«Benetan behar direnak boluntarioak dira, dirua ematea erraza da»

ZURE_IRRIFARRA__NIRE_INDA(2)

Urritasun funtzionala duten haurrek ere korrika-proba herrikoietan sentsazio berriak ezagutu eta goza dezaten, Zure irrifarra, nire indarra ekimena abiarazi du Jakes Lopezek (Beasain, 1977). Lan egiten duen Orkli kooperatibaren laguntzaz, haurrak eramateko 14 aulki berezi erosi, eta edonoren esku jarri dituzte, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioan utzita. Boluntarioek ere parte har dezakete, korrika eginez aulkiari bultzaka. Josetxo Imaz Krosean lehenengo aldiz irtengo dira, irailaren 29an.

Nondik otu zitzaizun lasterketetan urritasuna duten umeekin korrikan irtetea?
Gasteizko Triatloia ikusten ari ginela, Hektor Llanosek Uxue Chasco neskatoa atera zuen. Orduan sartu zitzaidan zer edo zer egin behar nuela gure seme Jakesekin ere, asko gozatzen duelako. Idiazabalgo Herri Krosean irten ginen, lehen aldiz, baimena eskatuta. Donostiako Maratoi Erdia ere egin genuen, 21 kilometrokoa. Lankideek lagundu zidaten.

Gustatu zitzaizuen esperientzia, beraz.
Oso polita izan zen. Idiazabalen, bost lankidek esan zidaten korrika egingo zutela, aulkia bultzatzeko. Orduan atera genuen leloa: Zure irrifarra, nire indarra. Oso ondo pasa genuen.

Ekimena zabaltzea izan zenuen hurrengo pausoa. Nola?
Jarraikortasuna eman behar zitzaiola erabaki nuen. Aspacen Jakesen lagunak ikusten nituen, eta haiek ere gozatuko zutela pentsatu nuen. Baina, noski, guraso guztien egoera fisikoa ez da berdina, denek ez dute korrika egiten. Orduan, eta ‘gurpila asmatuta dagoenez’, Interneten begiratu, eta Sevillako Carros de Fuego elkartearekin egin nuen harremana. Orklin proiektu bat aurkeztu nuen, aldi berean.

Zein da ideia honen filosofia?
Dirua ematea erraza da. Benetan behar direnak boluntarioak dira: beste ume bat zoriontsu egiteko, asteburu bat sakrifikatzeko prest dagoen jendea. Norberak ere asko jasotzen du; zeren laguntzera zoazela uste baduzu ere, azkenean zeuk jasotzen duzu gehiago. Jakesek surfa ere egiten du, eta askotan ibili ezinik geratzen da; ez material falta dagoelako, boluntariorik ez dagoelako baizik (hiru lagun behar ditu surferako).

Orkliren laguntza jaso duzu.
Proiektua enpresako Kontseilu Sozialean aurkeztu nuenean, eta kooperatiben helburu bat inguruan aberastasuna sortzea denez, zera esan nien: aberastasun ekonomikoa ondo dago, baina soziala da beharrezkoa. Iker Estensoro presidenteak segituan Josetxo Imazekoei deitu zien, eta haiei oso ondo iruditu zitzaienez, aurrera.

«Josetxo Imazen bukaeran irtengo gara haurrekin goazen 15 aulki, denak elkarrekin»
«Ia 40 lankide eta kanpoko jende gehiago animatu dira korrika egin eta parte hartzeko»
«Gipuzkoa osora zabaldu nahi dugu ekimena, kirol elkarte bat sortuta»

Irailaren 29an, aurten Lazkaon hasiko eta bukatuko den Josetxo Imazen izango zarete.
Gurekin buru-belarri murgildu dira antolatzaileak. Urritasun funtzionala duten ume batzuek ezin dute inolako aktibitatetan parte hartu, eta bat-batean kros baten erdian euren burua ikustea izugarria da. Lasterketako araudia aldatu dute: bukaeran irtengo gara haurrak aulkietan daramatzagunak, denok elkarrekin. Guk jendea aurreratu ahalko dugu, hori bai.

Aulki bereziak erosi dituzue.
Orkliren laguntzarekin 14 aulki erosi ditugu. Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioan geratuko dira gero aulki horiek, beste batzuek erabili ahal ditzaten. Kamiseta tekniko berriak ere egin ditugu.

Zer berezitasun du aulkiak?
Hiru gurpil dauzka: bi atzean eta bat aurrean. Oso maneiagarria da, eta arina. 90 kiloko pertsona bat eramateko prestatuta dago. Aulkiak dagoeneko iritsi dira, eta familiekin probatu ditugu, umeei zer sentsazio egiten dien ikusteko. Harrera oso ona izaten ari da.

Familiek ikusi, ezagutu eta probatu beharko dute lehenengo. Haien oniritzia behar delako.
Bai, noski. Hasieran kezka batzuk izaten dira: umea nola joango ote den, nork eramango duen, bidean estuasunen bat gertatzen bada zer… Logikoak dira kezka horiek. Ideia gurasoei zabaltzen ari gara, banan-banan elkartuta.

Haurrek nola pasatzen dute?
Probatu duten guztiak oso gustura geratu dira. Abiadura sentsazioa berria da haurrentzat, eta asko hunkitzen dira. Hori, inguruan publikorik gabe; pentsa Lazkaon jende artean txaloka irteten direnean…

ZURE_IRRIFARRA__NIRE_INDA

Orklik lagunduta, 14 aulki berezi erosi ditugu. GKEF federazioaren esku geratuko dira.

Asmoa ez da aulkiak erostea eta bertan goxo geratzea, ordea. Boluntarioei zabaldu diezue parte hartzeko aukera.
Guk egin ditugun bi karreretan lankideek lagundu didate. Orklin deialdi zabala egin dugu orain, Josetxo Imazerako, eta ia 40 lankide animatu dira korrika egiteko eta bultza egiteko. Orklitik kanpoko jendea ere etorri zaigu parte hartu nahi dutela esanez, ekimena asko gustatu zaielako.

Korrikarako boluntarioen beharra izango da, ala?
Bai. Aulki bakoitzeko hiru boluntarioko taldeak egiten ari gara, Josetxo Imazerako. Aulkiari bultzaka joanda, besoak kargatzen dira, ezin direlako mugitu. Orduan, erreleboka aritzea hobeto da. Gainera, halako helburu bat elkarrekin banatzea ere oso polita da. Aulkiari bultzaka probatu dutenek diote azkarrago korrika egin dezakegun irudipena ematen duela.

Aurrera begira zer egitasmo dauzkazue pentsatuta?
Kirol elkarte bat sortzea pentsatzen ari gara, urritasuna duten haurren familiekin eta ez daukaten pertsona boluntarioekin. Gipuzkoa osora zabaldu nahi dugu. Bien bitartean, beste elkarte batzuekin lotura egin dugu: Carros de Fuegorekin bezala, Bartzelonako Aefat-ekin, Valentziako Avapace-rekin… Haiengandik lehenengo laguntza eta aholkularitza handia jaso dugu. Beraien terapeutek aholkuak ere eman dizkigute, ea haurra aulkian ondo eserita dagoen ikusteko, argazkia bidalita. Helburu bera daukagu.

Hektor Llanosek ba al daki zer ekimenen pizgarri izan den?
Bai, badaki. Hau dena antolatu genuenean, Internet bidez idatzi nion, zer inspiratu zidan jakin zezan. Josetxo Imazen aterako garela, eta gonbidatu nahi nuen. Minutu bat baino lehen erantzun zidan, eta Uxuerekin korrika egitera etorriko da Hektor Llanos.

Estreinaldi polita, Europako triatloi txapeldunordearekin.
Ikaragarria. Irailaren 26an Orklin elkartuko gara Hektor, familiak eta korrika egingo duten boluntarioak. Bakoitzak eramango duen haurra ezagutuko du, loturak sortzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>