Barrenak hustuz

Haritz Madina (Mad Shayam), Bingen Gomez (DJ Sbans) eta Ruben Laso (Ziso).

Haritz Madina (Mad Shayam), Bingen Gomez (DJ Sbans) eta Ruben Laso (Ziso).

Agresion Verbal talde zumarragarrak hirugarren diskoa kaleratuko du aste honetan bertan ‘Archivo desclasificados’ izenburupean. Taldearen eta taldekideen izaera ondoen definitzen duen lana dela aurreratu dute.

Orain dela 40 urte baino gehiago piztu zen hip-hop kultura Bronx-en (New York, AEB). Denboran aurrera egin ahala indarra hartzen eta munduan zehar zabaltzen joan den mugimendua da, eta Goierrin ere badu bere tokia. Horren adibide  da Zumarragako Agresion Verbal taldearen kasua. Ibilbide luzea duen taldea da eta aste honetan bertan Archivos desclasificados disko berria kaleratu dute.

Rap-a gustuko duten hiru lagunek, Bingen Gomezek (Dj Sbans), Haritz Madinak (Mad Shayam) eta Ruben Lasok (Ziso) sortu zuten Agresion Verbal taldea 2005. urtean Zumarragan.  Harrezkero, 14 urte igaro dira. Musika talde bat nagusitasunera heltzeko adina urte dira, eta une honetan juxtu, 15 kantaz osaturiko hirugarren diskoa esku artean izatekotan dira. «Ia hiru urte behar» izan dituzte azken diskoak argia ikus dezan, Gomezek aurreratu duenez. «Ondo egindako lana da, denborarekin egindakoa, letra landuak eta musikalki kalitatea duena  eta ilusio handiarekin gaude egindakoa jendaurrean aurkezteko».

Izenburuak berak argitzen duenez, orain arte atera ez dutena ateratzera datoz zumarragarrak. «Hiru urte hauetan abesti berriak sortzen aritu gara eta aurreko diskoekin alderatuta, material berria izango da entzun ahalko den guztia». 2013an kaleratu zuten Terapia fria izeneko lehen maketa, eta 2015ean berriz Revolucion del estilo kaleratu zuten. «Gazteagoak ginen eta beste bat zen lan egiteko modua», esan du taldeko DJ-ak. Aurreko lanetan, abestiak sortu ahala jotzen zituzten kontzertuetan, oraingoan berriz, material guztia gorde nahi izan dute jarraitzaileen sorpresarako.

Gizarteari kritika

Disko berriak «askotariko gaiak lantzen» ditu abestietan. «Pertsonalki eragiten diguten gaietaz hitz egiten dugu, gu geu ondoen definitzen gaituen lana da», nabarmendu du Gomezek. Horren adibide da Dejad de mentir abestia: «Gaur egun, gizartearen zati oso handi batek sare sozialen bidez, bizi duen ustezko bizimodua zabaltzen du. Bizimodu irreala zabaltzen dute eta hori kritikatzen dugu abesti horretan». Pentsakera eta bizimodu guztiz desberdina dute hiru taldekideek, eta ez dira saiatzen inongo momentutan ez direna irudikatzen. Hasiera-hasierako esentzia galdu ez duten horietakoak dira, garbi dute gauzak nola egin nahi dituzten eta irudi faltsua ematea ez da haien estiloa. «Sare sozialak garena eta egiten duguna ezagutzera emateko baliatzen ditugu», argitu du.

«Hiru urtean abestiak sortzen aritu gara eta material berria entzun ahalko da»
«Mozal legearekin ixilarazi eta beldurtu egin nahi gaituzte, kezkagarria da»
Dj SBans, Agresion Verbal

Bestalde, orain arteko bizipenak ere kontatzen dituzte. Disko honetan biluztu egin direla esan daiteke. «Ez dago gezurrik, gure isla da», erantsi du Gomezek. Horrez gain, estilo libreko hainbat abesti ere gehitu dituzte disko honetan eta kolaborazioak ere izan dituzte. «Disko oso konpletoa da».

Mozal legearen aurka

Diskoan agertzen diren gaiez gain, azkeneko urteetan Mozal legeak sortu duen zalapartaz ere hitz egin du taldekideak. izan ere, hortxe daude Pablo Hasel edo Valtonyc raperoen auziak, besteak beste. Adierazpen askatasuna urratua izan da. Horrelako kasuak gertu-gertutik jarraitu dituzte Agresion Verbaleko kideek. «Guk musika egiten dugu, esateko duguna esaten saiatzen gara musikarekin eta horrelako kasuak gertatzen direla ikustea oso tristea eta kezkagarria da». Legearen bidez, «ixilarazi  eta beldurtu nahi» dituztela ere esan du. Horren aurrean, Zumarragan bertan elkarretaratzea ere egin zuten elkartasuna adierazteko asmoarekin.

Dena den, bidean aurrera jarraituko dute, gustuko dutena egiten batez ere, eta aurreratu du, aurten ere Hip Hop jaialdia egingo dutela Zumarragako eta Urretxuko festetan. Hip Hop kultura ezagutzera emateko balio izan du eskualdean. Aurten, zazpigarren aldiz egingo dira jaialdiak bi herrietan. «Bere tokia hartzen ari diren jaialdiak dira». Zumarragakoak,  musikaz gain, beste hainbat arlo ere eraskuten ditu: graffiti tailerrak, dantza txapelketak eta bestelakoak ere antolatu ohi dituzte.

Hori horrela, herriko gaztetxoenei iristeko aukera izan dute eta nabaria da azken urteotan, hip-hopak geroz eta jarraitzaile gehiago dituela Goierrin.

Aurkezpen bira

Hiru urtez sekretu preziatua gordetzen egon ondoren, egindako lana erakusteko unea iritsi da. Oraingoz, 12 kontzertu emango dituzte eta gehiago lotzeko aukeraz ere hitz egin du Agresion Verbaleko kideak. Kontzertuekin hasteko diskoa kalean egon arte itxaron nahi bazuten ere, diskoan egin beharreko hobekuntza batzuk direla medio, kaleratze data atzeratu egin zaie eta dagoeneko bi kontzertu jo dituzte. Ordizian izan zen lehena, Kirkil tabernan eta erantzuna «bikaina» izan zen. Bigarren kontzertua etxean egin zuten, Urretxuko Gaztetxean eta han ere «primeran joan zen guztia».

Hurrengo kontzertua, Goierritik ez oso urruti egingo dute,  Aretxabaletako Ezkutu tabernan. Bihar izango da, hilak 27, 22:30ean hasita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>