Inaxio Usarralde eta Joxepa Madariaga

Inaxio Usarralde

Euskara eta lan mundua lotzera noan gaur, Joxepa. Burubidea Jon Sarasua irakaslearen esaldi honek eman zidan: «Ahalegin handia egin dugu hezkuntza euskalduntzeko, baina lan mundua masiboki erdalduna eta erdalduntzailea da». Urte hauetan Debagoienan lanean ikusitakoaren arabera, hala dela baiezta zezakenat: bere ikasketa prozesu osoa euskaraz egin duen gazte batek lan mundura jauzi egiten duenean ia prozedura gehienak gaztelaniaz egiten direla ikusiko din.

Beste era batera esanda, herritarrei begira lan egiten duten administrazio, merkatari eta hainbat lantokik zerbitzu hizkuntza gisa, gutxi edo gehiago, ziurta ziezaioketen euskaraz doanari berak hautatu bezala jasoko duela arreta. Baina, gero, gune horietan eta industria arloan, batez ere atez barrura, euskara lan hizkuntza izatetik urrun gaudela ikusten dun.

Har ditzagun Goierriko enpresa eta lantokiak, publikoak edo pribatuak. Lanean hasi berri diren goierritarrak nola ari dira barrurako idatzizko nahiz ahozko harremanetan? Egunero egiten dituzten lanen zerrenda idazteko inprimakiak zein hizkuntzetan dauzkate? Eta gero langileek horiek nola betetzen dituzte? Lan egin behar duten makinaren pantailak zein hizkuntzatan dituzte? Ordenagailu aurrean ari direnek nola dituzte lan tresnak? Ba ote zegoen hizkuntza irizpiderik adostuta eta horiek Usarralde-Madariagabetetzea ziurtatuko duen protokolorik?

Gure gazteek ez diezagutela esan «euskara lanean hasi nintzenean galdu nuen, han ezin zelako euskaraz lanik egin».

Joxepa Madariaga

Bai, Inaxio, arrazoia duk. Jon Sarasuak, Bilbon (Euskaltzaindiak antolatutako Jagon jardunaldietan) eta Juan Jose Ibarretxek, Donostian (Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako Ekonomialari Euskaldunen I. Biltzarrean) eman dituzten hitzaldietako kronikak, interesgarriak eta kontuan hartzekoak iruditu zaizkidak. Nola jokatu, nondik nora jo, pista asko ematen zizkigutek, nola batak, hala besteak. Sentsibilitate askotariko jendea gaudek, eta elkarrekin, errespetuz jokatu beharra diagu. Borondate onez denok aktibatu eta aurrerapauso asko eman zitzakeagu. Guztion proiektu eta lanak dizkiagu beharrezko: erakunde publiko handiak (Jaurlaritza, diputazioak), tokiko erakunde publikoak (udalak), nazio mailako euskalgintza (Kontseilua, Topagunea…), herri mailako euskalgintza (euskara elkarteak, kulturakoak…), teknikariak, herritarrak (haur, gazte eta heldu, kolore guztietakoak), denak elkarlanean. Akordio politiko sendoak eta beteko ditugun konpromisoak behar ditiagu.

Kultura, batez ere euskal kultura, ez diagu balioztatzen. Bi antzerki eta lau kontzertu euskaraz antolatu urtean eta gure kulturari lekua egin diogula iruditzen zaiguk, askotan. Kultura, ordea, hori baino gehiago duk. Kultura elkarbizitza duk, errespetua duk, eguneroko bizitza, festa eta lana, elikadura, hezkuntza, kirola, politika…; ekonomia ere kultura duk, nola ez, bada?

Bigarren Euskaraldia antolatzen parte hartu nahi duzuenok, etorri batzorde bileretara!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>