Hariz eta orratzez jositako nortasuna

Ainara_Antxia_moda_diseinu

Ainara Antxiak AEBetan erakutsiko du saritutako bilduma.

Ainara Antxiaren (1996, Legazpi) eta Elene Barandiaranen (1997, Lazkao) ametsa egun batean euren arropa marka propioa izatea da. «Horra heltzea oso zaila da», lasaitu dituzte aurreikuspenak eta presioa. Bidean aurrera egiten ari dira, ordea, eta hariari tiraka aurten amaitu dituzte Bartzelonako Goi-mailako Moda Diseinu Eskolako ikasketak. Goitik amaitu ere, Antxiaren Gradu Bukaerako Lana saritua izan baita: «Ikasturte osoan zehar zortzi piezako bilduma oso bat osatu behar izan dugu: materialak hautatu, diseinuak, josi, komunikazio estrategia bat prestatu… Nirea hiru lanik onenetako bat izan da, eta horri esker ikasten jarraitzeko graduondoko bat lortu dut».

Antxiaren bilduma San Frantziskoko (Ameriketako Estatu Batuak) moda lehiaketako 50 finalisten artean hautatua izan da aldi berean. «Oso albiste ona da. Motibazioaz gain, halako bidaiek jende eta inspirazio iturri berriak ezagutzeko balio dute».

Gakoa nortasun propioa izatean dagoela diote. «Moda eta diseinu mundua zabala eta errepikakorra da. Besteek egiten dutenetik bereizteko, identitate propioa argi izan behar da», azaldu du Barandiaranek. Gazteek badakartzate ideia berriak: «Materiala sortzen doazen heinean aukerak ugaritzen doaz, eta hori baliatu behar dugu. Jasangarritasunaren arloan, esaterako, lan handia dago egiteko», osatu du lazkaotarrak.

Biak ala biak kirol-jantziak dituzte lantzeko gustukoen: «Kirol munduko moda oso zabala da, baina, aldi berean, konplexua, kirol bakoitzaren ezaugarrietara egokitu behar delako», diote. «Gainera, Astore, Ternua, Loreak… Euskal Herrian badago kiroletako modan non lan egin».

«Nire bilduma hiru lanik onenetako bat izan da, eta graduondoko bat lortu dut» Ainara Antxia

«Besteek egiten dutenetik bereizteko identitate propioa argi izan behar da» Elene Barandiaran

Ikasketak alboratu gabe, Antxia eta Barandiaran lan munduan lehen urratsak emateko gogoz daude. Horiek dira, baina, zailenak. «Lan egiteko urteetako esperientzia eskatzen digute. Lanik gabe, ordea, ezin esperientziarik pilatu», salatu du Antxiak. Barandiaranek erantzun dio aukera onena multinazional handiekin hastea dela, lan poltsa handiak dituzte-eta.

Antxiak eta Barandiaranek argi dute euren bidea aukera askoren artean. Diseinuari lotutako lanak egitea gustatuko litzaieke, besteak beste, josten eta komunikazio estrategiak prestatzen ere trebatu baitira Bartzelonan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>