«Entrenamendurik gabe ez dago irabazterik»

Iban_Azarola

Iban Azarolak (Zumarraga, 1998) kirol modalitate bakarra praktikatzen du, baina, aldi berean, hiru kirol egiten ditu: triatleta da. Joan den igandean hasi du denboraldia. Aurretik, ordea, biatloian ibili da lehian.

Biatloi denboraldia nolako izan da?
Pertsonalki ondo joan da, eta emaitza onak lortu ditut. 23 urtez azpiko mailan, Gipuzkoako eta Euskadiko txapeldun izatea lortu dut, eta Euskadiko Zirkuitua irabaztea ere lortu dut. Taldeka ere Euskadiko txapeldun gelditu gara.

Espero zenituen horren emaitza onak?
Taldeka bai, talde oso ona dugulako. Aurten, ikasketak direla eta, Gasteizko Triatloi Taldearekin nabil lehiatzen, eta oso talde profesionala da.

Biatloian ia dena irabazi duzu aurten. Zein da sekretua?
Entrenatzea, ez dago besterik. Posible da asko entrenatu arren ez irabaztea, baina entrenamendurik gabe ez dago irabazterik.

Astean zenbat ordu entrenatzen dituzu?
20–25 bat ordu. Denboraldiaren faseen arabera, gehiago edo gutxiago entrenatzen dugu. Entrenatu beharreko modalitatearen arabera ere aldatu egiten da, ez baita berdina bizikletan ibiltzea edo igerian.

Entrenamenduak zer moduz uztartzen dituzu ikasketekin?
Saturatu samar ibiltzen naiz, baina planifikazio egoki batekin dena egin daiteke. Jakin egin behar da noiz ikasi eta noiz entrenatu. Halere, argi dut nire lehentasuna ikasketak direla.

Zer ari zara ikasten?
Jarduera fisikoaren eta kirolaren zientziak.

Etorkizunean triatloi munduan lan egitea gustatuko litzaizuke?
Txikitatik gustatu zait irakaskuntza mundua, baina ez ditut beste aukerak alboratzen. Azkenean, triatloi mundua asko gustatzen zait, eta horri lotuta jarraitzea ederra litzateke.

Biatloi denboraldia amaituta, triatloi denboraldia hasi da. Emaitzak errepikatzeko aukera ikusten duzu?
Igerilekuan ordu asko sartu ditut aurten, eta uste dut aurrerapausoa eman dudala. Uretatik aurrean irteten banaiz, lasterketak aurrean amaituko ditut. Baina, hor daude hasi aurreko urduritasun horiek, ea egindako lanak zer fruitu ematen duen. Gainera, igerilekuan entrenatu behar izaten dut, eta itsasoaren aldean oso desberdina da.

Noiz arte luzatzen da triatloi denboraldia?
Irailera arte, gutxi gorabehera. Ia astero izaten da proba bat, eta udan atseden txiki bat hartzen dugu.

Noraino heltzea gustatuko litzaizuke?
Ironmanak, Olinpiar Jokoak… hitz potoloak dira. Espainiako txapelketetan nire burua probatzea da orain nire helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>