Luis Katarain artzainaren artelanak

Luis_Katarain_artzainaren_Idiazabalgo Luis Katarain artzain zenak aisialdian egiten zituen artelanekin erakusketa osatu dute.

2016. urtean, Idiazabalgo Luis Katarain artzainaren (1926-2014) bizimodua Nire artzantza izeneko dokumentalean jaso zuen Idiazabalgo Ikerketa Taldeak. Artzaintza ulertzeko eta bizitzeko modu baten lekukotasuna jaso nahi izan zuten bertan orduan. Gure Esku Dagok egindako Gazta zati bat dokumentalaren protagonistetako bat ere izan zen Katarain.

2014an hil bazen ere, oraindik ere herritarrak «harritzen» jarraitzen du Idiazabalgo artzainak. Kasu honetan, Arantzazumendiko Katarain artista da protagonista, aisialdian egiten zituen artelanak jaso eta herritarrei erakutsi nahi izan baitizkie Idiazabalen,  Luis Katarain: artzaintzatik sortutako artea erakusketarekin. Urriaren 27ra bitartean, Idiazabalgo Gazta Interpretazio Zentroan  izango da. Asteburuetan egongo da irekita, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Ondarearen Europako jardunaldien ekitaldien barruan, eta Idiazabalgo Baserritarren Egunarekin bat eginez, osatu dute erakusketa.

Artzainaren artelanak

Familiaren laguntzarekin, mimo handiz osatu du udalak erakusketa eta Arantzazumendiko  artzainaren esentzia ondo baino hobeto jaso dute Gaztaren Museoan. Bazkaria eramateko amak erositako fianbreratxoa,  betaurrekoak, erlojua, garbiketarako gauzak, argazkiak, eskuz idatzitako idatziak… ikus daitezke batetik. Eta bestetik, Katarainek berak egindako artelanak eta lanerako tresnak. Makilak esate baterako: «Artzain hasi eta aitonak berehala esan zion ardiak dominatzeko makina beharko zuela, norberak egindakoa ahal bazen. Makil zuzen bat sasiartean aurkitu, ebaki eta okertu zuen urteetan lagun izango zuena».

Bestetik, zuhaitzen sustraietan forma bitxiak ikusita, horiek hartu eta gurutzeak, usoak, sugeak edo beste itxura batzuetako objektuak sortzen ere trebatu zen.  Alanbre punta erre eta gorituta zegoela egurraren gainean trazak egiten zizkion gero. Laztabina, berak egindako mazo bat, zintzelak eta bereziki labana erabiltzen zituen egurra landuz artelanak eta lan tresnak egiteko. Amaitu gabe utzi zituen azken galtzerdiak ere bilduman jarri dituzte, erlojuarekin batera.

70 urte artzaintzan

Idiazabalgo Aritzeder baserrian jaio zen Katarain eta sei-zazpi urte zituela, aitak eta aitonak «sei-zazpi ardizahar» erosi zituzten. «Kitto nire eskolako gogoa», gogoratu zuen behin baino gehiagotan artzainak. Honela, 14 urte inguru zituenean, artzain ibilbideari ekin zion: 29 ardi batu eta Hirumugaeta mendira eraman zituen lehenengo udan. Urte batzuk egin zituen horrela, txabolarik ez eta egunean bi aldiz joan-etorrian ibiltzen den etxetik mendira. Arantzazumendian, Hirumugetatik gertu, ordea, bazen txabola bat, eta hura konpontzearen truke berau erabiltzeko tratua egin zuen Katarainek jabeekin. 20 urte zituen orduan idiazabaldarrak, eta ataundar baten laguntzarekin egokitu zuen ondorengo 62 urteetan bizitoki izan zuen eraikina.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>