Buruhaundi’tar Olentzero

Joseba ImazAurtengo Eguberrien atarian inoiz bizi gabeko gauza bat egitea tokatu zait. Lehen aldiz Olentzerori eskutitza idatzi beharrean aurkitu naiz. Ez niretzako, konturatzerako kozkortzen hasi zaizkigun semeentzako baizik. Ez naiz kexatuko, hala ere, seme zaharrenak –3 urte ditu– Iruñeko erraldoien panpin pare bat bakarrik eskatu dituelako. Neurriko desioa. Azalean helbidea idazterako garaian esan didanak harritu nau, baina.

– Eta listo, Olentzerori bidaliko diogu eskutitza.
– Aita, jarri «buruhaundia»: «Olentzero Buruhaundia».
– Buruhaundia? Zer ba?
– Bere abizena da!

Irrifarra hortzean –kasu honetan, nirea–, ez dut beste erremediorik izan, eta han joan da eskutitza Iratiko basora, Olentzero Buruhaundia jaunari zuzenduta.

Pasadizo xelebre honetaz gogoratu naiz berriki, Olentzeroren itxura gero eta Disney, gero eta santaclausagoa dela eta eztabaida piztu duen artikulu bat irakurtzean. Berria egunkariak modu oso interesgarrian argitaratu duen erreportajeak dioen moduan, hasieran egur puska zena, panpina bihurtu baikenuen gero eta hezur-haragizko pertsona azkenerako. Azkenaldian zenbait lekutan zabaltzen ari den bizarzuri tankerako pertsonaia hortera bilakatu arte. Transformazio erabatekoa, kuanto!

Badaukat lagun bat aspaldi hasi zena ekintza subertsiboak antolatzen, Santa Claus edo Papa Noel euskal Eguberrietako tradizioaren inbaditzaile zirela adieraziz. Halako batean, bizarzuri eskandinabiar eskuzabalaren panpina txiki bat erre zuen herriko plazan. Ekintza txikia, baina poetikoa. Nik dakidala ez zuen eragin handirik izan Beasaingo guraso eta haurren Gabonetako ohituretan, baina gaztetako okurrentzia eder horietako baten gisan geratu zen gure lagun arteko historian. Bide batez, barre eder batzuk ere egin genituen.

Ez dakit globalizazioari euste-hormarik jartzerik badagoen gaur egungo munduan, ailegatu garen lekura ailegatuta. Ekidin ote dezakegun Gabon Gauean, kalera irtetzean edo telebistan ikusten dugunean, Olentzerok ere Profindent irribarrea edukitzea, edo «jou, jou, jou» esanez algara egitea. Baina ez nago –eta hori argi daukat– horren alde egiteko prest, ezta pentsatu ere!

«Ez litzateke egokia, kanpotik etorritako molde bakarreko pertsonaia gure egitea besterik gabe, txapelaren kolorea gorritik beltzera aldatuta»

Adituek diotenez, usadio zahar bat dago Olentzeroren iruditeriaren oinarrian. Etxe eta baserrietako sutondoan enbor bat jartzen omen zuten gure arbasoek. Hala jasota geratu da hainbat ikertzaileren lanetan. Hortik abiatuta sortu genuen, pixkanaka-pixkanaka eta euskal kulturaren aldeko grina zabaldu asmoz, gaur egun ezagutzen dugun ikazkinaren istorioa. Pertsonaia ederra eta, ume askorentzat behinik-behin, euskarara gerturatzeko ate eta imajinazioa kitzikatzeko iturri.

Eguberrietako euskal iruditeria ez da izozturik mendeetan iraun duen argazki finkoa. Indartsua iruditzen zait, hala ere, fideltasunez gordetzea Euskal Herriko mitologiak berezko duen naturarekiko lotura eta, zergatik ez, izaera beldurgarria. Horrek ez du esan nahi pertsonaiak zurrun mantendu behar ditugunik, garaiak eta gizarte ohiturak ere aldatzen doazelako. Ez litzateke egokia, ordea, kanpotik etorritako molde bakarreko pertsonaia gure egitea besterik gabe, txapelaren kolorea gorritik beltzera soilik aldatuta. Horrek bai, horrek mugatu egiten duelako gure seme-alaben –eta gizarte osoaren– imajinazioa. Aberasgarriagoa iruditzen zait herri eta eskualde bakoitzean, familia bakoitzean, forma eta taxu ezberdinak hartzen dituen pertsonaia majikoarekin gozatzea. Batzuetan itxura txarrekoa, bestetan abegikorra; zuzenagoa batzuentzat, bihurriagoa besteentzat.

Galdetzen badidazue, ikazkin zahar, buruhaundi eta zarpail antzeko Olentzeroekin geratzen naiz. Egoskor samarra, tripazakua eta zurruteroa bada, oraindik hobeto. Agian bere antza hartzen ari naizelako izango da, gero eta gehiago. Urteberri on!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>