Normaltasunaren indarra

Joseba ImazBadira pertsonak beren eguneroko lana normaltasun aura erabatekoarekin egiten dutenak. Lorpen pertsonal eta profesional handienak ere apaltasunez bizi dituztenak. Celebrity-ak, aberats goiztiarrak eta youtuberrak masa idolo bihurtu diren garaiotan, lan onaren indarra aldarrikatzen dute beren jardunarekin. Balioak, profesionaltasuna, jarrera zentzudunak. Ingurukoentzat erreferentzia isila bihurtzen dira askotan, agian beste batzuk adinako dizdirarik ez badute ere.

Honetan guztian pentsatzen aritu naiz GoiBerri-n Felix Ibargutxiri egindako elkarrizketa irakurtzen ari nintzen bitartean. Jubilatu berria da kazetari legazpiarra eta bere ibilbide profesionalari errepasoa egin dio solasaldi interesgarri batean. Bere erreportaje eta elkarrizketetan «herriaren memoria jasotzeko» egindako ahalegina aipatzen du Ibargutxik. Eta baita lortu ere. El Diario Vasco egunkarian argitaratutako aleak horren lekuko dira. Euskal Herriari, euskal kulturari eta gizarteari buruzko makina bat artikulu interesgarri idatzia da Ibargutxi, hots handirik atera gabe.

Kazetari lanean Felixekin hainbat prentsaurreko eta ekitaldi konpartitu izan ditut. Beti izan du jarrera abegikorra gainontzeko lankideekin, beti laguntzeko prest, baita kazetari hasiberrien zalantzak argitzeko garaian ere. Susmoa daukat sarritan gutxietsi izan direla bere artikuluak, ziur asko euskara, baserri mundua eta herri ohiturei eskaini dielako arreta berezia. Gizarteak orohar garrantzi handiegirik ematen ez dien gaiak, guztiak ere. Elkarrizketan legazpiarrak berak aipatzen du «memoria» eta «lurra»-ri lotutako gaiak asko interesatu izan zaizkiola; «orain denok gara zaleak, baina garai hartan baserritar eta zaharren kontuak gutxietsi egiten ziren». Besarkada bat eta jubilazio gozagarria opa dizut, Felix, lerro hauen bitartez.

Lan onaren eta konstante izatearen garaipen handia izan da, baita ere, Granadako Los Carmenes estadioan Realeko neskek lortutakoa. Kinieletan inork gutxik beren aldeko apustua egiten zuenean, norberarengan sinestea bezalakorik ez dagoela gogorarazi digute Gonzalo Arconadaren jokalariek. Hala esan die Ane Etxezarreta erdilari beasaindarrak, garaipena ospatzeko Murumendi Eskolan egin dioten omenaldi ederrean, aurrean zituen eskola-umeei: «Amestu, sinestu, borrokatu».

Buruko ilean kilo bat gomina eta kontu korrontean kilo kopuru estratosferikoa batzen duten jokalarien garaian, futbol-zelaia ia antzerki taula gisa hartzen duten futbolari handiusteen lekuan, haize bolada freskoa iritsi zaigu Sierra Nevada menditzarraren magaletik. Kirolaren balio ederrenetako batzuk birizik dirautela erakutsi digute eta, ez hori bakarrik, kirola gertu sentitu ala ez, ikuskizunarekin izugarrizko gozatua hartu du herritar askok eta askok. Realeko nesken garaipenak talde-lana, apaltasuna, berdintasuna eta kirolatasuna aldarrikatzen ditu eta gizonezkoen futbol profesionalaren inguruan sortutako show mediatikoaren alderdi lotsagarrienak agerian uzten ditu.

Bide batez, Ane Etxezarreta eta bere kideek gogorarazi digute oraindik asko dagoela egiteko berdintasunaren alorrean. Kirolean, gizarteko hainbat alorretan bezala, badagoela zer hobetu emakumezkoen baldintza duinak eta garapen profesional eta pertsonalerako aukera berdintasuna bermatzeko garaian. Zale txuri-urdinen egun hauetako pozak eta energiak, agian, errealitate hori aldatzen lagundu dezake. Berdintasun falta ezin dugulako gauza normaltzat hartu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>