Fatima Hacine-Bacha

Antxiñe MendizabalEzbehar batek egin du bere izena azken asteotan ezagun. Gazte talde batek hamazazpi urteko semea jipoitu eta hil ondoren, komunikabide guztiek jaso dituzte bere adierazpenak: erasotzaileen jatorrian azpimarra jarri eta sarea mezu xenofoboz bete ondoren, gorrotorik eta arrazismorik suspertu nahi ez duela esateko ahotsa altxatu du Fatimak. Bere aitaren familia aljeriarra da eta ondo ezagutzen du bi gizarteen arteko aldea, baita gurean bizi diren gazte etorkinen errealitatea ere.

Gertaera komunikabideen bitartez jakin nuenean, ikusi berri neukan Miguel Angel Vivasen Tu hijo filma, Santi Cocari eginiko antzeko erasoa kontatzen duen istorioa. Filmaren gordintasunak eta mutil jipoituaren aitaren pertsonaiaren egiazkotasunak etxeko guztiak txunditu gintuzten. Gorrotoak akuilatuta, mendeku hartzea erabakitzen duen aitaren larruan jarri ginen une batez guztiok.

Ez nuen, ordea, pentsatuko Santi Cocaren heriotza horren gertuko izango nuenik, harik eta Fatimak esan zidan arte Santiren ama zela. Bi urte dira Fatima ezagutzen dudala, astelehenero elkartu ohi gara taldean gure nahiei, ezinei, ametsei bide eman eta bizitzari dantza egiteko. Ikasten ari gara hitzik gabe gorputzari adierazpidea ematen. Esperientzia ederra bezain berritzailea izaten ari da.

Astebete da Santi hil zela, eta atzo bertan saioak berrartu nahi zituela esan zigun Fatimak. Ikusi orduko, besarkada estu bat baizik ez zitzaidan atera. Zer moduz zegoen galdetuta, lasaitasunez esan zigun gorrotorik ez duela sentitzen; tristeziak, bai, harrapatzen omen du, eta oroitza-
penek gainezka egiten omen diote.

Biribilean elkartu eta semea bizitza eta heriotzaren arteko muga lauso horretan egon zen ingurukoak azaldu zizkigun ondoren, natural, minik gabe, semea «beste era batera» baina gure artean dagoen uste osoarekin. Edonola, ez zuen solasaldia gehiegi luzatu eta dantza egitea proposatu zigun: musikaren soinuan, kontzientzia hedatzeko ariketa bat. Zer egin behar genuen, edo zer lortu behar genuen oso ongi jakin ez, eta arrazoia alde batera utzi eta gorputzari hitz egiten utzi genion, nork bere erara.

Atzo beste behin ohartu nintzen gorputzak susmatu ere egiten ez ditugun hamaika mugimendu egin ditzakeela, gorputz atalak melodikoki edo erritmikoki, armoniaz edo nahas-mahas, modu hedagarrian edo uzkur, nahiera mugituz; gure aurpegierak oraindik deskubritu gabeko keinuak marraz ditzakeela; gure bihotzaren taupadek erritmotik arritmiara berehalako batean jauzi egin ditzaketela; arnasa estu edo lasai hartuz gogoa aldatu egiten dela. Transzendentziaren bila, eman genion adierazpidea bizitza-heriotza binomio banaezinari.

Bizitzako hainbat gertaera zail ulergarri egingo duten filmak ikusten eta liburuak irakurtzen jarraitzen dut, arrazoiak hala eskatzen didalako, gorputzak ordea gero eta gehiago eskatzen dit dantza egitea. Eskerrik asko, Fatima, dantza-pauso berriak ematen laguntzeagatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>