Beharbada ala behar bat da? 

salameroEgun hauetan Anthony de Mello-ren Maitasunari deiadarra. Konszientzia, askatasuna, zoriona liburua irakurtzen ari naiz, atseginez,  sakonki, pauso txikian. 1991n estraineko aldiz argitaratutako liburuak, gizakiaren sentiberatasun eza dela eta, gure inkonszientziak sortu duen giro zabarrez jarduten du, idazleak berak kristau ikuskera kritiko, baina berritzaile batetik gizartea aztertuz.

Bitxia da liburua irakurriz, gizakumeok zenbat eremu –natura, sentimenduak, emozioak…–  arduragabekeriaz nola triskatzen ditugun,  batez ere ezinari aurrera ekin dezan uzten diogunean, izan ere, ezinean jardunez gureak egiteko bidea  erraz topatzen baitugu, ez garena egokiro azaltzeko aukera baitugu –itolarriak, estutasunak…–  eta horrela, saminduraren mapa  marrazten zaigu aurpegietan. Dena den, hauxe gogorra bada ere, gogorragoa zaigu geure ardurak geure egin beharrean, bestei  leporatzen dizkiegunean, eta oso ohikoa da honakook entzutea: «Beharbada, bera izan da jardun horren eragilea», «beharbada, hori espero zuen eta kontrakoa jaso du», «beharbada…» halakoak, sarri,  esanez, pentsatzen jarri gara inoiz zenbat beharbada makur sortzen ditugun ezerezkeriaz mintzatuta? Ba, nahikotxo, eta «beharbada» hauexek esanda bere horretan geratuko balira, gaitzerdi, baina  esan soil horiek bide egiten dute, hitzak bere ildoa egiten dakielako.

«Beharbada» horien guztien atzean beldurra besterik ez dut ikusten, uste, susmo eta su-bide askoren garra, eta hala gabiltza, funanbulisten antzera, soka gaitzen gainean, oreka mantendu guran, baina amaigabeko desorekan. Esan liteke desoreka horixe gustuko duela jendeak, baina bada makina jende bazterretan «beharbada» gaitzak zabalduta, sare horien hari zarpail-okerretan kateatuak geratuz, oraindik, haien ifarra non den ere asmatzen ikasi ez dutenak, zergatik ote? Beharbada…?

Neuk zalantza, beharbada, ziurtasun ezara garamatzaten beldurrak behatzea behar bat dela aldarrikatzen dut, bai, beharrak jartzen gaitu bidean, nahitaezko erabakiak, zirt ala zart egin beharrekoak burutzera, premiazkoak zaizkigun ebazpenak hartzera.  Hargatik, sinesten dut behar bat dela izanaren apostu zintzoa, zuzena eta zuhurra gizaki eta izaki ororen alde egitea; behar bat da gure gazteek, aitona-amonek, haurrek, helduek haiek maite dutenetik jardutea, gizateria zabal honek sentiberatasuna garatzeko, eta sentitzen eta maitatzen duen horri esker, adierazpide berriez gain, adierazteko guneak nonahi sortzeko; behar bat da edonoren ahotsa kokiltzea bilatzen dutenei burrunban erabilitako indarra sortze-lanetan erabil dezaten eskatzea; behar bat da isiltasuna eta geldotasuna bizitzeaz aparte, biziarazteko gonbitea edonori egitea, batik bat, gu garen osotasuna behin eta berriz, besarkatzeko; behar bat da gizaki bakoitzak sendotu behar duen nortasuna etengabe lantzea, norbera ezbaian bizi baino, ziurtasunez, konfiantza osoz  biziak aurkezten dizkigun egoerei taxuz erantzun ahal izateko; behar bat da garena eta sortzen duguna plazaratzea, jendearenganatzea, ikusmira desberdinetatik ikasten joateko; behar bat da txutxumutxu merkeetan jardun baino, modu baikor eta eraikitzailean jokatzea, elkar hartuz, elkarrenganako bizipoza sustatzeko; behar bat da gure arreta ekimen eta egitasmo eraikitzaileetan  jartzea gaurko eta biharko belaunaldiek beren solas eta aritzean irekiduratik, adeitasunetik zein ikusmira kritikotik haien esanak mahairatuz bide berriak urratzeko; behar bat da, bai, adiskide, behar gorriko behar hauxe bihotzetik bihotzera adieraztea beharbada zalantzakor eta mugatuen sasi-laharretatik urrun joanez Biziaren oihua, oihu bizia zabaltzeko.

Egia da, behar horren bidean  guztion pausoak entzun ditzakegula,  baina masa zabal horren guztian galdu baino, zeure urratsen taupetan errepara dezazun nahi dut, izan ere urrats hauen taupak gogoz, bihotzez emandako taupak dira, zeuk emanak, eta zeuk bakar-bakarrik dakizu haietan gertatzen ari denaren berri. Behar horri erantzuteko pronto al zaude, ala «beharbadakerian» galdu behar duzu?

Enrique Martinez Lozanok bere liburu batean dio, mundu honetan salbatzaileak baino, esnatzaileak izango diren pertsonak behar ditugula. Neu iritzi berekoa naiz, eta zeu horietakoa  zarela sinesten jarraitzen dut. Jakizu, adiskide, hauxe zuri aditzera ematea behar bat besterik ez dela,  zeren beharrik izan ezean, ez nuke esan beharko.  Bihotz betez, zuri, eskerrik asko!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>