Alter Ego: musika eskolatik agertokietara

Alter_Ego_taldea

Iñaki Beruete, Aitor Carrasco, Mirian Inza eta Patxi Mujikak Secundino Esnaola musika eskolan ikasi zuten. Talde bat sortzea erabaki zuten eta, hala, Alter Ego jaio zen. Irailean lehen diskoa aurkeztuko dute. Octubre izeneko single-a dagoeneko Youtube-en eta Spotify-n entzun daiteke.

Carrasco (bateria), Inza (abeslaria) eta Mujika (baxua) 1995ean jaio ziren. Beruete (gitarra eta bigarren ahotsa), berriz, 1996koa da. Carrascok eta Beruetek Gatazka eta Taupada taldeetan jo zuten. Egun, Carrascok Hiri Galduak taldean ere jotzen du. Alter Egon rock alternatiboa jotzen dute. «Ez zaizkigu etiketak gustatzen. Abesti batzuk pop kutsukoak dira eta beste batzuk erabat ezberdinak. Hori dela eta, rock alternatiboa egiten dugula esaten dugu», dio Beruetek.

Talde askoren eragina dute: Fito, Marea, Vetusta Morla, Dover, Liher, Anari… «Batzuk talde baten antza dugula esaten digute, beste batzuk beste talde batena… Orduan, gu geu gara esaten diegu», aipatu du Carrascok. «Badaude guztiok entzuten ditugun taldeak, baina bakoitzak bere gustuak ditu. Guztion gustu horietatik gure musika ateratzen da».

Beruetek denetik entzuten dutela diote: «Pop taldeetatik hasi eta heavy taldeetara. Gure ustez, gure musika sortu dugu. Abesti bakoitzak bere ukitua du, baina guztiek Alter Egoren soinua dute».

Lehen disko hau Azpeitian grabatu dute, 2noisy estudioan. «Inguru honetan ez daude estudio asko. Gehienak hiriburuetan daude. Azpeitia gertuago dago eta oso prezio ona egin digute. Oso ondo hartu gaituzte eta oso gustura egon gara. Gaur egun, musika dagoen moduan, abestiak gordeta edukitzeko eta entzun ahal izateko grabatzen dira».

Diskoak zazpi kanta ditu eta irailean aurkeztuko dute. Oraindik ez dituzte aurkezpen kontzertuak lortu. Orain arte, Mikel Laboaren oroimenezko kontzertuan, Musikualdian, Maldan Beheraren jaialdian eta Olatu Talkan jo dute.

Etorkizunerako asmo bakarra dute: ahalik eta kontzertu gehien egin. «Ez dago etorkizunean zer gerta daitekeen esaterik. Berri Txarrak taldea laugarren diskoren ondoren hasi zen musikatik bizitzen».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>