Boleibol taldea denboraldirako prest

Anne_eta_Amaia_ZufiaurAnne Zufiaur (1996, Zumarraga) eta Amaia Zufiaur (2001, Zumarraga) ahizpak Urretxun sortu berri den Goierri Boleibol taldeko jokalariak dira. Proiektua martxoan hasi arren, une honetan 24 jokalari dituzte eta denboraldiari hasiera eman zioten pasa den asteburuan.

Anne taldearen sortzaileetako bat da. Jokalari izateaz gain, lan desberdinak izan ditu talde barruan. Hasieran entrenatzaile lana ere egiten zuen arren, jokalari eta delegatua da orain. Taldea handitzen hasi zenean, Rosa Valverde urretxuarrak hartu zuen bere entrenatzaile rola, 1970eko hamarkadan jokalari bezala aritutakoa.

Unibertsitateko talde batean hasi ziren jokatzen. Ikasketak amaituta, bertako taldean jokatzeko aukera galdu zuten,  eta gogotsu jarraitzen zutenez, Goierrin nesken boleibol taldea sortzeko ideia abiatu zen. Goierri K.E-aren baiezkoarekin martxan jarri dute proiektua eta bi talde dituzte, seniorra eta jubenila, biak Gipuzkoa mailan arituko dira.

Zailtasunak ere badira

Jende ezagunarekin hasi ziren taldea betetzen, lagunak eta herriko jendea, baina une honetan, herri anitzeko jokalariak dituzte: Urretxu, Zumarraga, Beasain, Antzuola edo Ezkio, besteak beste. 28 jokalari izatera iritsi dira, baina ordutegien ondorioz 24k osatzen dute orain.

Nahiz eta udalaren laguntza izan duten, ez da nahikoa izan eta beraiek jarritako diruarekin eta babesle batzuen laguntzarekin batera, taldea aurrera ateratzea lortu dute. Bi ahizpek aitortu dutenez, material guztia erosi behar izan dute, baloiak, sarea, posteak…«Ez da futbolean edo saskibaloian aritzea bezala, kirol hauetarako materiala erosita dago jada, gurean, berriz, hutsetik hasi gara. Etxarre inmobiliaria izan da gure babesle nagusia».

Zailtasunak ere izaten dituzte entrenamenduei dagokienez. «Gainontzeko taldeek toki askotan entrenatu dezakete, baina guk boleibola Aldiri kiroldegian bakarrik egin dezakegu eta oso denbora gutxi izaten dugu, astean bitan», adierazi du Annek. Izan ere, bertan bakarrik dauzkate jokatzeko behar diren instalakuntzak, eta espazio aukera zabalagoa izatea eskertuko lukete.

Denboraldiari hasiera

Pasa den asteburuan denboraldiari hasiera eman zioten. Galdu egin zuten Hernani K.E-ren aurka, baina «ongi aritu» zirela eta «oso gustura» daudela aitortu dute. «Lehenengo urte hau ikasteko eta jendea prestatzeko erabili nahi dugu gehienbat», zehaztu du Amaiak. Hurrengo partida etxean izango dute, Aldirin, Zarauzko Lizardiren aurka.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>