Bi aldiz hilak eta ehortziak

1936KO_GERRA_ERORIEN_HARAN

Soldaduen gorpuzkien kutxak Cuelgamurosen barrunbeetan sartzen.

Iturri batzuen arabera, frankismoaren ohorerako eraikitako Erorien Harana monumentuan, 1936ko gerran hildako 33.847 soldadu daude. Horietatik 12.000 inguru, alde errepublikazalean jardun zirenenak direla kalkulatzen da. Eusko Jaurlaritzaren Gogora institutuak lehengo astean argitaratu zuen erroldaren arabera, 12 goierritar daude han.

Gerra irabazi eta hurrengo urtean, 1940an agindu zuen Francisco Franco estatuburu faxistak Erorien Harana eraikitzeko, San Lorenzo del Escorial udalerriko (Madril, Espainia) Cuelgamuros bailaran, Guadarramako mendizerran. 1958an inauguratu zuten.

Hasieran, Francoren aldeko tropetan hildako soldaduak hartzea zen asmoa. 1952an, zerrenda bat prestatu zuten haien izenekin probintziaka, non ehortzita zeuden eta lekuz aldatzeko familiaren baimenik ba ote zen zehaztuta. Nahi zen arrakasta guztira iritsi ezinik, 1957an errepublikazale hilak ere jasotzeko dekretua atera zuten —bukatzear zen mausoleoa–.

1959ko martxoan hasi ziren Cuelgamuroseko Haranera soldaduen gorpuzkiak eramaten. Gasteizko Santa Isabel hilerritik, adibidez, 316 gorpu atera eta 146 eraman zituzten (29 identifikatuta eta 117 gabe).

Gipuzkoatik 239

Gipuzkoan, 1959ko martxoaren 24an eraman zituzten lehen hezurrak, 16 pertsonarenak. Diputazioaren kamioi batek bildu zituen herririk herri —tartean Beasainen—, 19:00etarako Erorien Haranera iristeko.

Gogora institutuaren arabera, Gipuzkoatik 239 pertsonaren gorpuzkiak eraman zituzten Francoren monumentura, 1959an, 1962an eta 1963an, hiru bidaiatan. Horietatik 11 identifikatu gabeak dira. Kanpoan hildakoak batu behar zaizkie horiei. Denera, 12 goierritar daude identifikatuta.

Erorien Haranean izendun goierritarrak

  • Lucas Azurmendi Imaz. Ataundarra. Gasteizko hilerritik eraman zituzten haren hezurrak, 1959-11-14an.
  • Justo Aguado Baza. Beasaindarra. Beasaindik lekualdatu zuten gorpuzkia, Gipuzkoako Gobernu Zibilaren baimenarekin, 1959-3-24an.
  • Lino Martin Zambudio. Irundarra, Gabirian bizi zen. Irundik eraman zituzten hezurrak, 1962-7-5ean, aitaren baimenez.
  • Juan Erauskin Azarola. Gabiriarra. Gandesatik (Tarragona) eraman zituzten hezurrak, 1959-3-28an. Amaiurren gudari izana, Francoren tropan hil zuten.
  • Juan Arrieta Galparsoro. Idiazabaldarra. Gasteizko hilerritik eramana, 1959-11-14an.
  • Leonardo Garmendia Lasa. Itsasondoarra. Tolosan bizi zen, eta hango hilerritik lekualdatu zuten, 1962-7-5ean. Fitxan Lorenzo izena ere ageri da.
  • Jose Arregi Lasa. Olaberritarra. Mondarizko bainuetxetik (Pontevedra) eraman zituzten hezurrak, 1959-4-27an.
  • Lucas Ugarte Plaza. Ordiziarra. Tolosan bizi zen, eta handik eramana 1962-7-5ean.
  • Jose Mendizabal Berasategi. Ormaiztegiarra. Gandesatik (Tarragona) eramana, 1959-3-28an.
  • Antonio Aierbe. Segurarra. Gasteizko hilerritik 1961-7-24an eramana.
  • Jose Aierbe Goikoetxea. Segurarra. Zaragozatik lekuz aldatua, 1961-2-2an.
  • Antonio Arrizabalaga Ugarte. Zumarragarra. Zaragozatik eraman zuten, 1961-2-28an. Errepublikazalea zen. Haren familiak hasiak ditu gorpuzkia Erorien Haranetik etxeratzeko tramiteak, 2018an Espainiako Kongresuan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>