Agor arteko oparoaldia

lunas-fases

Goierrin irailari agorra ere esaten zaio. Beste toki batzuetan, abuztua da agorrila. Euskaldun zaharrek ilargiaren araberako egutegi-izendapena antolatu zuten, nekazaritza edo natura aldiei lotuta. Latinoena eguzkiarena da.

Agorreko Santikutz ospatuko dute Legazpin. Baita Itsasondoko Urkia auzoan ere. «Kizkitzakoa [erromeria] aorran zortzin o itten zan… Guaiñ agorra re ez da, ez dakit nola hotseitten zaion… Guk hillek giñuzten hilbeltza, otsaille, martxoa, apirille, maiatza ta garagarrille, uzta, aguztue, agorra, azaroa ta abendue. Gue hillek hoik zien, guaiñ hoik e danak kanbiatudie», kontatu zuen Urkiko 77 urteko Jertrudis Artza Etxeberriak 2014ko Itsasondo 2.0 herri aldizkarian. Urria falta da hor.

Hilabeteen izenak belaunaldi gutxiren buruan aldatu dira. Euskara batuak izendapen bateratu beharrezkoa jarri zuenetik, iraila nagusitu zaio agorra-ri Goierrin. Beste garai, erreferentzia eta pentsaera batzuen lekuko dira izen zaharrak. Kontua da, agorra irailari ezezik, abuztuari esateko ere baliatzen dutela zenbait tokitan: agorrila.

Gaskoinez agor eta aragoieraz agüerro ‘udazken’ dira. «Hitz pirinearrak dira, eta abuztuari edo irailari agorril deitzea beranduagokoa litzateke», dio Orotariko Euskal Hiztegiak. Agorreko hitza XVIII. mendearen bigarren erditik aurrera dago dokumentatuta, bereziki gipuzkoar idazleengan.

Ilargiari begira

Egutegiak zehazteko eta denbora neurketak egiteko, zeruko astroei begiratu izan die gizakiak. Batzuek eguzkiaren mugimenduari (eta beste izarrei/planetei) erreparatu izan die. Euskaldunek ilargiarengan oinarritu dute denbora.

Kultura latindarrarekin, hitz asko mailegatu ditu euskaldunak: martxoa, apirila, maiatza, abuztua edo abendua. Nekazaritzako lanketak edo naturaren zikloak erabili izan dituzte, bestetik: urtarrila (urte-tik), otsaila (otso-tik), ekaina (ekiak gaina jo), iraila (ira edo garoa), azaroa (hazi-tik)…
Bere gurpilean doan denbora izendatzeko, hamabi hilabeterentzat hamaika hitz.

Hilen izenak

Goierrin gehien zabaldutako formak hauek dira.

  • 1. Ilbeltza.
  • 2. Otsaila.
  • 3. Martxoa. Martso edo marso.
  • 4. Apirila.
  • 5. Maiatza.
  • 6. Garagarrila.
  • 7. Uzta.
  • 8. Agoztua edo aguztua.
  • 9. Agorra.
  • 10. Urria.
  • 11. Azaroa.
  • 12. Abendua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>