Saskiratze bikaina

Ordizia Saskibaloi Taldea 50. urteurrena ospatzeko ekitaldiak egiten ari da  2019-2020 denboraldian. Klubeko lehen taldeko lau jokalarik sorrerako urte hura nolakoa izan zen ekarri dute gogora. Istorio bitxiak kontatu dituzte.

Goian, ezkerretik eskubira zutik, Angel Etxezarreta, Patxi Olano, Juan Migel Ayerra, J. M. Gaztañaga, Karlos Madrazo eta Joxe Oiarbide. Makurtuta, Migel Urteaga, Angel Insausti, Roberto Sanz, Jabier Aierbe eta Peña. iñaki gurrutxaga

Ezkerretik eskubira zutik, Angel Etxezarreta, Patxi Olano, Juan Migel Ayerra, J. M. Gaztañaga, Karlos Madrazo eta Joxe Oiarbide. Makurtuta, Migel Urteaga, Angel Insausti, Roberto Sanz, Jabier Aierbe eta Peña.

Lehen harria jarri zuten, eta iragan irailean Ordiziako Plaza Nagusian Ordizia Saskibaloi Taldeak egin zuen ekitaldi jendetsuan konturatu ziren horretaz. Lehen harri hura jarri zutenetik 50 urte igaro dira. Orain, mahai baten bueltan elkartu dira Karlos Madrazo, Angel Insausti, Jabier Aierbe eta Jesus Mari Gaztañaga. Laurak, Ordiziako saskibaloi elkarteko lehen taldeko jokalariak dira, eta hastapenak nolakoak izan ziren ekarri dituzte gogora, urteurrenaren aitzakiarekin.

Zutik ezkerretik eskubira, Angel Etxezarreta, Inazio Olano, Juan Migel Ayerra, J. M. Gaztañaga, Karlos Madrazo, Joakin Aranburu eta Joxe Oiarbide. Makurtuta, Migel Urteaga, Joxe Felix Sarasola, Angel Insausti, Juan Etxeberria, Roberto Sanz, Jabier Aierbe eta Jose Antonio Peña. marin

Zutik ezkerretik eskubira, Angel Etxezarreta, Inazio Olano, Juan Migel Ayerra, J. M. Gaztañaga, Karlos Madrazo, Joakin Aranburu eta Joxe Oiarbide. Makurtuta, Migel Urteaga, Joxe Felix Sarasola, Angel Insausti, Juan Etxeberria, Roberto Sanz, Jabier Aierbe eta Jose Antonio Peña.

1.963. urtean La Salle ikastetxeko Santiago izeneko fraile batek saskibaloiko arauen inguruan hitz egiten zien ikasleei. Madrazo bera eta beste batzuk tartean zeuden eta halaxe kontatu dute: «Eskola garaian, jolas orduetan, taldeak osatu eta baloi txuri txiki batekin hasi ginen jokatzen». Horrela hasi ziren «futbola nagusi» zen urte haietan, Ordizian saskibaloiari bidea irekitzen. «Beste garai batzuk ziren, orduan ez zegoen gaur bezala eskola kirolik eta ahal genuen moduan antolatzen ginen kirola egiteko», erantsi du Insaustik. Txantxi kuadrillakoak behintzat ez ziren geldi egoten ziren horietakoak. Argi utzi dute laurek, harrotasun handiz gainera, «kirola beti gustuko» izan dutela eta gaur egun ere «kirola egiten jarraitzen» dutela.

Baina taldearen hastapenei helduz berriro, La Salleko fraileak gazteengan eragin zuen saskibaloirako grina aipatu dute. Haren klasetik pasa ez zirenak «lagunek kontatutakoagatik» hasi ziren, beste batzuk ziurrenik, jolas orduan jokatzen zen joko bakarra zenez kanpoan ez gelditzeagatik, edo agian, jolastokian saskia zelako gauza bakarra. «Saskia? Ez, ez, ez, ez», esaten dute barrez. «Orduan ez zegoen horrelakorik, gutako bat aulki baten gainera igo, besoak ondo altxatu eta baloia botatzen zuenak eskuetan eman behar zion».

Lehenengo saskibaloi taldeak «La Sallen sortu ziren eta ikastetxe desberdinen aurka jokatzen zuten», kontatu du Gaztañagak. Baina «eskola barruko taldeak zirenez, 18 urtetik gorakoentzat ez zegoen aukerarik». Dena den,«fraileetan ikasi zuten haiek oinarri, lehen saskibaloi taldea sortu genuen». Gainera, La Salle ikastetxeko taldeak «ligan bigarren» egin zuen. Ez hori bakarrik, urte hartan Gipuzkoako Kopa ere irabazi zutela ekarri du gogora Madrazok. Garaipen hark emandako bultzadak eragin zuzena izan zuen ondorengo urteetan.

Kuadrilla oinarrian

Euskal Herrian kuadrillak beti izan du pisu handia, eta duela 50 urte zer esanik ez.  Kuadrillan egiten zen guztia, baita kirola ere. «Lau jokalari izan ezik, beste guztiak Txantxi kuadrillakoak ginen», argitu du Madrazok. Futbol taldea osatu eta bigarren erregional mailan jokatzea zuten buruan lehenik, baina ideia hark ez zuen aurrera egin eta saskibaloiari heldu zioten. «Herriko taberna eta denda guztietan diru eske ibili ginen taldea osatu ahal izateko». Eta azkenean, 1969-1970 denboraldian, Villafranca Union Club-aren barruan hasi ziren jokatzen.

Urteurrenaren leloa Frontoitik kiroldegira 50 pase dira da. Horrek ematen du hastapenen inguruko pista bat, eta Aierbek baieztatu du: «Pilotaleku txikian entrenatu eta jokatzen genuen Joxe Oiarbide ordiziarraren gidaritzapean». Beste talde batzuk entrenatzatzen ibilia zen, «eskarmentua zuen gizona zen».

Ilusioa eta gogoa hain ziren handiak, pilotalekuak aterperik ez bazuen ere, «euria egin, beroa egin edo edozein zela egiten zuen eguraldia, larunbatero entrenatzen» zutela. Partidak igandeetan jokatzen zituzten.

Lehen partida hura

Lehen denboraldiko lehen partida etxean jokatu zuten, Ordizian, Donostiako Cordimariana taldearen aurka. «Pilotalekua jendez gainezka zegoen, nahiz eta han zeuden gehienek saskibaloiaz ezer ere ez zekiten». Herriko taldeari babes osoa eman nahi zioten herritarrek, eta bide batez, arratsaldea lagun artean pasa, «builaka bazen ere». Badirudi, saskibaloi partidak «oso beroak» izaten zirela. Hala kontatu du laukoteak, eta urte haietan saskibaloi taldearekin nolabaiteko harremana zutenek ere oroitzapen hori dute. Saskibaloi partida zenean Ordiziako pilotalekura joatea «bisitarientzat beldurgarria omen zen». Partida 38-40 galdu zuten.

«Eskolan, jolas orduetan, taldeak osatu eta baloi txuri txiki batekin hasi ginen jokatzen» Karlos Madrazo

«Herriko taberna eta denda guztietan diru eske ibili ginen taldea osatzeko» Jabier Aierbe

«Beste garai batzuk ziren, orduan ez zegoen gaur bezala eskola kirolik» Angel Insausti

«Fraileetan ikasi zuten haiek oinarri, lehen saskibaloi taldea sortu genuen» J. M. Gaztañaga

Giroa ez zen falta eta lehenengo emaitza ezagututa bazirudien denboraldia txukun joango zela: «Ondo hasi ginen, baina denboraldi osoan partida bakarra irabazi genuen», aitortu dute umorez. Donostiako Bankogi taldearen aurka lortu zuten garaipen hura. Hiriburuko taldeak ekonomikoki Ordiziakoa baino sendogoak izango ziren eta begiz jotako jokalariek ere bazituzten haien lerroetan.

Hemerotekako bitxikeria

1972ko urtarrilaren 4a, Errege Magoei gutuna: «Dakizuen bezala Txantxi kuadrillakook saskibaloi taldea osatu dugu, Villafranca U.C.ren barruan. Ezagun dituzue baita ere kirol talde guztiok ditugun arazo ekonomikoak. Taldekideak nortzuk garen ere badakizue. Guztiok ikasleak gara eta horrek nahi dugun guztietan entrenatzeko arazoak sortzen dizkigu, horregatik aste osoan egiten dugun entrenamendu bakarra topera aprobetxatzen saiatzen gara, eta noski, baloi gehiago behar ditugu. Botikin bat ere behar dugu, partidaren batean lesioren bat izatekotan beharrezko arreta eman ahal izateko. Azkenik, partiden egunetan ohetik goizegi jaiki behar ez izateko eta herrien arteko komunikazio arazoak ekiditeko, zaletuak gu eramateko prest ager daitezen eskatzen dizuegu. Horiez gain, bestelako opariak ere gustura jasoko ditugu. Edozertarako Taldeari zuzen zaitezkete eta eskerrikasko zuen laguntzagatik». Horrela idatzi zuen, Ordiziako kronista ezagunena zen Kifi-k egunkarian.

Herriko kazetariak egiten zuen lana «balioan jarri nahi» dute taldekideek. «Jarraipen osoa egiten zigun, hark zuen idazkera estilo bereziarekin».

Emozioa plazan

Urte haietako istorioak gogoratzen ordubete luzez egon ondoren, Ordizia Saskibaloiak aurtengo sasoian jokatuko duten taldeak aurkeztu zituen irailean. Lehen taldeko laukotea ere bertan zen. Batzuek besteek baino urte gehiagoan aritu ziren, baina guztiek jarri zuten lehen harri hura. Plazan bildu zen neska-mutil kopurua ikusita, «emozio handia» sentitu zuten. «Horregatik bakarrik bada ere merezi izan zuen».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>