Baserriarren zerbitzura

Joxe Mari Iraola eta Julen semea Beasaingo Muxika baserriaren ondoan.

Joxe Mari Iraola eta Julen semea Beasaingo Muxika baserriaren ondoan.

Beasaingo Muxika baserriko Joxe Mari Iraolak belarretan eta basoan lan eginez ateratzen du bizimodua; etxean ez ezik, kanpoko baserrietan ere egiten du lan.

Udan lanez lepo egoten da Joxe Mari Iraola Aranburu (Beasain, 1961). Belar garaia da baserrietan, eta traktorea eta bestelako makinak lagun dituela, batetik bestera ibiltzen da belarra mozten, fardoak edo bolak egiten… Eguraldiak agintzen du lan horretan, eta eguraldiak lan horietatik libre utzitako arratsalde batean tarte bat hartu du kazetariarekin elkartzeko.   Hitzordua baserriaren atarian izan da, Beasaingo Gudugarreta auzoko Muxikan; Marta Peñagarikano emaztea eta Julen semea ondoan zituen.

Iraolak beti ezagutu ditu behiak etxean. Aita trenbideko barrerazaina zen, eta lana amaitutakoan, baserrian jarraitzen zuen. Baita etxeko gainerakoek ere: «Guk, eskolatik irten eta lana, eskolako oporrak ere belarretan izaten ziren. Eta belarrak bukatutakoan, patata ateratzea, gero indaba, arbia ondoren… Horrekin hasterako eskolan hasita ginen berriro».

Eskolan, hain zuzen, Arriaranen ibili zen lehenik, La Salleko fraideekin gero, eta Goierri lanbide eskolan azkenik, mekanika arloko lanbide heziketa ikasten.

Muxikaren kargu hartuta

Ikasketak amaitu eta Irizarren ebentual ibili zen tarte batean, baina «orduan ere urte zailak izan ziren» lan aldetik, eta baserrian geratzea erabaki zuen. Ordurako aita jubilatuta zegoen eta anaia-arrebek haien bizimodua eginda zuten; «ama gazterik hil zen, aita adinean aurrera zijoan eta bakarrik zegoen. Hau [Muxika baserria] bakarrik geratzen zen, eta ni ere etxean geratu nintzen».

Hasieran etxean egiten zuen lana bakarrik, baina gero kanporako hasi zen. Lan asko zegoen, orain baino gehiago. «Orduan baserri txiki asko zegoen, eta haietan egiten nuen lan. Fardoak egiteko makinak ez zeuden asko, moda ere sartu zen… Lan asko zegoen».

Fardoak egiteko lehen makina 1988an erosi zuen, eta traktore handiari erantsita, harekin hasi zen baserriz baserri. Etxerako ekarri zuen makina, baina kanpoko jendeak ikusi egiten zuen, eta Muxikara joaten zitzaizkien eske. Egiten zuen fardo bakoitzeko kobratzen zuen, eta hala jarraitzen du gaur ere, baina fardoak baino gehiago, bolak egiten ditu orain. «Bolen mundua ere eromena izan zen dozena erdi urtetan, izan belar berdea izan ihartutakoa, modan jarri ziren haiek ere».

Baserrien desagerpena

Beasaindik Urretxura bitarteko bezeroak ditu batez ere Iraolak, baita Beasaindik beherako batzuk ere, «baina ni hasi nintzeneko hamar baserritatik bat bakarra gelditzen da». Ez da bezeroaz ari, baizik eta baserriez: «Ez da niri deitzeari utzi egin diotela, baizik eta baserria bera utzi egin dutela. Edadeko jendea desagertzen joan den eran desagertu dira baserriak».

Lehengo baserriak 5-10 behikoak ziren, eta horiek dira desagertu direnak. «Orain lehen adina buru egongo dira inguru honetan, baina 3-4 puntutan konzentratuta, masifikatuta». Baserritarrak ere aldatu egin dira; «Baserri txikietan zelai bazterrak garbitu egiten ziren, orain terreno onak bakarrik, aldapak eta geroz eta gutxiago».

«Ordurik gabeko lana, astebururik gabeko lana eta oporrik gabeko lana da gurea» Joxe Mari Iraola, baserriko langilea

Lan egiteko era ere aldatu dela dio Iraolak. Orain, belarra mozteaz gain, astindu eta bildu ere egiten du makinarekin, «lehen egiten ez ziren lanak». Lehen baserrikoek bertakoek prestatzen zuten zelaia, arrastoetan belarra jarrita, baina orain dena mekanikoa da.

Hobera egin du baserriko lanak: «Lehen eskulana zen dena, gaur baino nekosogoa; lehen hilabete edo hilabete eta erdi pasatzen zen lanean belarretan, orain egun batean dena egin nahi dute»

Basoan lanean

Uda garaian belarretan ibiltzen da batez ere Iraola, baina baita sortzen diren beste lan askotan ere: pinudi sailak botatakoan garbiketak egiten, gero pinuak berriz aldatzeko, adibidez.

Horretan ere urte zoroak izan zirela dio beasaindarrak, «pinuak dirua egiten zuen», baina orain ez lehen bezala, eta jabeek pinudia bota eta landare berria sartzeko ez dute lehengo arintasunik. Hala ere, pinua sartzen ibilitzen da tarteka.

Beste lan batzuk ere egiten ditu: itxiturak egin, egurra txikitu… «Baserrian sortzen diren ‘txapuzeri’ guztiak egiten ditut. Lan klase honetarako jenderik ez dago, eta gutxiago oraindik gaztea». Jendea lan horiek egitera ohitu gabe dagoela uste du: «Gurasoei laguntzea beti izan da baserrian, baina orain dena galdu da; hartu praka motzak eta korrika, edo bizikleta… horrela ibiltzen dira gazteak».

Jendeari ez zaio gustatzen lan mota hori, eta horri buelta emateko, balioa eman behar zaiola dio, «ondo kobratu behar da horretarako».

Ordurik gabeko lana

Belarretan, basoan… beste lan batzuk ere egiten ditu Muxikakoak: lorezain ere bada, zuhaitzak kimatzen aritzen da; herriko karrozak ere eramaten ditu traktorearekin, Olentzero, Errege eta danborrada egunetan; hondeamakinarekin bideak konpontzen ere ibiltzen da  luiziak daudenean; elurra kentzera ere joaten da…

Berea, «ordurik gabeko lana, astebururik gabeko lana eta oporrik gabeko lana» dela dio.

Gainera, etxean ere badu zer egin, 6 behi, 6 txekor, eta 15 oilo ditu eta. Soroa eta baratzea ere badituzte. Marta emaztea arduratzen da batez ere horietaz, eta 12 urteko Julen semeak ere laguntzen die.

Lana gustukoa du Iraolak, «hau beti gehiago gustatu zait fabrikakoa baino, askatasun gehiago… baina ordurik gabekoa da, soldata ere ez da hilero berdina…». Hala ere, baserritik eta baserri lanetatik «bizi daiteke, baina kontua hartuz, bizioak eta oporrak alde batera utzita».

Makina bat traktore eta osagarri makina bat lan egiteko

Artzainari artaldeko ardi kopuruaz galdetzea bezala izan da Iraolari lanerako dituen makinez galdetzea:  «Guztira 15 bat makina izango ditut». Belarretan egiteko, segadora eta traktore txikia, traktore handia, astintzekoa, biltzekoa, fardoa egitekoa, bola egitekoa, bolari plastikoa jartzekoa, ximaurra zabaltzeko bi gurdi,  sasi-garbitzeko makinak, hondeatzaile txiki bat… «Mekanika ikasketak ondo etorri zaizkit mantenimendu lanak-eta egiteko behintzat».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>