Aitor Calvillo eta Axier Iriondo

Aitor Calvillo

Urtea amaitu berritan, kezkatzeko moduko datu batekin natorkizu oraingoan ere, Axier! Eta oraingoan ez naiz euskarari buruz arituko. 2019 izan da munduan urterik beroenetan bigarrena (beroena 2016koa, 0,04 gradu zentigradu gehiago). Honen berri Copernicus klima larrialdirako Europako zerbitzuak eman du eta esan bezala kezkatzeko moduko datua iruditzen zait. Makina bat goi bilera egindakoak dira munduan agintzen duten horiek (azkena joan den abenduan Madrilen, COP25), baita horren kontrako makina bat neurri hartu ere, baina gauza da CO2 gas isuriak gero eta handiagoak direla. Niño izenaz ezagutzen den klima fenomenoa, suteak, lehorteak… teleberrietako eguneroko gai dira, eta badirudi honek ez duela amaierarik. Are gehiago Espainiako parlamentuan adibidez gure agintariek erakutsitako jarrerak aintzat hartuta: biraoak batzuek, handiagoak besteek, ni zu baino demokratikoagoa naizela, zuek lapurtu duzuela… Tira, hor utziko dut gaia.

Egiari zor, hartutako neurri batzuk praktikan jartzen ari gara munduko bazter batzuetan. Baina egokiak al dira? Esaterako, zer lortzen ari dira Bartzelona edota Madrilen kutsadura handia dagoen egunetan auto batzuei soilik debekatuz bertan ibiltzea? (matrikula bakoitiak egun batean eta bikoitiak bestean). Ez al da egokiagoa Sao Paolon hartutakoa? (igandeetan erdigunean trafikoa erabat eten eta oinezkoentzat utzi). Ikusi berri ditut erreportaje batean Brasilgo herri honetako irudiak eta inbidia eman didate. Jendea kaleak hartu eta kantuan, dantzan, salmenta postuak nonahi, kale antzerkiak… Eta hemen hegazkin bidaiak sustatzen, turista-itsasontzi handiak Calvillo-Iriondoerakartzen, gero eta errepide gehiago egiten, autoen salmenta beheraka doala eta berriak erosteko laguntzak ematen…

Axier Iriondo

Stephen Hawking fisikariak esaten omen zuen lurtarrok beste planetaren bat egokitu beharko dugula gure espeziearen biziraupenerako, gaur egun bizi duguna eta gaituena, ezinbestean, pikutara doala eta.

Mars One enpresak antolatuta, 2013an, 78 mila gizaki-ustekok Marterako bidaia baterako izena eman genuen. Hainbat proba gainditu ondoren, ehun kide aukeratu gintuzten. Bidaia 2023an egingo omen dugu.

Bidaia, berez, itzulerarik gabekoa da. Bertara joango garenok lurtarren kolonia sortuko dugu. Kolonia deitu diote. Ez dakit estatu batekiko menpekotasunik izango dugun edo geu izango garen Estatu. Ez dakit gure artean anarkistarik izango den, baina, egituraren bat izan beharko dugula pentsatzen dut. Zalantza asko dauzkat:  gure artean egitekoak banatuko ditugu? Komertzioak sortuko ditugu? Nekazaritzan egingo dugu lan? Musikariak, idazleak, margolariak, aktoreak izango ditugu? Hauteskundeak izango ditugu? Neu izango omen naiz euskaradun bakarra, baina, planeta batean, euskarak mendeetan izan duen indarrik handiena izango du. Babel horretan hizkuntza-politikaren bat beharko da, ala ez.

Kontu bakarra daukat garbi: ekologia ez da gure lehentasuna izango. Milioika urte izango ditugu aurretik, Marte suntsitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>