Nagore Belastegi eta Iraia Oiarzabal

Nagore Belastegi

Normalean GoiBerri-ko mezua jasotzen dugunean txanda tokatzen zaigula abixatuz, bion artean adosten dugu zertaz idatziko dugun, baina uste dut gure buru eta behatzak aske uzten ditugunean interesgarriagoa izaten dela. Beraz, gaur zure aurreko testua hartuko dut oinarrian.

Aipatzen zenuen ordu aldaketarekin iluntasuna eta hotza etorri zirela, etxean egoteko gogoa sortzen zaigula. Eta uste dut Estatuko jende askori hori gertatu zitzaiola joan den igandean, eguraldi kaskarra zegoela ikusirik sofan goxo-goxo gelditzeko erabakia hartu zutela, eskoletan erabakitzen zela euren esku egongo ez balitz bezala. Ulertzen dut, alde batetik, giroa inoiz baino ilunagoa baitago, batez ere klase altuko gizon zuri zisgenero eta espainolak ez garenontzat. Egia esan Murtzia aldera muturra gerturatzeko batere gogorik ez dut. Sauronen begia zelatari duen Mordor dirudi. Euskal Herria Hobbiton da fabula honetan.

Gure aterkia hartuta ilusio handiz joan ginen bozkatzera, eta kanpoan dagoen iluntasun eta hotz horrek sekulako beldurra ematen duen arren, harrotasun puntu bat sentitzea ezin dut ekidin. Euskal Herria berdea da (belarraren berdea, itxaropenaren berdea). Eta amorrua ematen dit ikustea orain beste berde bat ari dela zabaltzen Estatu espainolean. Baina gauza txar guztietatik zerbait ona atera daitekenez, honi ere ikusi nion umore puntua. Belastegi-OiartzabalWhatsapp aplikazioa duzuenok joan emotikonoetara eta bilatu ondoezik dagoen aurpegitxoa. Zein berde motakoa da ahotik botaka dariona?

Iraia Oiarzabal

Hilabete gutxian tokatu zaigun hirugarren hauteskunde gaua izan zen igandekoa. Gure ofizioan gau berezia izaten da. Begiak pantailara eta datuetara pegatuta, azken orduko emaitzen zain, burua ahalik eta argien, bozek emandakoaren lehen ondorioak identifikatu eta kontatzeko.

Oraingo honetan ere, ikusi duguna da Euskal Herriak beste klabe batean hitz egiten duela hautesontzietan. Hilabeteak pasa ditugu gobernua osatzeko Pedro Sanchezen ezintasunaren lekuko izaten, orain 48 orduan Pablo Iglesiasekin irudikatutako ika-mika hutsalak albo batera utzi eta akordioa erdiesteko.

Bien bitartean Voxek ordezkatzen duen eskuin muturraren gorakada egikaritu da gure mugetatik kanpo. Katalunia eta Euskal Herriako indar subiranisten kontrako mehatxuak, xenofobia, homofobia, misoginia… Horixe da ordezkatzen dutena, eta horren aurrean Hego Euskal Herriko biztanleek erantzun argia eman dute: eskuina bazterreko hautua da gurean. Erabakitzeko eskubideari, autogobernuari, feminismoari eta askatasunei eraso egin nahi dieten indar atzerakoi horien aurrean, Euskal Herrian boto abertzalea nagusitu da.

Atzera ez, aurrera egin nahi dugu eta konfiantza dugu horretarako baldintzak eta gaitasunak baditugula. Orain argi luzeak jarri eta hala dela erakusteko garaia da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>