Joxepa Madariaga eta Inaxio Usarralde

Joxepa Madariaga

Aupa!, Inaxio. Pozik natorrek, poz pozik, zirkuaz hitz egitera. Zirku asko eta askotarikoak ditiagu inguruan, konpainia desberdinetakoek eginak, ikuskizun lotsagarriak asko eta asko. Ikusi berri dugun Erorien Haraneko Zirkua, adibidez, batere graziarik egin ez didana; nola, bada, grazia egin, berriz, beste behin, frankismoa goraipatzeak? Izugarria duk hil eta gero ere horrelako lanak ematea, Patxi pailazoak…

Gaur bertan, barrez eta pozik jarriko nauena, aho zabalik utziko nauena, Araman, Gure Zirkua duk. Hori bai ederra! Iker Galartza, artista amezketarra eta konpainia lanean: trapezistak, funanbulistak, malabaristak, pailazoak, dantzariak… Animaliarik gabe! Euskal artistak herriz herri ibili dituk haur eta helduentzat ikuskizuna eskaintzen. Herriz herri, bai, Euskal Herri guztian zehar, ipar eta hego; eta bira bukatzeko, Goierri aukeratu ditek, Arama. Gogoratzen haiz, nola, garai batean, haur ginela, herriko plazara joaten ginen, familia guztia joan ere!, etxetik aulkiak hartuta, titereak ikustera? Sanson indartsua, emakume bizarduna, nanoak… Pozik joaten gintuan! Geroago, Circo Italiano, Cirque du Soleil… ikusi izan ditiagu batzuen batzuk. Eta, ba al dakik, urrutira joan gabe, Ataunen, gaur egun, badela Hiru Txilipurditan deitzen den Zirku Eskola? Sorkuntza, arte eta kultur mugimendua lantzen dituen eskola duk. Askotan, maiz, maizegi, gertukoari, etxeko nahiz auzokoari, ez zioagu erreparatzen. Pena.

Madariaga-UsarraldePenak, tristurak eta ikuskizun lotsagarriak alde batera utzi, argiak piztu eta tratatatata… danbor soinuarekin, has dadila emanaldia!

Inaxio Usarralde

Has dadila saioa, hasi, horrelakoa bada! Nik Orioko Gure Zirkuko saioa ikusi ninan udan,  eta  Aramakoan, alabari utzi zionat sarrera, hark ikusi gabea zuela eta… Lorategi batean sar daitezkeen adina lore eta gehiago merezi dizkiten Gure Zirkua ikuskizuneko kideek eta, tartean, azpimarra berezia eginez, Iker Galartzak. Ametsak egia bihurtzen direla; zirkua ikuskizun duina dela (eta ez dela tiro-pitxoia jartzearen parekoa!); ikuskizun hori berori haurrentzat bezala helduontzat ere erabat erakargarria dela… zenbat irakaspen uzten ari zaigun Gure Zirkua!

Gogoratzen naizenez, egunerokoan, hizkuntza komunitate normal bateko kide izatearen indarra sentitu ninan saiotik irtendakoan. Hau da, zirkua ikusi ote nuen galdetzen zidatenean zoragarria izaten huen ikuskizunaren alde teknikoak azpimarratzea (esketxen gidoia, saioaren egitura, erritmo bizia, musikaren osagarritasun bikaina, onurak…), euskaraz izan zela esan beharrik gabe. Eta galdetzen bazuten, zein ahaldun, zenbateraino ziur sentitzen nintzen esateko: «Aizan, Gure Zirkua bada, nola uste dun izango dela, ba? Hori ardi-gazta zein esnerekin eginda dagoen galdetzearen parekoa izango huke!»

Gainerakoan, arrazoi dun zirkutik zirkura aldea dagoela… Solamente, ez niken nahi izango Patxi pailazoaren hilkutxa hori garraiatu zuen helikopteroko gidari… Han, deskuiduan, kutxa hori erori balitzaio, hezur eta guzti, gidari horrek zer izen hartuko zinenan? Batzuei entzun zienat frankotiratzaile izango litzatekeela…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>