«Oso lehiakorra naiz, baina irabaztea ez da obsesio bat»

Oier Larranaga

Oier Larrañaga (Lazkao, 2002) hasi berria da mendi lasterketen munduan, baina emaitza onak ari da lortzen Goierri Trail Kopan, lider postuan dago. Igandean, Zegama Aizkorri junior trailean ere parte hartuko du.

Zein helburu duzu?
47 minuturen inguruan ibiltzea gustatuko litzaidake. Ditudan erreferentziekin, uste dut hor ibiliko naizela.

Zein aurkari izango duzu?
Jon Etxeberriak eta Jon Zeberiok ere parte-hartuko dute, eta beraiek ere azkarrak dira. Halere, aurkariak baino lagunak dira gehiago. Ezagutzen ez ditudan korrikalari fin gehiago ere egongo dira, ziur.

Aurkariek kezkatzen zaituzte?
Mutil lasaia naiz, eta lasterketen aurretik ez naiz urduri jartzen. Gainera, sasoiko ikusten dut nire burua, entrenamendu onak egin ditut, eta seguru naiz lan txukuna egingo dudala.

Egia esan, denboraldi ona osatzen zabiltza. Liderra zara esprint mailako Goierri Trail Kopan.
Egia esan ez nuen espero horren aurrean ibiltzea. UZ Trailen lan txukuna egin nuen, baita Arriaranen ere, eta orduan esan zidaten sailkapen nagusian lehendabizikoa nintzela. Segura-Zerainen bigarren egin nuen, eta lidertza sendotzeko balio izan zidan; hasieran ez nuen helburu argirik, baina aurrean nagoela ikusita, kopa irabazi  nahi dut.

UZ Trailen eta Arriaranen hirugarren izan zinen, eta Segura-Zerain lasterketan bigarren. Ezin irabazteak amorrua ematen du?
Podiumean sartzea oso emaitza ona da, baina amorrua ematen du lehendabizikoa ez izateak. Aldapan behera dut hobetu beharra, baina gaztea naizenez oraindik badut tartea.

Zer da zuretzat irabaztea?
Oso lehiakorra naiz, baina irabaztea ez da obsesio bat. Amorrua ematen dit beti garaipenaren lehian ibili eta ezin lortzeak, baina badakit podiumean egotea emaitza ona dela.

Zergatik mendi lasterketak?
Bizikletan ibiltzea asko gustatzen zait, eta orain arte futbolean aritu naiz, baina korrika gozatu egiten dut.

Ikasketak eta entrenamenduak ongi uztartzen dituzu?
Azterketa garaian entrenamenduekin larriago ibili naiz, baina ongi joan dira. Kirola maite dut, eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua ikasi nahiko nuke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>