15 urte Xabi gabe

Xabier_Ormazabal(1)

Xabi Ormazabal urretxuarrak bizitza pasioz bizi zuen. Mendia maite zuen eta dena eman zion: Sobietar Batasuneko bost mendi altuenak eta Shisha Pangma igo ondoren, Cho Oyun hil zen 2004ko urrian. 23 urte besterik ez zituen.

Xabier Ormazabal urretxuarraren zaletasun nagusia mendia zen eta oso denbora laburrean Sobietar Batasuneko bost gailur altuenak, Shisha Pangma eta Cho Oyu igo zituen. Azken mendi horretan hil zen, 2004ko urrian, 23 urterekin. Bere irribarrea eta bizipoza gurekin utzi zituen, betirako.

Xabierrekin harreman estuena izan zuenetako bat bere anaia Andoni da. Makina bat aldiz joan ziren elkarrekin mendira eta hamaika aholku eman zizkion anaia gazteari. Xabier izan zen mendizaletasuna familiara eraman zuena. «Aita txirrindularitza zalea da eta lau anai-arrebotatik hiru bizikletan ibili ginen. Xabi izan zen lehiatzera iritsi ez zen bakarra. Bere eskutik hasi ginen gainontzekook mendi munduan. Bera Felipe Uriarteren eskutik zaletu zen. Bere ikastaro batera joan zen eta Felipek mendiarekiko maitasuna transmititu zion».

Maquetación 1Ormazabal seko maitemindu zen mendiaz. «14 bat urte izango zituen ikastaro hori egin zuenean. 16 urterekin Alpeetara joan zen, madrildar batzuekin. Madrildarrek Desnivel aldizkarian iragarki bat jarri zuten: lau zihoazela eta bosgarren bat behar zutela. Beraiek Alpeak ezagutzera joan ziren eta Xabik, berriz, Montblanc igo nahi zuen. Ez zuen lortu, ez baitzuen baliabiderik oraindik. Zer pentsatuko ote zuten madrildarrek ume hura azaldu zitzaienean… Etxera ekarri zutenean, hemen duzue hau, arriskutsu hutsa baita!, pentsatuko zuten».

Alpeetatik mendiaz are maiteminduago iritsi zen eta harrezkero ez zen gelditu. «Garai hartan ikasten ari nintzen, Bartzelonan, eta dagoeneko autoa nuen. Diru pixka bat nuen, fisioterapeuta lana egiten bainuen kirol talde batzuetan, eta Xabik ederki zekien ni nola maneiatu. Bartzelonara etortzen zen eta elkarrekin Pirinioetara edo Alpeetara joaten ginen. Jon Marotorekin eta Iñaki Alvarezekin ere asko ibiltzen zen. Dirua lortzeko tabernetan lan egin zuen; etxez etxe, trajea jantzita, xurgagailuak saltzen ibili zen; enpresei diru-laguntza eskatu zien…».

Bizitzarekiko pasioa

Oso urte gutxitan Alpeetako eta Andeetako mendi ezagunenetako batzuk igo zituen eta Himalaiara salto egin zuen. Ase ezina zen. «Gaztea zen eta bizitasun handia zuen. Ez zekien geldirik egoten. Arte martzialak eta boxeoa ere egin zituen, baina mendiarekiko sentitzen zuena oso berezia zen. Liburu eta artikulu asko irakurtzen zituen, egitasmo asko zituen eta eman nahi zituen pausoak oso argi zituen. Bere pasioa kutsakorra zen. Asko gustatzen zitzaidan bere ikus-entzunezkoetara joatea. Sentimenduak oso ondo transmititzen zituen, hitz egiteko eta idazteko erraztasuna zuen eta jendea mendira joateko gogoarekin irteten zen bere emanaldietatik», aipatu du Andonik.

Anaia zaharra izaki, Xabiri aholkuak ematea tokatu zitzaion. «Nire anaiak bizitza konbentzionalagoa eramatea nahi nuen. Ikasketetan desastre hutsa zen, baina motibazio kontua zen: korapiloak egiten berehala ikasi zuen eta mendiari buruzko liburu asko irakurtzen zituen. Ikasketarik gabe ez zela urrutira helduko, mendian ibiltzeko diru asko behar dela… esaten nion. Takolo beka irabazi zuenean, amari eta bioi muturrean eman zigun. Menditik bizi zitekeela esan zigun. Zoriontsua izatea nahi genuenez, amore eman genuen».

Xabier_Ormazabal2004ko urriaren 13an Cho Oyuko gailurrera heldu zen, baina jaitsieran bizitza galdu zuen. «Cho Oyu igo aurretik Shisha Pangma-ra joan zen, Iñakirekin eta Azpeitiko mutil batzuekin. Hauek guztiek itzultzea erabaki zuten eta berak, ordea, gelditzea. Etxera deitu zuen, oso ondo zegoela esateko. Ase ezina eta neka ezina zen. Pozik eta gogotsu ikusi nuen eta onartu beharra izan genuen. Baina denboraldia oso aurreratua zegoen, mendia erdi hutsik zegoen, bidea ireki behar izan zuen elurra egin zuelako…».

Gorpua ekartzea erabaki zuten eta Alex Txikonek lagundu zien. «Berria Iñakik eman zidan. Berri hori gurasoei eta anaia-arrebei eman beharra… Hasieran ez nuen gorpua ekarri nahi, inor arriskutan ez jartzeko. Baina bide arruntean zegoen eta edonork argazkia atera zezakeen. Gainera, gurasoek gorpua ekarri nahi zuten. Iñaki Otxoa de Olza zenak laguntza eskaini zigun eta gorpua ekartzen ez bagenuen zauria ez zela sekula itxiko esan zigun. Banekien gorpuak nola jaisten dituzten eta ez nuen nire anaiarentzat tratu hori nahi. Alex Himalaian zegoen eta berarekin hitz egin nuen. Berak lagundu zigun. Harreman handia du gurekin. Xabi eta bera etorkizun oparoko mendizaleak ziren, baina ez zuten inongo lehiarik, eta primeran konpontzen ziren».

Xabier horrenbeste maite zuen mendian hil zen, baina ez da kontsolagarri. «23 urterekin hiltzea tristea da. Gauza asko galtzen dituzu. Asko gogoratzen naiz anaiaz: gure umeak jaio zirenean… Xabiz hitz egitea eta bere oroitzapena bizirik mantentzea gustatzen zait. Hori dela eta, pelikula eta liburua egin genituen eta egun beka ematen dugu. Pertsona bat ez da hiltzen  bere oroitzapena hiltzen ez den arte. Hori esatea inozoa dela pentsa daiteke, baina niri balio dit. Aurrera egin behar da eta denborak mina bigundu egiten du. Hori bai, hutsunea hor dago eta egunero gogoratzen naiz anaiaz».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>