«Erritmikak agintzen du panderoan, txalo jotzen ikastea bezalakoxea da»

TAPIA_ETA_LETURIA_LAZKAON

Villabonako Leturia baserrian jaio zen Xabier Berasaluze, 1954an. Izena erantsi zion jatorriak. Ataun –ama Astigarraga auzokoa da– betiko lotura du. Hiru urterekin solfeoan eta pianoan hasi zen, eta Eleuterio Tapiarekin ekin zion trikitiari. Panderoa gero etorri zen, baita Joseba Tapia ere –Eleuterioren iloba–, 1984an. Aurretik, ordea, zazpi urte igaro zituen beste soinu jotzaile batzuen pandero astintzaile. Kontakizun ugari bildu ditu Tarrapatan liburuan.

Panderorako metodoa atera duzu. Ikasteko erraza al da?
Bai. Oinarrizko metodo bat da. Perkusioaren munduan oinarria erraza da. Alde batetik, erritmikak jokatzen duelako, eta hori erakustea txalo jotzen erakustea bezala da. Horregatik, ni harritu egiten naiz ikusten dudanean zenbait musika eskolatan umeak bi urte ibiltzen direla ikasten, eta oraindik bukatzen duten ikasi gabe. Kopetaraino nengoen gai honekin.

Baina zazpi egunetan bai?
Kapritxoz hartzen badu norbaitek, eta egunero ordubete bat eskaini, lezio hori ikusi eta zerbait jotzen hasteko gai izango da. Musikarekin zerikusirik ez daukan bat, horko aholkuak jarraituz, panderoa jotzen jarriko du. Ez du abilidade ikaragarria hartuko, baina kalejira bat jotzeko lain bai. Gero, bere bidea egin beharko du, noski. Baina oinarria behintzat hor dauka, eta hori da inportantea.

Zer eta nola erakusten duzu?
Metodo hau ez da nire asmakuntza. Amerikar bat badago pianoa ikasteko 10 urteko karrera 40 egunetan konprimitu duena. Aspaldi aurkitu nuen hori, eta bururatu zitzaidan guk zergatik ez genuen egiten. Oinarrizkoa da, baina azkarra eta garbia. Badaude panderorako metodoak lehenago ere, oso onak, baina liburu potoloak.

Betiko fandango, arin-arin eta kalejira erritmoak dira?
Erritmo arruntak erakusten ditut: 3/4, 2/4 eta kalejirako 6/8. Hortik aurrera, Aurreskua nola jo behar den… Liburuaz gain, DVDa ere egin dut, eta liburuan jarritako aholku eta ikasgaiak nik nola jotzen dudan begiratu daiteke.

Erritmoa erraz har daiteke. Baina jotzeko teknika?
Berdin, erraza da. Erritmikoki jotzen zoazen eran, hatzen kriskitinarekin egiten duzun bezala, musikaren gain erritmo hori eramaten zoaz. Kontua da bi kolpeen tarte horietan zer egin beharra daukazun. Orduan, liburuan hor daukazu: taka-taka, takata-taka, taka-taka, ta-taka-taka-taka. Erritmoa beti mantenduz. Garrantzitsua oinarria da. Hortik aurrera jada, edozein gauza.

«Harritu egiten naiz umeak bi urte musika eskolan panderoarekin ari direla ikustean»
«Oso garrantzitsua da, jotzen duzun tresna bat dela ere, edozein musikari jarraitzea»
«Ataungo herria oso maitea dut, jaio ginenetik ez gara atera. Astero egiten dut buelta»

Zer harrera izan du liburuak azoketan?
Geratu gabe ibili gara. Durangon hiru egun pasatu nituen, Elkarren eskutik joanda. Prentsaurrekoa, hedabide asko… Eta liburuak izenpetzen ere bai. Ni egon naizen bitartean behintzat, asko saldu da. Bigarren egunean materialik gabe geratu zen Elkar.

Jarraitzen al duzu plazarik plaza jotzen?
Bai. Azkeneko urteetan Korrontzirekin nabil, batez ere. Nahi izanez gero, munduan zehar. Baina mugatuta daukat historia hori: Euskal Herrian eta hemen inguruan, Espainian, Frantzian. Munduan zehar hasiz gero, eromena da. Horrez gain, Josebarekin [Tapia] jotzen ditut kontzertu batzuk, baita Et Incarnatus hari taldearekin ere. Enrike Solinisen diskoan ere parte hartu dut, panderoa jotzen eta kantuan, Euskal Barrokensemblen. Proiektuak ateratzen dira. Neguan, berriz ere idazten aritzen naiz edo beste bide bat hartzen dut.

Baduzu beste proiekturen bat, beraz?
Bai, baditut batzuk. Ez dira izango agian datorren urterako, baina aurrera begira landuz gero, nik uste gauzak aterako direla. Panderoaren sorrera, nondik datorren, zer musikarekin erabili izan den, ijitoekin zer ikusi zuen bere garaian… aztertzen ari naiz. 800. urtean Indiatik bidali zituzten ijitoak, eta horiek panderoak ekarri zituzten, Europa panderoz josi zuten. Ezkutuko lana egin beharra daukat horren gainean.

Zerorrek ez zenuen liburutik ikasiko panderoa…
Ez, ez. Liburuan esaten dudan bezalaxe, oso garrantzitsua da denetariko musika entzutea. Horrez gain, gero, zure instrumentua edozein dela ere, musika desberdinei segitu behar zaie. Berdin da klarinetea edo harpa jotzen dudan, gero jarraituko dut musika klasikoa edo rock-and-rolla. Panderoarekin, berdin. Pixkanaka aberasten joaten da bat. Nik modu horretan ikasi dut: oinarrizko bat trikitian, baina jada ondoren zenbait gauzatan sartu izan naiz. Aurrena etxean, noski, ezkutuko lanak eginez. Gero kaleratzeko hor daukazu ikasitakoa.

Non ikasi zenuen?
Gerora ikasi nuen panderoa. Ni berez Villabonakoa naiz. Ataunen oraindik baserria daukat, eta jaio nintzenetik Ataundik ez naiz atera. Villabonan baino lagun gehiago dauzkat. Oporrak, asteburuak, garai hartan eskola ere bai… Etxean, bake pixka bat emateko, uda iristen zen eta eskolara bidaltzen ninduten. Ataungo herria oso maitea dut.

Ama duzu ataundarra.
Bai, San Martingo partean, Astigarraga auzoan, Gabillene eskolatik hurrengo etxekoa. Beti horrako joera izan dugu, jaio ginenez geroztik. Eta segitzen dut; astero buelta bat egiten dut. Gaur goizean ere egon naiz.

Bide irekitzaile, panderoa hartzeko modutik hasita

Lehenik eta behin, azazkalak, beti motzak». Horrela hasten du Leturiak 7 egunetan panderoa ikasteko lezioa. Panderoa irauli duen eragileetako bat izan da, bai jotzeko teknikan, bai jotzailearen ikusgarritasunean, bai tresnaren inguruko ikerketan etnografikoan.
Panderoari heltzeko modua ere ‘ohikotik’ bestelakoa du. Esku ahurra gorantz, hatz lodia zuloan eta lau hatz luzeenak kanpotik direla pausatu beharrean, eskua beherantz duela eta lau hatzak barrutik direla heltzen dio. Panderoa eskumuturraren 180 graduko biran mugitzea ahalbidetzen du horrek. Hatza dardarrean aurreratzeko ere errazago da, pisua hatz gainera baitator.
Galiziarren teknika dela argitzen du, antzinako pandero jotzaileek erabilia, Oriatarrek edo Zumarragako Trikitian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>