Aitor Calvillo eta Axier Iriondo

Aitor Calvillo

Espainiako futbol ligak euskaraz hitz egingo du aurten. Gustura irakurriko genukeen titularra, ezta, Axier? Bada, gizonezkoen lehen mailan behintzat, notizia hori egia izan litekeela pentsatzen edo amesten hasigintezke. Garitano, Alguacil, Mendilibar, Arrasate eta Garitano izango ditugu hurrenez hurren, Alaves, Reala, Eibar, Osasuna eta Athletic-eko entrenatzaileak. 20 taldetako ligan 5 Euskal Herrikoak, eta bost horietako bost misterrak euskaldunak.

Espainiako Futbol Federazioak ere zerbait pentsatzen hasi beharko du, ezin baita berriro gertatu orain urte batzuk Gaizka Garitano Eibarreko entrenatzaile zela Almerian gertatutakoa. Gogoan ez baduzu, 2015eko apirilean, Euskal Herriko komunikabide batentzat lanean ari zen kazetari batek, partida osteko prentsaurrekoan galderak euskaraz egin eta Garitanok hizkuntza berean erantzun bezain pronto, bertako kazetari pare batek espainolez erantzuteko aldarrikatu zioten. Garitano altxatu eta joan egin zen. Espainia aldean apenas izango zuen oihartzunik gertatutakoak, baina guri entrenatzaileak orduan lezio ederra eman zuela iruditu zitzaigun. Horrelakorik errepikatuko al da 19/20 denboraldiko nonahiko prentsaurrekoan? Ala talde bakoitzak hizkuntza irizpideak zehaztuko ditu ligako errealitate linguistikoa ikusita? Euskara ez erabiltzea derrigortuko al dituzte aipatu bostak? Nafarroa, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian ez al da horrelakorik gertatuko behintzat! Hemengo kazetariek ere zer pentsatua izan beharko lukete, Calvillo-Iriondoeta euskaltegietara etortzen hasi, akaso!

Behin amesten hasita, ezta?

Axier Iriondo

Askotan aurrerapenak ikusteko nagia izaten dugu, baina, garbi dago, gaur egun, Euskal Herrian lan egiten duen euskararik gabeko kazetariak hutsunea duela eta, arlo eta tokiaren arabera, handia izango da edo zirrikitua. Gutxitan gertatzen da, euskarazko titularrek eragin handi samarra izatea. Jaime Otamendik esaten zuen Xabier Arzalluzek euskarazko hedabideekin lasaiago hitz egiten zuela eta gaztelaniaz esaten ez zituenak esan, ba omen zekielako, hor horrela esandakoak ez zirela urrunegi iritsiko. Agian hori ere aldatzen ari da. Miquel Icetak, Berria-n, erreferendumari buruz edo Egibarrek, Euskadi Irratian, Nafarroako gobernurako negoziazioei buruz, euskaraz, argitaratutakoek zabalkunde dezentekoa izan zuten, Portugal eta Euskal Herriaren artean dagoen joko-zelaian.

Gogoan dut duela urte batzuetako beste bat. Josu Jon Imazen EBBko agintaldia bukatzera zihoan, eta zalantza zegoen, berriz, aurkeztuko zen edo ez. Zarauzko ekitaldi batean, Xalbadorren bertso baten pasartea bota zuen, interbentzioa bukatzeko: «Txistuak jo dituzute baina, maite zaituztet orainik». Agur kutsu nabarmena zuten hitz horiek eta Berria-k, esaterako, horrela adierazi zuen. Erdarazko medioak, berriz, ez ziren ohartu ere egin.

Bukatzeko, konturatzen ari naiz gizonak eta jeltzaleak asko aipatu ditudala. Ez daukat aitzakiarik. Horrela atera zait.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>