Berrogei urte hauteskunde, 146 alkate

Alkateen zerrenda

Maiatzaren 26an demokrazia sistemako 11. udal hauteskundeak egingo dira. 1979an izan ziren lehenengoak, eta 40 urte beteko dira, horrenbestez. Bitarte horretan, 146 lagunek gidatu dituzte eskualdeko 23 udalak eta ehunka askoz gehiagok osatu udalbatzak. Emakumeak alkate 24 izan dira (%16). Sei herritan soilik ez dute izan herriko lehen agintaria emakumezkoa: Beasain, Idiazabal, Lazkao, Olaberria, Zaldibia eta Zumarragan.

Agintaldi ugari egin dituzte udalburu batzuek (bosteraino, gehienak), eta hilabete gutxi batzuk egon dira alkate bestetzuk. Azken agintaldietan, oso bakanak dira bi baino gehiago iraun dutenak.

Patuak eta paktuak, bietatik suertatu dira aldaketen eragile, agintaldi hasieran (botoen baturagatik) nahiz erdian (zentsura mozioak tarteko). Alkateen heriotzak edo gaixotasunak batetik, alderdien arteko —eta barneko— itunak eta ezinulertuak, bestetik.

Goierriko ehunka udal hautetsi elkartu ziren Araman 2016ko apirilaren 16an.

Goierriko ehunka udal hautetsi elkartu ziren Araman 2016ko apirilaren 16an.

Kolore bakarrekorik ez

Politika orokorrak ere zipriztindu ditu, noski, Goierriko udalak. EAJk 10 eta 15 alkatetza izan zituen lehen bi agintaldietan. Baina 1987an, EAk eskuratu zituen hamar alkatetza (1986an banatu zen EAJtik). 1999an, biek koalizioa osatuta, 9 herritan agindu zuten.

XXI. mendean sartutakoan lehen bi agintaldiak Espainiak HB eta Euskal Herritarrok (1999an lau alkatetza lortu zituen) legez kanporatzeak markatu zituen. 2003an erabat desagerrarazi zuten ezker abertzalea udaletatik (Zaldibian izan ezik, Aralarrekin). 2007an, ANVri udal batzuetan aurkezten utzi zioten, eta lau alkatetza erdietsi zituen.

1979-2015 kronologiari begira, gauza bat dago garbi: kolore politiko bakarreko udalerririk ez da. Guztietan gobernatu dute alderdi edo ildo ideologiko bat baino gehiagok. Alkate gehien Ataunek eduki ditu aldi horretan: 10. Gutxien, Altzagak (1991n eratu zen berriz udalerri gisa) eta Idiazabalek: hiru.

Ezkio-Itsason 2007-2011 aldian hiru alkate izan zituzten. 2015-2019an, berriz, bi udal.

Maiatzaren 26ak marraztuko du hurrengo historia-irudia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>