Emakume otsoak

Garbiñe EtxanizLas mujeres que corren con lobos  emakumeei buruzko irakurketa da; liburuak gogorarazten digu mundua geroz eta sofistikatuago bilakatu arren, naturaren parte garela eta izango garela beti, izaki basatiak garela. Bizirik sentitzeko behinolako askatasuna grinaz bilatzen dugun emakume horiek gara, munduan gure lekua bilatu nahian gabiltzanak.

Clarisa Pinkola Estes idazleak gogorarazten digu emakume bakoitzak barru-barruko gordelekuan ditugula instintu, sormen, pasio eta denboraz kanpoko jakinduria, gizarteak berak ahanztuarazi dizkigunak gu otzantzeko saiakeran. Hainbat ideia indartsu irakur daitezke liburuan, hemen horietako batzuk:

Norbera izatea
«Gu geu garenean askok eta askok baztertu egiten gaituzte. Besteek nahi dutena betetzera mugatzen garenean ordea, erbestera kondenatzen dugu gure burua».
Norbera izateak ausardia eskatzen du, zenbait egoeratan ez delako batere erraza, baina gure identitatea gordetzea lortzen dugunean, jatorrira itzul gaitezke, emakume basatiak izaten jarrai dezakegu, askatasuna mugatzen saiatzen diren hesietatik urrutiratuz.

Indartsua izatea
«Indartsua izateak ez du esan nahi muskuluak lantzea, aitzitik, gure alderdi argitsuena bilatzea da, ihes egin gabe, izate basatia besarkatuz naturarekin bat eginda».
Gaur egun, oraindik, emakumea sexu ahula dela diote zenbait hiztegik. Ahultasuna eta hauskortasuna irudi femeninoarekin lotu izan dira. Badirudi gure kultura heldugabe honek ez duela ulertu oraindik indarraren benetako esanahia zein den, indartsua ez baita pisu handiak altxa ditzakeena, sorbaldan karga gehien eraman dezakeena edo lasterketa luzeak egin ditzakeena; indartsua da zailtasunei aurre egiten diena, ihes egiten ez duena, bere nortasuna beldurrik gabe erakusten duena, amore ematen ez duena, ausardiaz eta poztasunez bizi daitekeena.

Nork bere burua ez maitatzearen ondorioak
«Maitatuak izateko behar ezkutukoa ez da polita. Maitasunaren erabilera txarra ez da polita. Gure leialtasun eta debozio falta ez da maitagarria, arimatik bananduta bizitzea itsusia da, garatxo psikologikoak dira, haur fantasiak».
Behin eta berriz nabarmen geratzen da gaur egun emakumea ez dela bizi bere izate basatiarekin bat eginda. Otsoak badaki nor den, indartsua, askea eta baliotsua dela jakiteak atsegin ematen dio.
Gure burua ez maitatzearen ondorioak suntsitzaileak dira. Kanpora begira bizitzeak, emakume eredu artifizial, homogeneo eta menpekora egokitu nahian, zorigaiztoko egiten gaitu. Naturari begira jarri beharko genuke, gure arbasoek egin zuten moduan, horrek lagunduko digu gure balioa eta garrantzia berraurkitzen, elikatzen eta indartzen gaituen energiarekin bat egiten.

Maitasun egiazkoa
«Maitasun betea heriotza eta pizkunde segida da. Maitasunaren alderdi bat askatzen dugu eta aldi berri bati hasiera ematen diogu. Pasioa hil egiten da, eta berriro dator itzuleran».
Guztiz inoiz itzaltzen ez den indarra da maitasuna. Energia zinez eraldatzailea da, gure bidea egiten laguntzen diguna. Badakigu nork bere buruarekiko maitasuna lantzea baino zeregin garrantzitsuagorik ez dugula, besteei gure onena emateko modu bakarra delako.

Behea jotzea
«Haziak ereiteko eta zerbait berria sortzeko lurrik onena hondoan dago. Hondoa jotzea, oso mingarria izan arren, ereiteko lurra ere bada».
Behea jotzeak beldur ikaragarria ematen digu, gure indarrak akitu egiten dira, guztia galtzen dugu, baita esperantza ere. Baina, guztia galdu dugunean, zer gehiago gal dezakegu? Hor sortzen da zerbait berria, zerbait magikoa askotan. Gure azal, artifizio eta kargak alde batera uzten ditugu gora egiteko, askoz indartsuago hazteko… Une horretan emakume basatia bere izate osoan ager daiteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>