Javier Cuembo gogoan

Antxiñe MendizabalIruñeko udal politikaren norabide aldaketa nabarmena izan da Navarra Sumak aginte-makila hartu duenetik. Antza, koalizioak aurreko agintaldian eraikitakoa desegitea baino proposamen hobeagorik ez du legealdi berri honetarako. Hiru hilabete barru Catalina de Foix kalea lehengora itzuliko da Ejertzitoaren ibilbidea bihurtuz, Erorien Monumentua eta haren ingurunea eraldatzeko arkitektura-ideien lehiaketarako prozesuarekin aurrerantzean zer gertatuko den ikuskizun dago, eta Sanferminetan herri ekimena sustatzeko taldeei leku nabarmenegia eman izan zaiela eta hirigunetik atera nahi dituzte.

Zorionez, Iruñean bertan bestelako historia bat gogorarazten diguten aztarnak badaude oraindik, ezkutuan bada ere. Javier Cuembo, 1936 sinadura Ezkaba mendiko San Kristobalgo gotorlekuko lur azpiko ziega bateko horma batean dago, tinta beltzez eta letra lodi eta zainduaz idatzia, denboraren joanak ezabatu aurretik bere presentzia oihu egin nahiko balu bezala.

Joan den Aberri Egunean bisitatu genuen lekua. Iruñea, zalantzarik gabe, kontrastez betetako hiria da. Egun berean bisitatu genuen Erorien Monu-
mentua. Aitortuko dut maite ditudala kontrasteak.

Ezkaba mendira iruindar asko joan ohi da txangoak egitera. Muinoa ez da oso erakargarria: goi-goian antena erraldoi batzuk daude eta gotorlekuak itxura beldurgarria ematen dio lekuari. Kartel xume batek gotorlekuaren historia kontatzen du, frankismo garaiko Espainiako espetxe gogorrenetako bat izan zen. Gaur egun, Espainiako Defentsa Ministerioaren jabetza da eta ezin da barrura sartu. Halere, eta jakin-minak akuilatuta gotorlekuari itzulia eginez gero, murruan dauden eskaileretatik sar daiteke lubakira eta ikus daitezke hainbat galeria, korridore eta gela. Hormetako irekiduretatik iluntasuna besterik ez da ikusten. Sufrimenduaren hatsa halere harrietan itsatsita dago.

Karteletako batek gotorlekutik 1938ko maiatzaren 22an ihes egin zuten presoen ibilbidea egitea proposatzen du. Muinoa inguratzen duten amildegiek ihesaren arriskugarritasuna agerian uzten dute: ihes ala hil, pentsatuko zuten askok.

Ezkabako muinoan geundela etsigarri samarra izan zen Botilen Hilerriari buruzko galdera egin eta inork erantzun ez izana. Hortaz, gure kabuz jarraitu genuen peskizan. Hilerria muinotik metro gutxi batzuetara dago, maldan behera. Gotorlekuan hiltzen ziren presoak lurperatzen zituzten bertan, euren izena botila batean sartuta, etorkizunean baten batek berreskuratuko zituen itxaropenarekin.

Zorionez, Euskal Herrian gero eta lagun gehiago ari dira lanean frankismoaren memoria berreskuratzen. Guk 1936. urtean San Kristobalgo gotorlekuko ziega krudel batean itxi zuten Javier Cuembo izeneko preso baten izena berreskuratu dugu, bere oroitzapenaren bitartez preso haien guztien memoria aldarrikatzeko, zentsura garai zahar-berriak etorriko diren beldur.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>