Lasterketa bat baino gehiago

8-Ehunmilak

Ehunmilak eta Goierriko Bi Handiak ultrek bizitza aldatu diete hainbati. Beste bizimodu bat mota bat sortu da Beasainen, ezaugarri bereziak dituzten proba horien ondorioz.

Inkesta

  • 1.- Zer suposatu du Ehunmilak ultra-trailak zure bizitzan?
  • 2.- Zertan da desberdina Ehunmilak?
  • 3.- Zein probatan eta zenbat aldiz parte hartu duzu?
  • 4.- Aurtengorako zein helburu dituzu?

8-1-Amaia BarandiaranAmaia Barandiaran (Beasain, 1975)

1.- Gogoan dut Valdik aipatu zuenean Beasainen ultramaratoi bat antolatzeko bere ideia. Orduan ez nuen  pentsatuko uztaileko bigarren asteburua gure etxean gorriz markatua egongo zenik. Senarra antolakuntzan eta  laguntzen eta lasterketan parte hartzen. Azaroan izen ematea zabaltzen denetik –gainditu beharreko lehen oztopoa– asteburuko plan gehienak Ehunmilei begira egiten ditugu. Lagun onak egin ditut eta momentu paregabeak elkarbanatu ditugu.

2.- Desberdina da, batez ere, etxean korrika egiten dugulako, herri guztiak parte hartzen du modu batera edo bestera, eta herria batu egiten dela sentitzen duzu. Pultseratxoa janztearekin batera, oilo ipurdia ere jartzen zait.

3.- 2015ean eta 2016an Marimurumendin, eta 2017an eta 2018an G2H-n. Iaz, aurretik nekiena erakutsi ziguten: antolakuntza eta koordinazio ezin hobeko proba dela eta egoera okerrenetan ere, korrikalariak une oro babestuak gaudela.

4.- Aurreko urteetan bezala, helburua Beasainera iristea eta herrian sortzen den giro majiko hortaz gozatzea. Hala ere, orain arte lagun artean egindako lasterketa eta entrenamendu bakoitza da benetako lorpena eta benetan merezi duena.

8-2-Eriko AranburuEriko Aranburu (Beasain, 1975)

1.- Urteko helburu bat. Azaroan urruti eta erraza ikusten dena,  eta konturatzerako iritsi eta zaila bihurtzen dena. Garrantzi handiagoa ematen diot ibiltzeko sortu dugun talde onari.

2.- Herrian dela, giro aparta sortzen dela eta festa itzela bihurtzen dela bertako eta kanpoko jendearentzako. Herritarren inplikazioa, antolakuntza aparta…. edozein partaideri ematen zaion garrantzia, jendearen babesa. Paregabea.

3.-  Bi alditan bakarrik, eta G2H-an, 2017an eta 2018an.

4.- 21:59:59 segundo barruan egitea, eta ezin bada, arazorik gabe etxera! Beste helburu bat ere badut:  Javi Dominguezek Aizkorri baino lehen ez aurreratzea…[barrez]. 2017an Aizkorri igotzen pasa gintuen.

8-3-Itxaro MendizabalItxaro Mendizabal (Ordizia, 1977)

1.- Lehenengo ediziotik boluntario hasi nintzen, eta batez ere jendea ezagutzeko balio izan zidan. Bikoteak parte hartzen zuen garai haietan eta niri giroa gustatzen zitzaidan. Hori bai, denak erotuta zeudela pentsatzen nuen, ez nuen ulertzen horrelako lasterketak egiteko gaitasuna nola izan zezaketen…

2.- Parte sentiarazten zaitu. Gure ingurua da, gure mendiak, betiko lekuak… Beste lasterketak ez ditut asko ezagutzen, askotan kanpotik bizitzea lortu dudan arren. Ehunmilek badu zerbait berezia ordea. Ez dakit giroa den, boluntarioak, herrietako parte-hartzea…

3.- Aurreneko aldiz, Marimurumendin parte hartuko dut.

4.- Entrenamenduekin gozatzen ari naizen adina gozatuko banu lasterketa, zoragarria litzateke! Denboran bukatzea lortzen badut, ni pozik. Aurreneko aldia da maratoi batean parte hartuko dudana.

8-4-Hur EzeizaHur Ezeiza (Beasain, 1976)

1.-  Lasterketa ikusgarria da, ez 100 milako ultra bat delako soilik,  batez ere dagoen «rollo» onarengatik; jendea uneoro animatzen, boluntario pila bat, antolatzaileak burubelarri lanean, korrikalariak… Uda hasieran izaten da eguraldi onarekin batera; osagai guztiak ditu koktel perfektoa osatzeko. Beti helmugan inguruan egoten naiz, asko gozatzen dut giroaz.

2.- 10 urte daramatzagu helmuga parean lasterketa ikusten eta korrikalariak animatzen. Korrikalariak helmugara iristen ikustea hunkigarria izaten da, emozio hori kutsatuta sentitzen naiz eta horrek nolabait parte hartzera bultzatu nau.

3.- Aurten lehengo aldiz G2H burutzen saiatuko naiz, 2018an izena eman eta lasterketa bertan behera gelditu baitzen.

4.- G2H-n estreinatuko naizenez, oso argi dut lasterketa amaitzea da helburua. Eta horrekin batera, lasterketaz gozatzea  eta minik ez hartzea, familia bat atzean dudala beti buruan daramat eta. Egia esan G2Hko 88 kilometroei errespetu handiz begiratzen diet.

8-5-Sonia ReyesSonia Reyes (Beasain, 1972)

1.- Mendia ezagutzea, lehen asfaltoan ibiltzen nintzen. Beti buruan presente daukazun zerbait da, herriarekin oso lotuta dago. Erronka  bat izan da parte hartu dudan guztietan: lehenengo G2Ha taldean egin genuen, «pasada» bat izan zen; bigarrenean erretiratu egin nintzen; eta hirugarrena oso ondo.

2.- Beasaingoa izanda, barruan daukadan zerbait da. Herrira iristen zareneko poza, jendea nola «bolkatzen» den… Kanpoko lasterketetan ez dago horrelako girorik.

3.- G2H-n hiru aldiz atera naiz eta bi aldiz bukatu dut; aurtengoa izango da laugarrena. MMMn  beste bi aldiz atera naiz.

4.-Bukatzea, ondo bukatzea!

8-6-Aitor GarmendiaAitor Garmendia (Beasain, 1977)

1.- Ehunmilak proba mendia gustatzen zaion ororentzat amets bat egi bihurtzea da.

2.- Ehunmilak ultra-traila etxean delako da desberdina. Gainera antolaketa ikaragarria da.

3.- G2H-n behin, eta EHM-n 8 aldiz atera eta 6tan amaitu dut (iazkoa barne).

4.- Aurten aurrenekoz irteeran ez naiz izango. Denboraz justu ibili naiz eta ondo prestatu gabe eta ez gozatzeko, hobeto nago etxean. Inbidia ederra pasatzeko nago! Animo parte hartzaile eta boluntario guztiei!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>