, Oñatin, Donostian… egon nintzen telefonista. Oso ondo zaintzen gintuzten; afaltzera ere gonbidatzen gintuzten. Apopiloak hartzen zituzten etxeetan bizi izaten ginen.

Oraindik ez da Ordizia azaldu.
Ordizian ere telefonista lan egin nuen. Orain Udaltzaingoa dagoen udaletxeko behe horretan zen, kartzelaren ondoan. Batzuetan kartzelan norbait egoten zen, eta ni alboko gelan bakarrik, beldurtuta. Garai hartan ezagutu nuen Jose Martin Martinez, lanetik irtendakoan.

Jatetxean lanean ikusten zenuen zeure burua?
Zer zetorren ikusten nuen. Orduan Martinez baxu zegoen, gainera. Anaia-arreba bana hil zitzaizkion Jose Martini. Takoi handiekin joaten nintzen ni, eta hango zerbitzariek esaten zuten beren artean: ‘Zer egin behar du honek hemen?’. Bezeroek ere bai, gerora aitortu zidatenez. Ondo joan zitzaidan. Bere garaian lanarekin kunplitu izanaren satisfazioa daukat; bost seme-alaba aurrera atera nituen. Senarra hil zitzaidanean [1980an], egun batzuk libre hartzeko esan zidaten. ‘Bihar bertan irekiko dugu [Martinez jatetxea], sentiberakeriekin inork ez dit egingo daukadan guztia eta’. Pertsiana gora, eta kemena aterata aurrera.

Emakume kementsua zara, ala?
Bai. Gauza asko egin ditut. Jatetxea eta sukaldea gustatu zitzaizkidan. Amona ere sukaldari ona zen, eta harekin asko ikasi nuen. Gauza berriak egiten ere ausartu nintzen: mariskoz beteriko legatza, adibidez. Asko gustatu zitzaion jendeari. Edo barazki menestra, edo Ataungo sukaldari batek egiten zituen postreak… Dena etxean egiten genuen. Banderilla berriak ere sortu genituen.

Ospeko jatetxea zen Martinez.
Bai. Beasaindik jende asko etorri ohi zen: CAFen garai onetan, Indar eta beste enpresekin… Krisiak zailtasunak ekarri zituenean, edo langile haiek familia osatu zutenean eta denak ezin etorri, beste mota bateko sukaldaritza eskaini nuen: kazolatxoak, muturrak, tripakiak… Plater merkeagoekin, airoso atera nintzen; moldatu beharra zegoen. Ezkontzak ematen genituen, astean hiru igual; ostegunetan eta…

Ostegunetan ezkontzak?
Bai. Larunbatak eta igandeak hartuta baldin bazeuden, osteguna hartzen zuten askok ezkontzeko eguntzat, Martinezen jan nahi zutelako. Ez nuen ezer bazterrera utzi. Herrian giroa zegoen, eta oso ondo lan egin genuen. Horrekin pozik nago.

MARTINEZ_JATETXEKO_KONTXIT«Plater berriekin ausartu nintzen. Mariskoz betetako legatza gustatu zitzaion jendeari»

«Behar zen unean egin beharrekoa egin izanaren satisfazioa daukat»

«Ez naiz sekula oporretan kanpora irten, beti jatetxean, gaueko hamabiak arte»

«Kostako Itzulia bizikletan egiten genuen. Orioko aldapa eskurik gabe jaisten nuen»

Nolakoa izan ohi zenuen lan egun arrunt bat?
Goizean jaiki, margotu, mantala txuri-txuria jantzi, eta okindegira, zaku ogiaren bila. Sukaldariak 9etan etortzen zirenean, banderillekin hasten ginen. Zerbitzariak 10ak edo 11etan iristen ziren. Libre astelehenak bakarrik izaten genituen. Oporrak hartzen gerora hasi ginen. Ez naiz sekula kanpora irten, beti jatetxean, gaueko hamabiak arte. Arratsaldean ordu pare bat atseden hartzen nuen.

Damu zara horrenbeste lan egin izanaz?
Batere ez! Behar zen garaian egin beharrekoa egin nuen satisfazioa daukat. Egin beharra neukalako. Gauzak nahiko ondo egin ditudala uste dut, eta gustura nago horrekin.

Enpresak aipatu dituzu. Oparoaldi garaiak ezagutu dituzu, eta jatetxean nabarituko zen.
Enpresek lan asko ematen zidaten: Aristrain, CAF, Jaso, Bilore, Indar… Hilaren bukaeran bidaltzen genizkien gastuen fakturak. Baina urte bukaeran aperitifa ere bidaltzen genien, eskertzeko. Xabier semeak hartu zuenean, esan nion Gabonetan hamaiketakoa bidaltzeko enpresa horiei, hutsik gabe. Nik hala egiten nuen, eta horrela egin dut egin dudana.

Bezeroen esker ona bueltan iristen al da jatetxekoengana?
Asko. Sarri etortzen zirenak sartzen ikusten nituenean sukaldetik, irten eta bermut bat hartzen nuen. Edo lagunak etorritakoan, haiekin ere bai. Kontutxo horiek. Giro oso ona zegoen Ordizian, eta hortik sortzen ziren lana eta bizipenak.

Martxoan Euskal Gastronomia Elkarteak omenaldia egin zizun. Gustura?
Ederki. Bazkari polita izan zen. Mahaian, Ramon Rotetak esaten zidan liburu bat idatz nezakeela, kontatu nizkion kontu hauekin guztiekin.

Sukaldearen faltarik baduzu?
Ezta batere. Donostian bizi naiz, zoriontsu. 72 urte arte lan egin nuen, eta Xabier semeak hartu zuen jatetxearen ardura. Hura ere lasaitu zen Donostiara nentorrela esan nionean [barrez]. Zeren berehala hasiko nintzaion sukaldean kontu hartzen, bata edo bestea dela.

Noiz erabaki zenuen uztea?
Gogoan dut Ostalaritza Elkartekoek galdetu zidatela ea zergatik utzi behar nuen, oso ondo ari ginela eta. Bada, horrexegatik, semeari ondo zihoanean utzi nahi niolako. Eta 72 urte neuzkalako, aizu! Agian segi nezakeen apur bat gehiago, baina bat-batean utzi nuen.

Zeuri, jateko zer gustatzen zaizu gehien?
Kokotxak eta mariskoa: otarraina, abakandoa, itsaski koktela, marisko entsaladak… Baita muturrak eta arroz esnea ere. Eta ostrak. Donostian bada ostra ederrak dauzkan leku bat.

Zer egiten duzu orain?
Egunero irteten gara aperitifa hartzera: Marianitoa Camparirekin. Gainontzean, pilota partidak ikustea gustatzen zait. Eta futbola: Realekoa naiz, baina disgustu ederrak ematen dizkit. Ezkondu aurretik pilota zalea nintzen. Lagunak Idiazabalera edo Aramara joan ohi ginen, pilotan jokatzera. Mendira ere asko. Eta bizikletan Kostako Itzulia egiten genuen, neskek. Orioko aldapa eskurik gabe jaisten nuen! Senideetan mugituena eta bihurriena nintzen.

Ostalaritzako lan lotuarekin batera, bost seme-alaba. Nola uztartzen zenuten?
Ez dakit nola iristen ginen denera, egia esan. Kokotxak prestatzen igual, eta umeari bularra tokatu. Korrika gora igo, titia eman, eta atzera behera. Edo, goizaldeko ordubietan lana bukatu, eta umea negarrez ari zelako hartu behar. Amak esaten zidan, beste haur bat zetorrela esaten nionean: «Baiño, umea! Beti umea tripan edo kolkon!». Hark 11 izan zituen.

Txikitan larre motzean ohituta egoteak dakar indarra, agian?
Beasainen, pisu batean bizi ginen gurasoak eta 11 seme-alaba. Urte askoren aldea dugu. Etxeko ekonomikan sua pizteko, txirbil bila joaten ginen zerrategi batera. Jendea ilaran zain egoten zen, arratsaldeko seietan makinak gelditzen zituztenean txirbila hartu ahal izateko. Buruan daukat oraindik zauriaren marka, behin harrapatu ninduen-eta azpira azkarregi sartzeagatik. Txirbila ondo estutzen genuen, erdian zulo bat egin haizea hartzeko, eta harekin pizten zen sua. Ekonomikak ura berotzeko depositu txikia zeukan. Hura zen dena.

1936ko Gerra ezagutu zenuen. Zer oroitzapen duzu hartaz?
Gerra ostean gosea pasatu genuen. Ama azukre bila dendara joan, eta ez zioten ematen, lehen eramandakoa ordaindu ezin zuelako. Hamar ume zeuzkan. Pentsa zer tristura ama batentzat! Aita bizargin arrunt bat zen. Gerra garaian Mutiloara joan ohi ginen, aitaren jaiotetxe Intxaurtxulo baserrira. Erorita dago orain. Osaba Txominekin ardiak zaintzera joaten nintzen, goizetik gauera. Izeba Joxpantonik gopor bete janari eramaten zigun. Espainola mendi aldean ibiltzen ginen ardiekin; han soldaduen tropak zeuden, eta behin tiroketa hasi zen. Korrika itzuli ginen etxera Gregorio lehengusua eta biok. A ze sustoa.

Aristrain lantegiaren 20. urtemugan 1.850 laguni eman zieten bazkaria

Jose Martin Martinez eta Kontxita Telleria, Martinezekoak.

Jose Martin Martinez eta Kontxita Telleria, Martinezekoak.

Martinez jatetxeak historia luzea du. 1890ean sortua, posta-geralekua izan zen, diligentzia eta jantokia zuena. Taxilaritza hartu zuten bigarren belaunaldikoek ogibide, taberna eta fonda sekula utzi gabe. Jatorduak eta oturuntzak, etxean bertan emateaz gain, kanpora ere eskaini ditu. Batzuk, erraldoiak.

Olaberriko Aristrain enpresan, markako bi otortu emanak ditu Kontxita Telleriak, Jose Martin Martinez senarrarekin. Lehena, enpresako jantokian, 850entzat. Aginagako 60 kilo angula, eta etxean lumatutako 180 oilagor jarri zituzten. «Jendea, zoriontsu».

Bigarren oturuntza, are handiagoa, 1975ean, JM Aristrain altzairutegiaren 20. urteurrenean enkargatu zioten. 1.850 laguni zerbitzatu zieten orduan. Txatar biltegi bat hustu, eta mahai luzetan eseri zituzten, bost kale osatuz. Logistika ikaragarria antolatu zuen Telleriak: «Fagorrek 5 sukalde industrial jarri zizkigun, han bertan. 98 zerbitzari kontratatu genituen. Mahai kale bakoitzerako 40 zerbitzari eta sukalde bat zeuden. Ikusgarria izan zen».

Janaria ere, kopuru izugarritan: 200 azpizun, 200 legatz, Unanue gozotegiak egindako 9.000 petit suise… «Bixente ilobak txalo bat jo orduko, 98 zerbitzariak batera ateratzen ziren, janariarekin. Guztia bero-bero iritsi zen mahaietaraino. Hori zen helburua».

Menuaren xehetasun guztiak buruan dauzka: «Hasteko, plateretan jarrita, otarrainxkak, jabugo urdaiazpikoa eta zainzuri zoragarri batzuk. Gero, legatz isatsak, alboan marinel erako txirlekin eta gainean baratzuri gorriak ipinita. Azpizuna plantxan, piperrekin eta entsaladarekin. Petit suiseak, Ibañezeko izozkia, lapikoko kafea, Viña Ardanza ardoa, Remy Martin pattarra eta 3ko Montecristo puruak. Eta marrubiak, pilaka».

Orduan bai, salbuespen modura, Martinez itxi egin omen zuten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>