Olegiko erle umoretsua

Patxi Iraola Garmendia bertsolaria (1933-2019), duela hamar urte Zaldibian.

Patxi Iraola Garmendia bertsolaria (1933-2019), duela hamar urte Zaldibian.

Herri kultura zeukan Patxi Iraolak, eta herri bertsolaritzan gozatu eta gozarazi zuen gehien. Herri jakintza handikoa, herri maitea eta herri sen zorrotzekoa. Horregatik maite zuen —eta du— herriak ere. Iraola oroitu dute ingurukoek.

Lazkao Txikiri joan omen zitzaizkion behin erreportaje bat egin nahi ziotenak. «Nire berri jakin nahi al duzue? Bada, galdetu iezaiozue Patxiri», erantzun zien, bizi. Rufino Iraolak gogoratu du pasartea Segura Irratiko Itaka saioan. Anaia zaharrena zuen Patxi Iraola; «baserritarra, bertsolaria, obreroa eta kontalaria».

Jesus Eskisabel Jainkoa lazkaotar-legorretarrak xaxatu zuen Iraola bertsotan has zedin. Aitaren lehengusua zen. 1964an ekin zion jendaurrean, eta Florentino Goiburu idiazabaldarrarekin bikotetu zen asko. «Bertsoa gustatzen zitzaion, horretan gozatu zuen eta eman zuen bizitza. Patxi bertsoarentzat bizi zen, eta bertsoa zen Patxiren bizitza», gogoratu du Rufino Iraolak.

Gustatzen zitzaiolako, gustura kantatzen zuen. «Sekula ez zen bertsotan aspertuta aritzen. Grazia egiten zuen, irteerak zeuzkan. Berak gozatzen zuenean, besteek ere gozatu egiten zuten».

Kantu-lagunen laguna

«Esatari aparta» zela esan du Iñaki Muruak, Segura Irratiko ‘Bixi-Bixi’-n. «Bera asko entzun dugu, baina berari buruz gutxi». Bide-erakusle izan zuten gazteagoek: «Hasi berritan itzain, artzain, maisu. Ikasteko aukera ederra izan dugu berarengandik. Denborak erakutsiko digu zer esatari eta lagun ona zen, zenbat hutsune betetzen zuen, zenbat lan egiten zuen isilka, inor ohartu gabe. Husten ez zen kupela, agortzen ez zen harrobia», oroitu du Muruak.

Euxebio Igartzabalek ere bertsolari gazteen bilatzaile iaiotzat gogoratu du Iraola ‘Itaka’-n. «Bertsozale aparta zen. Bera baino zaharragoekin oso ondo konpontzen zen, eta urtez askoz gazteagoekin ere bai. Gizarte honen gaitzak ondo esplikatzen zituen».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>