«Euskal Ligan askoz ere urduriago jartzen naiz»

Itsaso_Bolinaga_Goierri_Go

Futbolzalea eta futbolaria da Itsaso Bolinaga (Ordizia, 2002). Haurra zenetik jokatzen du futbolean, lehenik Ordizian eta ondoren Goierri Gorrin. Aurreko denboraldietan beheko mailetan aritu ondoren, aurten Euskal Ligan jokatzeko pausua eman du. Harrobiko haurrak ere entrenatzen ditu talde goierritarrean.

Nola iristen zarete igandean hasiko duzuen Euskal Ligara?
Lagunarteko gutxi jokatu ditugu, bi soilik, eta denboraldi hasieran nabarituko da hori. Fisikoki ez gaude guztiz prest baina partidak jokatuz hartuko dugu erritmoa. Jende berria gaude taldean eta ilusioa dugu. Denboraldi txukuna egitea espero dut, taldeak itxura polita baitu.

Helburuez hitz egin al duzue?
Iaz Euskal Ligan ezjakintasuna nabari zen. Maila berri bat sortu zen, eta ez zen ziurra mailaz zenbat talde igoko ziren. Bigarren mailara igotzea zen asmoa, baina ez zen lortu. Aurten lehenik taldea egonkortzea da helburua, eta ondoren goiko postuen borrokan aritzea.

Aurreko urteetako zenbakiak hobetu nahi dituzue beraz.
Hasiera batean behintzat aurreko denboraldietako emaitzak hobetzeko asmoarekin hasi behar dugu. Urtez urte sailkapenean geroz eta gorago gelditu gara, eta marka hori ontzen joatea da helburua. Gai izan behar dugu postu horien borrokan aritzeko, gutxienez mantendu eta posible denean hobetzeko.

Iazko denboralditik talde berri asko al daude Euskal Ligan?
Aurreko urteko talde batzuk bigarren mailara igo dira eta behetik talde berriak datoz; tartean Reala eta Eibar. Talde gogorrak dira biak ala biak. Oso jokalari gazteak dituzte, eta kalitate handikoak. Azken finean aukeraketa bat egiten dute eta hori zelaian nabari da.

Goierri Gorriren lehen taldea asko aldatu al da?
Taldea ez da asko aldatu iaztik hona. Urtero bizkarrezurra mantentzen saiatzen gara, eta ondoren, dauden hutsuneak betetzen. Denboraldiz denboraldi taldea aldatzea derrigorrezkoa da, jokalari berriak behar direlako. Aldi berean garrantzitsua da beheko taldeetako jokalariak gorantz joatea.

Mailaz igotzeak eraginik izan al du zugan?
Jokalari bezala ez dut uste aldatu naizenik, baina askoz ere urduriago jartzen naiz Euskal Ligan; bai entrenamenduetan bai partidetan.

Jokalariei gehiago eskatzen al zaizue mailaz igotzean?
Ligako partidekin ez gara hasi, baina entrenamenduetan presio gehiago nabari dut, eta beraz urduriago nago. Norberak duen guztia eman behar duelako eskatzen da gehiago, baita entrenamenduetan ere.

Goierri Gorri proiektua egonkortu al da?
Noski, urtetik urtera jokalariak mailaz igotzeak erakusten du egonkortasun hori. Mailaz maila Goierri Gorrik duen presentziak erakusten du kluba sendotu dela, eta neskek futbolean jarraitzeko aukera dutela. Beti egongo da futbola uneren batean jokatzeari uzten dionik, baina behetik haur ugari datoz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>