«Herriaren memoria jasotzea konstante bat izan da nire karreran»

Felix_Ibargutxi

Felix Ibargutxi kazetariarekin Legazpin egin du Goiberri-k hitzordua. Donostian bizi da baina sarritan etortzen da jaioterrira; han, besteak beste, baratzea dauka. Belarri bakarretik entzuten duen kazetaria da, azazkalak jaten dituena. Fraidenea baserrian jaio zen, lantegi pabilioien parean, 1956ean. Aurreko otsailean jubilatu da. Lan jardunik luzeena El Diario Vasco egunkarian egin du. Ricardo Arregi saria jaso zuen Ibargutxik 1991n.

Zergatik kazetaritza?
Albaitaria izan nahi nuen, baina aitak pentsatu baino lanbide gogorragoa zela esan zidan, nik onartu, eta haren esana egin nuen. Garai hartan gurasoak autoritas ziren, eta ni ez nintzen bereziki errebeldea. Azkenean kazetaritza aukeratu nuen, ez zegoen aurrekaririk nire inguruan, baina gogoan dut aitak bazkalorduan egunkaria irakurtzen zuela eta ni begira geratzen nintzaiola, nahiz eta aitari ez zitzaion gustatzen nik ondoan irakur nezan.
Kazetaritzak urrutiko gauzak ezagutzeko aukera emango zidala pentsatu nuen; urrutira joateko asmorik ez nuen arren, polita zen kronika haiek irakurtzea. Tokian tokiko berriemaileen kronikak ere gustuko nituen.

Iruñean ikasi zenuen.
1973. urtean ez zegoen Euskal Herriko Unibertsitaterik. Madrilera joan zintezkeen edo Iruñera. Ni Iruñera joan nintzen, Opus Deira. Ikasketa guztiak gaztelaniaz egin nituen; euskara ulertzen nuen arren, ez nintzen hitz egiteko gauza.
Unibertsitatera joan nintzenean hasi nintzen euskara berreskuratzen. Nire kabuz ekin nion, hiztegi bat eskuan, jendearen mintzairari arreta jarrita. Urtebeteko epean euskaldundu nintzen.

Unibertsitatera joan, eta gazteleraren eremu batean sortu zitzaizun euskara berreskuratzeko grina, nolatan?
Unibertsitate hartan aberaskume asko zegoen eta gu langile jendearen semeak ginen. Espainiako toki askotatik iritsitako burgesak eta aristokratak zeuden han, eta hura guztia ikusita, nik nire artean ezberdina nintzela pentsatu nuen. Nire identitateari eutsi nahi nion, horregatik heldu nion euskarari.

Langile familia bateko semea aristokrata artean…
Ikasle oso ona nintzen, erantzukizuna sentitzen nuen nonbait. Norbere idazmakinarekin joaten ginen. Olivetti oinarrizkoa nuen nik.

Karrera amaitu aurretik hasi zinen Egin-en Nafarroako herrietako kronika egile gisa.
Bai, bosgarren ikasturtearen hasieran Nafarroako herrietako kroniken orrialdea egiten hasi nintzen. Garai hartan berriemaile sarea oso ahula zen eta inoiz orria osatzeko buletin ofizialetik tiratu behar izan nuen.
Gero, Zeruko Argia-n Nafarroako gaiak lantzen hasi, eta fakultatera gutxi eta gaizki joaten nintzen. Lehenengo artikulua herrien kontzentrazioagatik sortutako udalerri berrien harira egin nuen eta ika-mika sortu zuen.

Soldadutzaren etena egin, eta Argia-ra itzuli zinen.
Bai, 1979-1980an egin nuen soldadutza, eta itzuli nintzenean herrietako kronikak ez beste artikulu mota batzuk idazten hasi nintzen. Elixabete Garmendia, Lourdes Auzmendi eta Pilar Iparragirre zeuden orduan aldizkarian. Zuzentzaile lanetan ere ibili nintzen. Aitzitik, ezker abertzaleko bi aldeen –Herri Batasuna eta Euskadiko Ezkerra– arteko gatazkek giroa nahastu zuten erredakzioan. Ni ez naiz gizon politikoa. Ez nuen hizkuntza hori menderatzen; batzuek bazekiten hitz egiten, nik ez.

Bestelako lan baldintzak nolakoak ziren orduan Argia-n?
Eskasak. Ikasketak egin bitartean aritzeko ongi, baina bizimodua ateratzeko ez ziren nahikoak. Argia-k harpidetza bidez funtzionatzen zuen eta jende askok ez zuen ordaintzen.

Alde egin zenuen.
Bai, 1981. urtearen bueltan Eusko Jaurlaritzaren beka bat jaso nuen eta koma puntuazio markaren erabilerari buruzko ikerketa egin nuen. Amatiñok zuzendu zuen ikerketa hura.

Felix_Ibargutxi(2)Komak ongi erabiltzen ikasi al zenuen?
Nik bai, ustez. Besteen akatsak ikusten ditut, baina ez da zientzia zehatza eta malgutasuna errespetatu behar da. Lege nagusi bat badago, halere. Zalantza izanez gero, hobeto koma jartzea, irakurlearen bidean makulu eta seinale baitira.

Habe-ko aldizkarian geldialdia egin zenuen El Diario Vasco-n hasi baino lehen.
Nire izena zabaldu zen nonbait eta Habe aldizkariaren buru Jose Anjel Gonzalez de Txabarrik deitu zidan hura zuzentzeko. Hasi nintzen baina lehenengo alean dimititu egin nuen zuzendari gisa.

Zergatik?
Nik Juan Kruz Jaka zumarragarrari egindako elkarrizketa bat egina nuen eta Carlos Garaikoetxea lehendakariari egindako bat atera zen haren ordez. Amorratu egin nintzen eta duintasun erakustaldi bat egin nuen. Aldizkari instituzionala zen eta agian bere logika bazuen lehendakariari egindako elkarrizketa argitaratzea lehenengo alean.
Zuzendari izateari utzi nion arren, praktikan aldizkaria koordinatzen jarraitu nuen. Euskara ikasten ari zen jendeari zuzendutako aldizkaria izateaz gain, gauzak kontatu nahi genituen. Ni saiatu nintzen Euskal Herriari lotutako gaiak ateratzen, gai berriak eta ezezagunak ere ekartzen genituen. Esate baterako, Arabako Añanako gatzagari buruzko erreportajea egin nuen. Niretzako ezezaguna zen toki hura, ez lekua zen.

1986an Habe-tik El Diario Vasco-ko Zabalik gehigarrira.
Bai, euskal kazetari baten bila ari zirela jakin nuen Sebastian Valencia lagunak esanda. Gehigarrien aroa zen. Gaztelaniaz ari ziren egunkarien artean euskarazko gehigarriak egiteko joera zegoen. Diario Vascok ere hala egin nahi izan zuen eta han hasi nintzen, autonomo bezala, gehigarri bakoitzeko hainbeste irabazten.

Nolako gehigarria egin zenuten?
Produktu ona izan zen. Kolaboratzaile onak izan genituen: Pako Aristik erreportajeak egiten zituen, Xabier Mendiguren Bereziartuk nazioarteko gaiak jorratzen zituen eta sukalde lana ere egiten genuen.
Ezin genituen politika gaiak landu eta, batez ere, kulturari heldu genion; kulturari eta herriari, lurrari, historiari. Euskal Herriari lotutako gehigarria izan zen. Nire karrera osoan lehengo jendearen ahotsa eta herriaren memoria jasotzea konstante bat izan dira. Asko interesatu izan zait beti lurra, lurra bera. Orain denok gara zaleak, baina garai hartan baserritar eta zaharren kontuak gutxietsi egiten ziren.

Zabalik gehigarria bertan behera geratu zen 1992an eta zuk aipatu dituzun «zure gai» horiek lantzen jarraitu duzu Diario Vascon otsailera arte.
Bai, erredakzioan integratuago lan egiten hasi nintzen. Egunero orrialde bat egiten nuen, Gizartea atalekoa. Azpiko aldean Txomin Garmendiaren idatzia eta goikoan nik egunero euskara edo euskal kulturaren inguruan idatzitako prentsaurreko edo aurkezpen baten emaitza.

Garmendia aipatu duzu, ahozkotasunetik zetozen herri kontalariei tokia egin zenien DV-n.
Auspoa argitaletxea sortu zuen Antonio Zabala jesuitarekin harremanetan jarri nintzen herri kontalari haiek eta bertsolariek tokia izan zezaten DV-n. Egunkarian hasi nintzenerako Zabalak bazuen bere tropa. Manuel Lasartek eta Txomin Garmendiak lanak bidaltzen zizkioten Zabalari eta hark garbira pasatzen zituen. Gero nik editatu eta DV-n argitaratzen nituen. Auspoan altxor bat zegoen. Azken boladan beste kontalari handi bat ezagutu dut: Nikolas Zendoia. Jakintsua da jende hori guztia eta nik zorte handia izan dut ezagutu ditudalako.

Lehen aurkezpenak eta prentsaurrekoak aipatu dituzu. Nolakoa zen liburu aurkezpen bat 1980ko hamarkadan?
Kultura sailean ez zegoen nire ordezkorik eta euskarazko aleak aurkezten zirenean ni joaten nintzen. Alabaina, Bernardo Atxagak Etiopia (Erein, 1978) poema liburua ez zuen aurkeztu. Beranduago hasi ziren aurkezpenak egiten, Obabakoak (Erein, 1988) argitaratu ostean.
Nolanahi ere, prentsaurrekoa edo aurkezpena gauza automatikoak dira. Pertsona interesgarria bada, artikulua aterako da. Niretzat kazetaritzan landa lanak dauka meritu handiagoa. Hau da, erredakziotik kanpo norberak egindako lana.

Eta elkarrizketak?
Zapaturo elkarrizketa bat egiten nuen. Gogoan dut, bereziki, Ramon Saizarbitoriari egindako azkena. Ez du apenas elkarrizketarik egiten, eta esango nuke baiezkoa eman zidala lehendik ibilbide bat banuelako. Poza eman zidan. Iaz 50 urte bete ziren Egunero hasten delako (Erein, 1969) eleberria idatzi zuenetik, aurten publikatu zueneko urteurrena da.

Zer iritzi duzu egungo kazetaritzaz?
ETBk lorpen handia egin du euskararen normalizazioaren aldetik. Berria-k urrats handia egin du eta bide erakuslea da. Bere mugak ditu espazioari eta denborari dagokienez, baina presarik gabeko erreportajeak asko lantzen ditu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>