Urretxuko urrea, ofita

Urretxuko_harrobia

Urretxun ez dago urrerik, diamanterik edo petroliorik, baina bai oso preziatua den mineral bat: ofita. Azkoitira bidean 100 urte inguru dituen harrobi bat dago. Bertako ofita Urolako trenbidean erabili zen eta egun AHTren trenbidean erabiltzen da, balasto bezala. Oso gogorra da, gainean trenbide-trabesak jartzeko oso aproposa.

Urretxuko harrobia Gipuzkoako Foru Aldundiak ireki zuen eta ondoren esku pribatuetara pasa zen. 1985etik Ormaiztegiko Perez de Albeniz familiaren jabetzakoa da. 1988an Martin Perez de Albenizek hartu zuen. Harrobia kudeatzen duen enpresaren izena Ofitas de Urretxu da, eta egun hamar langile ditu. Bertatik ateratzen duten ofitak ADIF enpresaren homologazioa eta kalitate ziurtagiria ditu. Euskal Herrian beste bi enpresek bakarrik dute ADIFen homologazioa, eta biak Nafarroan daude.

Baina zer da ofita? Ofita sumendi batetik ateratako harkaitz mota bat da. Sumendi bat Urretxun? «Duela 90 milioi urte Afrikako eta Europako plakek talka egin zuten eta Pirinioak sortu ziren. Talka hark hemen ere eragina izan zuen: hemen ere talkak, hondoratzeak, altxatzeak… egon ziren. Garai hartan inguru hau urpean zegoen eta talka haien eraginez laba isurpenak egon ziren. Laba hori, uretara ateratzean, hoztu eta kuxin forma hartzen du. Urretxuko harrobian eta errepidea egiteko egin ziren mendi mozketetan tantak ere ikus daitezke», azaldu du Javier Aguado Urrelur museoaren sortzaileak.

Harrobian eta errepide bazterrean duela 90 urte gertatu zenari buruzko informazio asko dago. «Kretaziko amaierako informazio asko dago».

Laba, hemen

Ofita hain baliotsua bada, zergatik ez daude ofita harrobi gehiago Gipuzkoan? «Laba isurpenak hemen izan ziren. Azpeitia inguruan, adibidez, kareharria dago. Nire aitak, umetan, mineralak ikustera eramaten ninduen. Behin, errepide ondoan, alemaniar batzuk ikusi genituen. Liburu bat zuten eta errepide ondoan liburuan ageri zen materiala aurkitu zuten».

Afrikak eta Europak talka egin zutenean laba isurpenak egon ziren inguru honetan
Urretxuko harrobian ateratzen duten ofita duela 90 milioi urte gogortu zen laba hura da

Ofita bere gogortasunagatik da baliotsua. «Ofita basalto bat da eta basaltoak oso gogorrak dira. Hozterako orduan presio handia jasan dutenez, oso konpaktoak dira. Hala, ofita zoru gogorrak egiteko dagoen material onenetako bat da. Lantegietako zoruak eta errepideak egiteko erabiltzen da, adibidez. AHTren zorua, egiteko ere erabiltzen da balastoa. ADIF Urretxuko harrobiaren bezero garrantzitsuenetako bat da», azaldu du.

Garai batean hemen inguruko zoru asko egiteko erabiliko zela uste du. «Urretxuko elizako zorua harri honekin egin zuten, adibidez».

Bihar harrobira bisita

Urretxutik Aizpurutxora doan tarte hori interes geologikoko gunea da, eta bihar, hilak 26, harrobia bisitatzera joango dira, Mineralogia eta Paleontologia Astearen barne. Urtero txango bat antolatzen dute. «Harrobia oso bertikala da eta gainera zabalik dago. Hori dela eta, oraindik ez gara inoiz joan. Baina dagoeneko 31 urte pasa dira Astea antolatzeari ekin genionetik eta gure altxor hau erakusteko garaia da».

Hasteko, errepidetik ikusten ez den terraza batera igoko dira eta ondoren Ofitas de Urretxu enpresak ibaiaren beste aldean duen legar biltegira joango dira. Azalpenak enpresako langile batek eta Aguadok berak emango dituzte.

Aguadoren ustez, Urretxutik Aizpurutxora ikus daitezkeen formazio geologikoek erakutsiak izatea merezi dute. «Zumarragatik Aizpurutxora bizikletan joan daiteke, bidegorritik. Bidean geldialdiak egin daitezke, azalpenak emateko. Harkaitzetan bailara hau nola sortu zen ikus daiteke. Halako egitasmo batek kultura, turismoa eta aisialdia uztartzen ditu».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>