Euskal andreen mapa

Lurraldeak__Territorias_

Nolakoa da euskal emakumea? Egiazki al dira indartsuak, langileak, gogorrak? Zeintzuk dira haien oroitzapenak, minak eta sentipenak? Zeintzuk euren usainak eta testurak? Nola lotzen zatzaizkie lurraldeari? Galderaz beteta iritsi zen Nathalia Heim argazkilari eta artista argentinarra Igartubeiti Baserri Museoan egingo zuen egonaldi artistikora. Erantzunak aurkitu baino, galderak biderkatu eta airean utzi nahi zituen artea gogoeta egiteko tresna dela sinistuta. Abiapuntua, hala ere, argia zen: emakumeon gorputza da geure lurraldea. Abiapuntuarekin txirikordatu dira ikerketa eta sormen prozesuaren emaitza. Izan ere,  sortutako argazki instalazioari Euskal Emakumearen Kartografia Sentibera deitu dio Heim-ek, nonbait emakumeei egindako argazkiekin osatutako mapamundia da.

Has gaitezen, baina, hasieratik. Uztailean iritsi zen Heim Igartubeitira. Ezkioko museoak, aurten, PATRIM+ sareko mugaz gaindiko egonaldi artistikoen programan parte hartu du. Proiektuak Piriniotako lurraldeak hartzen ditu eta hiru egonaldi antolatu dira: Ariége-n (Frantzia), Grausen (Hueska) eta Igartubeitin.

Ezkioko baserri museoari dagokionez, ekimena kultura-ondarea praktika artistiko garaikideekin uztartzen den museoaren lan ildoan txertatu dute. Igartubeitiko arduraduna da Kizkitza Ugarteburu: «Asmoa gaurkotasunetik museoaren gaiak berrikustea eta ezaguera berriak sortzea da. Egonaldiari dagokionez, helburua landa eremuko emakumearen rolaren inguruko hausnarketa bultzatzea izan da».

Heim-ek 30 egunez Goierriko 18 andreri elkarrizketak eta argazkiak egin zizkien

Igartubeitiko interpretazio zentroan azaroaren 30era arte dago ikusgai instalazioa

Nathalia Heim-ek 30 egunez Goierriko hemezortzi emakumeri elkarrizketak eta argazkiak egin zizkien. Aurrez ezarritako rolak auzitan jarri nahi zituen artistak, galderak sortu,  «bakoitzaren historia pertsonalean barrena ibilaldia eginez», dio Heim-ek. Lurraldea eta generoa elkar hartuta joan dira prozesuan. Gorputza, bizipenak, historia eta ingurua,  den-denak eskutik baitoaz artistak sortutako argazki instalazioan. Heim-ek lan prozesuan jasotako guztiaren itzulpen poetikoa egin nahi izan du.

Lanak iraun bitartean Igartubeitiko webgunean haren egunerokoa kontatu dute. Ugarteburuk azaldu du: «Museoak Nathaliarekin bizi izan duen prozesua erakutsi nahi izan dugu, lau astetan artista bertan izatea zer izan den guretzat, inpresioak eta hasierako zalantzak barne. Artistak gure inguruarekiko eta kulturarekiko duen ikuspegia eskaini digu. Oso esperientzia baikorra izan da». Egunerokoa webgunean dago ikusgai.

Aurkezpenaren kronika

Goazen irailaren 12an Igartubeitin egindako aurkezpenaren egunera. Museoaren aparkalekua txiki geratu zen. Baserriaren atarian zain zegoen jendea. Barruan beltzez jantzitako hainbat emakume zegoen, koloretako zapi bana gerri bueltan.

Erakusketa interpretazio zentroan inauguratzeko zain zegoen arren, ekitaldiaren hasiera dolarean egin zuten. Heim-en sormen prozesuan parte hartu zuten emakumeek agerraldi berezia prestatu eta dolarea eszenatoki bilakatu zuten.

Hamahiru andre. Jubilatuak, langileak eta ikasleak. Seme-alaba txikiak zein nagusiak dituzten amak eta amonak, eta seme-alabarik ez duten andreak. Ahopeka hitz egiten dutenak eta ozen mintzatzen direnak. Goierriko emakume-sorta, denak emakumeak eta bakoitza emakume bat.

Publikoa eseri eta isiltasuna zabaldu zenean flautaren doinua sartu zen atetik. Flauta-jolearen aurretik mendafinez eta loreez egindako erratzarekin zorua jotzen zuen emakumea zihoan. Mendafinaren usaina barreiatu zen dolarean. Aurreko andreek hala gozatzen zuten baserrietako airea, eta hala egin zuten andreok ere, memoriak usainak ederki gordetzen dituela gogorarazteko.

Eszena guztia erratz lurrintsuarekin jo eta flauta isildu zen. Orduan, gerritik zapia askatu eta saskian utzi zuten bi emakumeek. Lekukoa hartu zien hatsa hartzen jakin badakien emakumeak eta bokalak banan-banan ahoskatu zituen, kasik kantatu. Erantzi zuen zapia hark ere. Batak besteari lekukoa hartuta emakumeei lotutako adjektiboak esan zituzten ahots goran, haietako asko kontraesankorrak: ahulak/indartsuak, kasu.

Lurraldea diren andreak

Testu laburrak irakurri zituzten non hotsak, ahotsak eta ametsak direla zioten. Irrintzia entzun zen. Hegoak ebaki banizkio aditu zen hainbat ahotsetan. Ohorezko aurreskua eskaini zion andre batek taldeari eta lurraldea direla esan zuten aho batez.

Laburra izan zen, xumea, baina indarrez betetakoa. Nathalia Heim-ek egindako artelanaren prozesuan giltzarri izandako emakume goierritarrek  euren buruei, publikoari eta artista berari eskainitako oparia izan zen agerraldia. Ikusleen artean Heim zegoen, hunkituta.

Baserritik interpretazio zentrora aldatu zen eszena. Aulkiak zeuden bertan, borobilean  bilduta. Hemezortzi aulki ezberdin, argazki bana gainean. Emakume bakoitzaren erretratua eta aulkia emakume bakoitzak eramandakoa. Erretratuek kartografia sentibera osatu zuten. Bakoitzean ageri den emakumea keinu, objektu, espazio zein jarduera jakin batean harrapatu zuen Heim-en kameraren objektiboak. Aulki-zirkuluaren erdian paperezko mapak ikusleen eskura, non lurralde gisa ageri diren emakumeoi egindako argazkiak. Erakusketa zabalik dago azaroaren 30era arte. Sortzen dituen galderek eta hausnar egiteko bideek ez dute data mugarik.

Lurraldeak_Edurne_ElorzaEdurne Elorza (Ormaiztegi, 61 urte)

«Ormaiztegiko kultur teknikariak proposatu zidan eta nik bale esan nion askoz gehiago jakin gabe. Nathaliarekin elkartu nintzen eta ordu eta erdiz egon ginen berriketan; batzuetan, ezezagun bati errazago kontatzen dizkiogu barruko gauzak. Argazkiarena ondo joan zen, Nathalia gidari ona izan zen eta nik Igartubeitin egin nahi nuela esan nion niretzat oso kuttuna delako. Performancearena izan zen «un fregau». Bakoitzak egiten zekienari heldu eta ideiatxo batzuk bildu genituen Nathaliak ekarritako Argentinako matea edanez. Emakume bezala barruan daukazuna atera eta emakume gazteak ezagutu, eder-ederra izan da».

Lurraldeak_Alona-AranburuAloña Aranburu (Ormaiztegi, 41 urte)

«Elkarrizketak aspaldiko oroitzapenak azaleratu zizkidan eta askotariko sentipenak eragin zizkidan: hunkitu ninduen, irri egin nuen… Ez zitzaidan zaila egin, batzuetan ezezagunekin errazago askatzen zara. Argazkiarekin irudi poetikoa bilatzen zuen artistak eta bakoitzarekin nahiz bilduma osoarekin lortu duela esan nuke. Prozesuak, halako lantaldean aritzeak, sortu didan pozaz gain, barne gogoeta eragin dit. Gainera, egunerokoarekin lotzen zait, zeren nire emakumetasuna eta euskal izaera hari berberak lotuta daudela argi utzi baitit. Horiek biak izan dira, gainera, proiektuaren bi zutabeak».

Lurraldeak_Bakarne-MendiolaBakarne Mendiola (Legazpi, 41 urte)

«Nathaliaren elkarrizketak barrenak zeharo mugitu zizkidan eta egun batzuk behar izan nituen baretzeko. Elkarrizketa informal moduan egin zuen eta oso eroso sentitu nintzen. Argazkiarena zailagoa egin zitzaidan, nahiz eta ordurako konfiantzazko espazio batean nengoela sentitu. Izan ere, askotan besteen begiradek mesfidantzaz jokatzea bultzatzen zaituzte. Euskal emakumeen identitatea zein izan daitekeenaren ikuspegi zabala jaso dut, baita nire identitatearena ere. Belaunaldi ezberdinetako emakumeak biltzea aberasgarria izan da. Gero, kalean elkartu garenean begiradarekin elkar ulertzea, hori bai dela oparia».

Lurraldeak_Leire_RodriguezLeire Rodrigez (Ormaiztegi, 18 urte)

«Ormaiztegiko kultur teknikariak deitu zidan artista argentinarra etorri zela eta inguruko emakumeen bila zebilela esan zidan. Artistarekin hitz egiteko prest nengoen galdetu zidan eta nik baiezkoa eman nion esperientzia ona izango zelakoan. Nathaliak elkarrizketa egin zidan. Galdera orokorrak eta pertsonalak egin zizkidan; pertsonalak zailagoak egin zitzaizkidan, ez baita erraza ezezagun bati benetan sentitzen duzuna kontatzea. Gero, konfiantza hartu genuen heinean errazagoa izan zen, eta argazkirako oso eroso sentitu nintzen. Performancean beste kide batzuk egin zuten lan gehien, nik gustura parte hartu nuen. Esperientziak nire burua hobeto ezagutzeko aukera eman dit. Galderak erantzuten ari nintzenean, batzuetan konturatzen nintzen sekula halakoetan pentsatu gabe nengoela edota zalantzarik ez zitzaidala ordura arte sortu».

Lurraldeak_Myriam_GalileaMyriam Galilea (Legazpi, 37 urte)

«Ezkioko berriemailea naiz eta Nathaliari elkarrizketa egitera joan nintzen. Hark, trukean, niri elkarrizketa egitea eskatu zidan. Proiektuaren barruan nengoen. Elkarrizketatzailearen rola jokatzen dut gehienetan eta aurrez ez nekien nola sentituko nintzen. Aitzitik, oso erraza izan zen poliki-poliki sakontzen joatea eta biluztea, espero baina errazagoa. Alabaina, elkarrizketatik barrenak mugituta irten nintzen, emozio asko azaleratu zitzaizkidan. Arraroa egin zitzaidan kameraren beste aldean egotea, baina erretratua ikusi nuenean kontatutakoak eta irudia bat zirela ohartu nintzen. Aurkezpenean zer edo zer egitea proposatu zigun Nathaliak. Lau emakumek baiezkoa eman genion eta lanketa polita egin genuen denon artean. Sortu den giroa magikoa izan da.Zapore gozoa, 17 emakumerekin lotura berezia, bihotzean emozioa eta, orokorrean, indarra utzi dizkit».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>