Akabo oporrak! Une dotore askoak

Joxe BegiristainAkabo oporrak, bai. Hitz gutxitan laburtzekotan, izenburuan diodana: akabo, une dotore askoak. Beti eta edonon egin ezin ditzakegunak bizitzeko garaia.

Hilabete oso-oso bat, eguneroko bizitza gainontzeko urte sasoietan ez bezala antolatzeko aukeraz. Egoeraren kontzientziaz, etekina atera beharraren jakitun.

Eta halaxe bizi izan dugu aurtengoa ere. Tokian tokiko edertasunak begi-bistan, horien nondik norakoa jakiten saiatuz, baina batez ere unean unekoa gozatuz. Adibidez, Granadako Alhambran egun-pasa egiterakoan. Edo, Meridako erromatar antzokian Nazioarteko Antzerki Klasikoaren Jaialdian: La corte del faraon zarzuela ikusiz, duela 100 urtetik gorako argumentuarekin, baina gaur egungo atzerakoikeriei kontra keinu eginez berritu dutena (bikain, Itziar Castro antzezlea).

Hondartza ere tokatu da aurtengoan. Eguzkia hartuz etzanda egoteko nahiz itsasbeheran Atlantikoaren ur-ertzean hara eta hona oinez ibiltzeko. Eguna joan eta eguna etorri eguraldi paregabeaz, baita uretan murgiltzeko ere. Conil de la Frontera udalerri andaluziarrean. Conilen bertan gozatu ditugu ilargi betearen argitasuna eta eguzkia zeruertzetik itsasoan desagertzeko uneak ere. Eta segidako ilunabarrak. Eta konpainia ona!: aukeratutako bidelagunak, ezagunekin jarritako hitzorduak eta ustekabean topo egindako lagunen bat ere bai!

Jaikitzeko presarik gabe, erretiratzeko presarik gabe eta batez ere, lasai-lasai egonean egoteko ere, inongo barren-kezkarik ez. Gainontzeko guztien baimenez, ordea, alaba gurekin izan dugun bitartean bazkalondoetan berarekin bizi izan ditudan kafe-orduak ditut, oroitzapen ahaztezin dotoreenen artean…

Baina bakarrik egotea ere gustatzen zait. Bakarrik edo, liburu baten konpainian inoiz bakarrik baldin bagaude behintzat. Oporraldirako aurrez aukeratu nituen liburuetatik, hauek irakurri ditut: Jose Luis Otamendiren Disoluzio agiriak, Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik (Lisipe saila) eta Alaa Al Aswani idazle egiptoarraren Jakobian eraikina. Eta noizbehinka esku artean hartuz darabilt, Inazio Munduate ataundarrak herriko artxiboak arakatuz egindako lanarekin Alaitz Arrondok egokitutako Gerren zipriztinak. Guztiak gomendagarriak! Eta seguru asko, aseko naute baita ere, zain ditudan Derbia, Adios, muy buenas eta Comunicacion no violenta: un lenguaje de vida liburuek. Egia esan, hilabete honetan espero baino gutxiago irakurri dut baina ez da seinale txarra: jendez inguratua izan naizela baizik!

Honaino, hilabete beteko nire oporren sintesia, egunkari ezkutuan jasotzen ditudanetik zipriztin batzuk ateraz. Ni ezagutzen nauzuenok konturatuko zineten bezala, oraingoan erabat baikor, edo, bai behintzat, odola irakiten didaten gaiei muzin eginez idatzia. Horiei ere oporrak eman nahi izan baitizkiet.

Orain, eguneroko lanera eta bizimodura itzultzea beste erremediorik ez dugu. Hor egingo dugu topo, lankide, herritar, lagun eta ezezagun, hemen nahita isilpean gorde ditudanei aurre egiteko indarberrituta. Oporrik hartzerik edo gozatzerik izan ez duzuenonganako errespetuz eta gu oporretan bizi izan garen bitartean eguneroko injustizien kontrako lanari eutsi diozuenonganako esker onez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>