Negarra

Garbiñe EtxanizEzinegona edo egonezina, badirudi gure hizkuntzak ezin argiago azaltzen duela zenbaitetan barruan sentitzen duguna. Ezinegona dugunean tentsioa sentitu ohi dugu, batzuetan estutasuna edo larritasuna ere bai, gure bizitzako egoeraren batek gaindituta senti gaitezke, frustrazioak harrapatuta. Sentitzen dugun horrekin egoteko eta horri buruz pentsatzeko denbora hartuz gero, gertatzen zaigunari bere lekua eman diezaiokegu batzuetan, baina gehienetan emozioei entzungor egiteko joera dugu. Halere, azken urteetan emozioen mundua garrantzia hartzen ari dela geroz eta nabariagoa da, eta gure egoera emozionaletan zehar nabigatzen ikasteko saiakerak geroz eta ugariagoak dira.

Nik neuk erraz egiten dut negar; egonezina sentitzen dudanean edozein aitzakia da ona negarrez hasteko; film, liburu edo abestiren bat izan daiteke lehen malkoaren iragarle. Negar saio on baten ondoren sentitzen den lasaitasuna handia da. Negar egitea bizitzaren alderdi mikatza onartzea da nolabait, aurka egiteari uztea, askatzea. Orduan, zergatik kostatzen zaigu hainbeste? Emozioak bizitzara egokitzen laguntzen diguten tresnak dira, eta emozio horiek itotzen ditugun bakoitzean egonezina handitzea baino ez dugu lortzen.

Bizitza bere ñabardura guztiekin onartzea ez da erraza, ezta? Bereziki negatiboak jotzen ditugunak, eta horrenbestez, baztertu egiten ditugu. Tristura ere bizitzako parte da, ezinegonarekin eta larritasunarekin batera. Litekeena da tristura bizitzako substantziarik preziatuenetakoa izatea; tristura edo ondoez sentimendu hori, ez al da egun batean gauzak beste era batera egiten hasi behar dugula erabakitzera eramaten gaituena? Arriskuak hartzera eramaten gaituena? Harago bilatzeko, berriro saiatzeko behar genuen bultzada ematen diguna? Hori da emozioei lekua ematearen onura.

«Badakigu negar egitea mesedegarria dela gure oreka mentalerako, bakean sentitzeko, baina ez gara ausartzen…»

Orain bost urte Hidefumi Yoshida irakasleak eskolak ematen zituen institutu batean. Negarrik egin gabe denbora asko zeraman ikasle bat negar zotinka hasi zen bat-batean. Negar-aspertu haren efektu terapeutikoekin harrituta, Yoshida irakaslea negarrak pertsonengan zuen eragina aztertzen hasi zen. Harrezkero, Yoshida irakaslea hango eta hemengo ikastetxe eta enpresetara joaten da negar egiten erakustera; haren esanetan, «astean behin negar egiteak estresik gabe bizitzen laguntzen du».

Badakigu negar egitea mesedegarria dela gure oreka mentalerako, bakean sentitzeko, baina ez gara ausartzen… pena da lotsagabe negar egitera ez ausartzea.

Agian Yoshida irakasleak jakingo du gure ahuleziak besteen aurrean agertzeko beldurra galtzeko sekretua zein den.

Edonola ere, momentua helduta, bakardadean edo lagun artean, egin dezagun negar arimak eskatzen digun adina.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>