Inaxio Usarralde eta Joxepa Madariaga

Inaxio Usarralde

Zer tenplerekin ekin zionagu, Joxepa, opor osteari? Nik pazientzia eta mundu hobea lortzeko asmoa agortuxeago zeuzkanat. Izan ere, txarrera jarrita, arrazoien zerrenda amaigabea dun. Miarritzeko G7koen gailurrak eskaini duen irudi penagarria, ezer konpondu gabe, denak bere horretan jarrai dezan indar gehiago jartzeko. Eta, argi geratu denez, arma(da), polizia eta enparauen erakustaldi pornografikoa ikusita, indarra zein aldetan dagoen argiro ikusi dinagu. Biriatun asmatutako mugan kateatuta geratutako gidari batek galdetzen zinan: «Tamaina honetako nahaspila sortu beharra dago zazpi lagun elkartu daitezen ezer ez konpontzeko?». Lur planeta, bien bitartean, hiltzenago, odoljario batean zeukanagu: Amazonia sutan, erraustegia ketan, urtzen ari diren glaziarrei hiletak antolatzen hasi ditun, Groenlandia erosteko trumpkeria kezkagarria… Nora goazen horrela? Maiz ziztatzen nain Frederic Jameson idazlearen pentsamendu honek: «Errazagoa zaigun munduaren akabera irudikatzea kapitalismoaren akabera baino».

Baina, baina, baina… zer ari naun, Joxepa? Martxa honetan malko putzu batean itota amaituko dinagu! Goazeman burua altxatu eta umorearen botika astintzera. Irudikatu ezan G7koen gailurreko zazpi agintarien lehen bilera Miarritzeko Usarralde-MadariagaJauregiko batzar areto dotorean, zazpiak mahaiaren bueltan. Hi bertan hago, hegan habil: gelan sartzea lortu duen eulia haiz!

Joxepa Madariaga

Aupa!, Inaxio. Tenplea diok? Pilak kargatuta, indarrak hartuta, pazientziaren aska betea eta lanerako prest, animoso natorrek!. Mundua hobetu nahi duk, baina ezin? Kolore beltza nagusi hire buruan? Beltza bai, baina ortzadarraren koloreekin egin behar diagu jolas, adixkidea! Idazteko jarri didaan gaia ez zaidak gustatu eta ez zioat helduko, ez nauk, Miarritzen, putre artean dabilen eulia izango. Ez. Behar baino gehiago ari gaituk horiez hitz egiten. Horixe nahi zitean eta lortu ditek. Nik kitto!, ez dizkiat aipatuko. Ni tximeleta izango nauk, diruz aberatsenak baina izatez pobreenak diren herrialdeen artean mundua konpontzen aritu ordez, Amazoniako sutean, ke artean, ito beharrean, ibili ordez, geure etxean ibiliko nauk; zeren eta, nire ustez, etxetik, norberarengandik, hasi behar baitiagu arazo handiak eta mundua konpontzen. Aberatsak gaituk, oso aberatsak, baina horrek ez ziguk txikiziorako eskubiderik ematen. Julio Villar mendizale, filosofo eta lagun handiak esaten duen bezala, ona huke, gabiltzan lekuan gabiltzala, gure arrastorik utzi gabe ibiltzea; mendiak, adibidez, guk hartu ditugun bezala uztea, ondorengoentzat. Arbasoek baino askoz gehiago dakigun ustean, bizimodua eta mundua hobetzen ari garelakoan, bazterrak simaurtzen ari gaituk, bizitza itotzen, akabatzen. Afrikari kendu eta Europa aberastea erraza izan duk. Kontsumoa murriztu, beharrak gutxitu, txikizioa eta proiektu handiak gelditu, bizimodu erritmoari galga jarri, natura oinarri hartu, planeta eta pertsonak erdigunean jarri eta bizipoza lortu, geure buruarekin eta ingurukoekin adiskidetu… Badiagu zer eginik! Planeta bakarra diagu eta planeta bakar hori utzi behar zieagu ondorengoei, ez planeta erdia…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>