Iraia Oiartzabal eta Nagore Belastegi

Iraia Oiartzabal

Azken hilabeteetan hauteskunde kanpaina etengabe batean bizi naizen sentsazioa daukat. Apenas pasa dira bi aste hauteslekuetara joan ginenetik espainiar Estatuan nork ordezkatu nahi gaituen adierazteko, eta bi aste barru berriro joango gara bozak eskuetan ditugula, oraingoan gertuko ordezkariak aukeratzera. Hauteskundeak etorkizunari begiratzeko hitzordu bezala ikusten ditut, nolako geroa nahi dugun irudikatzeko ariketa garrantzitsu gisa. Irudipena dut, ordea, azken aldian iraganari begira jarri nahi gaituzten haizeak dabiltzala. Haize atzerakoi eta autoritarioak. Zorionez, gurean, Euskal Herrian, ahul dabil haize hori. Horregatik, despistatu gabe eta arriskuak begi bistatik galdu gabe, aurrera begiratzen jarraitzeko gonbidapena egin nahiko nuke. Batzuek etxean, kalean zein lantokian patriarkatuaren menpe nahi gaituzte emakumeak, guk ordea argi daukagu beste gizarte eredu bat nahi dugula eta sexismoari boteretze kolektiboarekin erantzun diogu. Etorkinak etsaitzat hartzera behartu nahi gaituztenen aurrean herrien arteko besarkada erraldoi batekin erakutsi dugu beste migrazio politika bat nahi dugula, giza eskubideetan oinarrituko dena. Aberastasuna modu justuan banatu nahi dugula, lan baldintza duinak nahi ditugula gure artean bizi diren guztientzat, osasuna eta hezkuntza eskubide ukaezinak direla… Oiartzabal-BelastegiErronka horien aurrean, neurri batean behintzat, ezberdin ari da erantzuten Euskal Herria. Gure etorkizuna guk erabaki nahi dugulako.

Nagore Belastegi

Diozun bezala, gurean gutxi dira ideia atzerakoi horiek dituztenak, baina Estatuan asko izan dira. Beraiek uste zutena baino gutxiago; nik uste nuena baino askoz gehiago. Ezin dut digeritu Erdi Aroko ideiak dituztenak gure artean bizi direla. Atzerago joko dut: troglodita hutsak dira. Viggo Mortensen aktoreak gutun bat zabaldu du ideia horiek dituen alderdiak Eraztunen jauna trilogian antzeztu zuen Aragorn-en irudia erabili zuelako, eta ez zaiolako zilegizkoa iruditzen pertsonai horren ezaugarrien kontrakoak diren ideiak zabaltzeko erabili izana. Izan ere, Aragorn-ek Erdialdeko Lurraldeko arraza, ohitura eta hizkuntza guztien arteko elkarbizitza aldarrikatzen du. Sareetan zabaldu zen irudian heroiak borrokatzen zuen feminismoaren, hedabideen, korronte politikoen, banderen eta koloretako mamu baten kontra, LGTBI kolektiboari erreferentzia eginez. Sufritzen duenari beti umorea gelditzen zaionez, kolektiboak mamua iraintzat hartu beharrean, euren ikono bilakatu dute; ziur trogloditen tripako mina eragin dutela. Gurera itzuliz, alderdi horren aldeko bozka eman duten gutxi horiei eskatuko nieke enpatia pixka bat izateko, eta pentsatzeko zein gaizki sentituko diren emakumeak, atzerritarrak eta LGTBI kolektiboko kideak ikusten dutenean pixkanaka eraikitako bidean harriak erortzen ari direla. Baina jakin dezatela noizbait pauso bat atzera ematen badugu, indarra hartzeko besterik ez dela izango, eta harri guztiak gaindituko ditugula.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>