Herritar ilustre eta emankorra

Serapio_Mujika

Mujika (zutik ezkerrean), Carmelo Etxegarai, Arturo Campion, Julio Urkijo, Domingo Agirre eta Juan Carlos de Guerrarekin. / Guregipuzkoa

Duela 155 urte, 1854ko azaroaren 14an jaio zen Ormaiztegik eman duen pertsonaiarik ilustre eta berezienetako bat. Historia eta ibilbide aberatsa utzi baitzuen Serapio Mujikak (Ormaiztegi, 1854 / Donostia, 1941). Historialari eta artxibozain ezaguna izan zen, eta baita Eusko Ikaskuntzako kidea ere.

Biona baserrian jaio zen. Gurasoak Pedro Nolasco Mujika abokatu eta eskribaua, eta Carlota Zufiria zituen. 10 hilabete eskasekin, ordea, umezurtz gelditu zen, 1855ean Ormaiztegi astindu zuen kolera gaitzak jota hil baizitzaizkion biak.

Tolosan eta Bergaran egin zituen batxilergoko ikasketak, eta handik, Zaragozara eta Bartzelonara joan zen, zuzenbide ikasketak egitera. Bigarren Karlistaldiak bete-betean harrapatu zuen ikasle garaian, eta liberalen aldean aritu zen, boluntario moduan.

Lehengusu txiki zuen Ignacia Mujikarekin ezkondu zen, eta bost seme-alaba izan zituzten: tartean Gregorio Mujika idazle eta historialaria, eta Jose Mujika abokatua.

Serapio_Mujika(1)

Ormaiztegiko Muxika plazaren inaugurazioa. guregipuzkoa

Gipuzkoako artxibozain

Artxibozain moduan berealdiko lana egin zuen Serapio Mujikak. Garaiko Gipuzkoako Diputazio Probintzialak, lurraldeko udal artxibategiak ordenatu eta kontserbatzeko enkargua eman zion, inspektore izendatzearekin batera. Lan horri eskaini zizkion bere bizitzako urterik gehienak. Aizarnazabal, Astigarraga, Donostia, Hondarribia, Irun, Ezkio, Eibar, Errenteria, Oiartzun, Ordizia, Zumarraga etaZumaiako artxiboak sailkatu eta aztertu zituen, baita artikulu ugari publikatu ere.

Hainbat titulu eta aitorpen ere jaso zituen; Gipuzkoako Kronikalari eta Seme Kuttun, Frantziako Akademiako Ofizial eta Historiako Erret Akademiako urgazle izendatu baitzuten. Eusko Ikaskuntzako kide ere izan zen, eta artikulu ugari idatzi zituen Euskal Erria, Yakintza eta Euskal Esnalea aldizkarietan.

Bizitza emankor baten ondoren, 1941ean hil zen Donostian, 86 urterekin. Aurretik, herritarren omena jaso zuen, 1933an.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>