Lanean euskaraz? Jakina!

Joxe BegiristainAzken aldian sarri samar tokatu zait, lanean euskaraz bizitzeko aukerak bermatze-ahaleginean gabiltzan jendartean ibiltzea. Honetaz eta hartaz hausnarrean.

Dagoeneko Euskara Plan arautuak dituzten enpresetan Euskararen Kalitate Ziurtagirirako (Bikain) ebaluatzaile-lanetan batetik, Lan-munduko Euskara Planen transmisioari buruz Eusko Jaurlaritzak bultzatuta Elhuyar Aholkularitzak bukatzear duen azterketan lankide eta lekuko bestetik, eta azkenik, Euskaltzaindiaren XXIV. Jagon Jardunaldian parte hartzaile: euskararen biziberritzean arlo sozioekonomikoak duen garrantziaz, aditu askoren esanei adi, eta gure xumean, CAFekoon esperientziaren berri ematen aritu naiz.

Jardun horiek guztiek helburu bera dute funtsean: gaur egun lana euskaraz egin daitekeela ikusaraztea. Euskaraz lan egin, egiten baita; euskararen sustapenari ekin dioten enpresa pribatuak, izan badira, egoera hori salbuespena bada ere, momentuz.

Izan ere, gaur egun, fisika kuantikoaz ez ezik, arlo sozioekonomikoko edozein arlotan euskaraz lanean aritzeko gai den jendea, bada. Zer gertatzen da, orduan, Euskara Planak dituzten edo euskararen presentzia bermatzeko zerbait arautua duten enpresak oraindik horren gutxi izateko?

Gaur egun enpresek merkatuetan arrakasta izango badute, nahitaezkoa dute hizkuntza aniztasunaren kudeaketa enpresaren sisteman txertatua izatea. Alegia, hizkuntz politikak dituzte adostuak. Alde batetik, nazioartean elkarlanean arituko badira, Corporate Language estatusa aitortua diote ingelesari, baina eta, ordea, tokian tokiko bezeroen errealitatera moldatuko den hizkuntza ere erabiltzen dute: portugesa Brasilen, frantsesa Frantzian… Hori oso ondo kudeatzen dute gure enpresek. Beraz, zein da, Euskal Herrian berezkoa den euskarari tratu bera ez emateko arrazoia enpresa barruko egunerokoan?

Gaur egun erantzukizun ekonomikoaz gain, gizartearen onurarako ari diren heinean, erantzukizun soziala onartzea exijitzen zaie enpresei Europan, ingelesezko CSR laburduraz ezagun dena: Corporate Social Responsibility, kontzeptua.

«Legea  badugu, eta eskolako hizkuntza izatetik lan hizkuntza ere izatera pasatzeko gaitasuna duten langileak ere bai»

Eta hor dute alde guztiek erronkari heltzeko ardura:

Batetik, enpresaren helburuak produktibitatea eta eraginkortasuna baldin badira, langileak motibatuta izatea funtsezkoa da. Beraz, barne harremanetarako lan hizkuntza euskara izan dadin nahi duten langileenganako enpatia eta gertutasuna eragingo lukeen euskararen hautua ezinbestekoa da. Aldiz, enpresaren balioak zalantzan jartzekoak dira bere kabuz herritar horien hizkuntza hautatzeko eskubidea errespetatzen ez duenean.

Bestetik, enpresa bakoitzaren borondate onik ez bada, komeni da gogoraraztea, EAEn behintzat herritar guztiek dutela ofizialak diren bi hizkuntzak (bata, euskara, berezkoa eta berreskuratzeko premian) erabiltzeko eskubidea. Eta Administrazioaren betebeharra dela eskubide horiek bermatzea, bai eremu publikoan, baina baita pribatuan ere.

Azkenik, lanean euskaraz aritu ahal izateko aurreko bi baldintza horiek, alegia, enpresaren borondatea eta Administrazioaren esku-hartzea gauzatzen ez diren tokian tokiko enpresetako langile euskaltzaleak, zertan dira? Izan ere, legea (euskararentzat derrigortasunik ez badu ere) badugu eta eskolako hizkuntza izatetik lan hizkuntza ere izatera pasatzeko gaitasuna duten langileak ere bai. Baina, gure artera lanera datozen profesional berri horiei zer ari gatzaizkie eskaintzen lehen hitzetik, harreman formalean nahiz informalean ere? Hauxe, bihozminez baina aldi berean esperantzaz, lan munduan faltan botatzen dudan talde-hausnarketa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>