«Sortutakoa argitaratzea besterik ez dut nahi»

Xabier_Crehuet_musikari_or

Bigarren lana kaleratu du Xabier Crehuet musikariak (Ordizia, 1993), Gautar. Oraingoz bi abesti soilik aurkeztu ditu: Gaua eta Indiferentziatik ilu­siora eta bueltan. Azaldu du «pat­xadaz» hartu nahi izan duela lan prozesua, eta «gogoaren arabera» argitaratuko dituela kanta berriak. Urrian Ordiziako Sujetoenean aur­keztu zituen jendaurrean bi abes­tiak, 2018ko Izaki primitiboak diskoko kantekin ba­tera.

Gitarrarekin aritzen zara abesten, baina pianoa eta tronpeta ere jot­zen dituzu.
Hiru urtez jo nuen pianoa, baina praktikatu ezean… Oinarri batzuk sortzeko erabiltzen dut. Halere, na­hiko alboratuta daukat azkenaldian. Tronpeta ere jotzen nuen. Orain perkusioarekin hasi naiz, bateria elektroniko batekin, eta etxean ikasten dut nire kontura. Hainbat instrumentu ezagutzeak ikuspuntu desberdin bat eskaintzen dizu, sortu nahi duzunaren pertzepzioa izateko edo. Nik gitarra erabiltzen dut ahotsa eramateko, baina tekni­koki ez nuke esango trebea naize­nik.

Lan berria iragartzeko kontzertu bat eman zenuen Sujetoenean, bi abesti aurkeztuz. Pixkanaka argitaratuko dituzu?
Patxadaz hartu nahi nuen bigarren lan hau. Lehenengo albuma atera nuenean bat-batean zortzi abesti kaleratu nituen. Beti dago berezia­goa den abestiren bat, eta,adibidez, Maiteminduarena atera nuenean, sormen aldetik garatua eta berezia iruditu zitzaidan, baina Jainkoa mu­sika da abestiak harrera hobea izan zuen. Konturatu nintzen nire lanak kaleratzeko ez nuela zertan disko bat egin; hori musika industrian egiten dena da, baina salmentei be­gira izaten da. Nik sortutakoa argitaratu besterik ez dut nahi. Beraz, oraingoan pentsatu dut bi ateratzea, eta aurrerantzean besteak.

Eta noiz izango da hori?
Hurrengo hiru abestiak urte hasie­ran aterako ditut. Karlos Gimenez piano jolearekin ari naiz orain lanean. Ez dut egitura finkorik, go­goaren eta lanaren arabera aritzen naiz.

Nolakoa izan da Karlos Gimenezekin lan egitea?
Oso polita izaten ari da. Oraindik ere lanean gabiltza. Etxeko laguna da, eta bere etxean elkartzen gara musika egiteko.

Karlosez gain, beste musikari batek ere parte hartu du.
Xabik [Murua]. Laguna da. Oporraldi batean proposatu nion, abesten eta gitarra jotzen genbiltzala lagun artean. Hasieran ez zuela abesten esan zidan, baina azkenean grabatu genuen. Musika, azken batean, denontzako da.

«Beti entzun izan dut musika asko, baina ez dut artista bakar batekiko begirune jakinik»
«Lehen lana argitaratu nuenean hainbat kontzertu izan nituen, baina zaila da lortzea»

Zer des­berdintasun nabari duzu lan berri honen eta aurrekoaren artean?
Konposizio aldetik. Bai Gaua eta bai Indiferentziatik ilusiora eta bueltan, Izaki primitiboak argitaratu nuenean idatzi nituen. Baina lanketa eta forma aldetik desberdina dela esango nuke. Osatuagoa da, instrumentu gehiago erabili ditut.

Sortzerakoan egitura zehatzik erabiltzen duzu?
Gehienetan esaldi bat bururatzen zait melodia batekin, eta, hori oinarri izanik, ordu bateko prozesua izaten da, abestiaren zatirik garrantzitsuena osatzen dut tarte motzean. Hurrengo egunean, jolasteko au­kera ematen dizu horrek.

Bi diskoek badute antzekota­sun bat: karatulek marrazki bana dute. Zein da egilea?
Diego Besnek egin zuen lehena, Donostiako ilustratzaile batek. Zargaldu itxura du, asko gustatzen zait. Bigarrena, berriz, disei­natzailea den lagun baten lana da, Omar Gonzalezena. Berak marraztu zuen, eskuz grabatuta. Lan ederra. Pintura horretan oinarrituta, gainera, abesti bakoitzari ukitu ezberdin bat eman nahi diogu; marrazki bera izango da, baina kolore eta xehetasun ezberdinekin.

Youtube-ra bideo batzuk igo zenituen 2013an. Zer aban­taila uste duzu eskaintzen dituela Internetak musikarientzat?
Kanta baten bertsioa igo nuen,  eta hori izan zen lehenengo agerpen publikoa herri mailan. Hobby be­zala egin nuen, baina Interneta giltzarri da zure burua ezagutarazteko. Nire izena Interneten idatzi eta bertan agertzea… arraroa da, baina zabaltzeko bide bat da.

Zeintzuk dira zure erreferen­teak musikan?
Musika asko entzun izan dut beti, baina ez dut inoiz izan artista bakar batekiko begirunerik. The Beatles talde britainiarra asko gustatzen zait, abesti melodiko eta motzak di­tuzte; Of Monsters and Men talde islandiarraren indie folka ere gus­tuko dut; Sorotan Bele, Oskorri… baina ez diet inoiz horiei erreparatu musika egiterakoan. Abesti melodikoetan oinarrituta sortzen dudala uste dut

Non grabatu zenituen diskoak?
Lehena Idiazabalgo Sound Source estu­dioan, Arkaitz Carrascorekin, eta, bigarrena, Beasaingo Pottoko estu­dioan, Fredi Pelaezekin. Ikaragarria da Fredik pianoa nola jotzen duen, oso ona da. Gainera, lanean aholku ederrak ematen ditu. Karlosekin etxean grabatutakoa eraman genion, eta bertan abestiak hobetzeko gomendioak eman zizkidan.

Kontzerturik epe motzean?
Lehen lana argitaratu nuenean hainbat kontzertu izan nituen, baina zaila da. Mezu asko bidali ditut, Euskal Herriko hainbat lekutara; udalet­xeetara, kultur etxeetara… baina erantzunik ez. Orain gustura aritzen naiz kontzertuetan, eta eskerrak plazeragatik egiten dudan, ez baita batere erraza lortzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>