Nagore Belastegi eta Iraia Oiartzabal

Nagore Belastegi

Abenduan sartu gara eta baditugu hementxe urte amaierako betiko leloak: Durangoko Azokako kultura uholdea, Mirandaolako Olentzeroren ordu extrak, gosea pizten digun gaztain-erre usaina, San Tomaseko taloak baserritar jantzi dotorean uzten digun orbana, lanera gauez sartu eta lanetik gauez ateratzea, euliak behingoz uxatuko dituen hezurretaraino sartzen zaigun hotza. Lasai, Iraia, uste al zenuen urteko zure egunik gustokoena ahaztuko nuela? Santalutzi ere hementxe dugu, bere giro apartarekin, astotxo iletsuekin, artilezko galtzerdi eta txano postuekin. Izan ere, 2019ak azken arnasa hartzen duen arte baditugu une politak igarotzeko, Goiberri-n idatziko ditugun azken lerroak tartean. Baina zoritxarrez badaude atzean utzi beharko genituzken gauza pila bat. Azaroaren 25a pasatu zen baina beste egun bateko egunsentia ikusteko aukerarik izango ez duen emakume bat joan zen egun horrekin. Bere bikotea izandakoak kendu zion eskubide hori, indarkeria matxistaren aurkako egunean bertan. Errua, noski, matxista ez dela esaten duen gizartearena da berriro. Emakumeak nazkatuta gaude hiltzen ari gaituztelako, baina baita ere maite gaituzten gizonak. Eta horregatik aurten mahatsak jatean eskatu ohi ditudan desioetako bat indakeria matxistarik gabeko 2020. urte baten aldekoa izango da. Beste hamaikak seguraski oraindik astebururo ehunka kilometro egiten dituztenei, Belastegi-OiartzabalKataluniara edo Mediterraneora bidaliko ditut. Bakarren bat niretzako gordeko dut.

Iraia Oiartzabal

Abenduan sartu berri eta, oraingoan ere, gure lerro hauek azken momentuan eta erlojua gainean dugula harrapatu gaitu Goiberrik. Ez dira data arinak izaten hauek gure ofizioan, ez. Urteak utzitakoari begiratzen ez ezik datorrenak zer ekar dezakeen asmatu nahian ibili ohi gara abenduaren 31ko egunkari berezian gure onena uzteko asmoz. Tartean noski Durangoko uzta eta Gabon usaia duten ospakizun zerrenda ederra. Akaso 31ra bitarteko maratoiak uzten didan nekeagatik gogotsu eta ilusio berrien beharrean iristen naiz urteko azken gau berezi horretara. Urteak kezkarako eta hausnarketarako arrazoi andana utzi digu beste behin ere: egiturazkoa den emakumeen kontrako indarkeria, desagertzen ez den bazterkeria eta pobrezia, atzeraldi ekonomiko berri baten mehatxua, eskuin muturreko ideia atzerakoien suspertzea, kanpokoa eta ezberdina mespretxatzen dituen politika, herritarrei hitza ukatzen dieten ordezkarien zurikeria, kartzela, memoria selektiboa… Horren aurrean, ordea, itxaropenerako argi izpiren bat ere topatu dut gure herri txiki honetan. Azken urtean kalera irten eta euren kezkak lau haizetara zabaltzen aritu diren gazte konprometituak hor daude. Esna daude eta aldaketak nahi dituzte. Ez dute hurkoa zapalduko duen botere harremanetan bizi nahi, gizarte justu eta aurrerakoi bat nahi dute, feminista, planetaren geroa zainduko duena. Norbaitek utopia deituko dio beharbada. Ametsei eutsi eta amore ez ematean sinisten dut nik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>