Errotatxo eta Zerrategia

Errotatxo-6

Ataun San Gregorioko Errotatxo eta Zerrategia multzoa, eraikin baten daudenak, Gipuzkoako altxor bakarra da. Haren balio historikoaz, izan duen bilakaeraz eta beste hamaika kontuz idatzi du Joxe Bikuña ataundarrak.

XV. mendean Ataun herriko Kontzejuak eta Lazkaoko Jaunak egin zuten hitzarmen bat: Larruntzako eta Elizaldeko errotak eta Olea bat eraikitzeko erdibana. Gure arbasoek bazuten ausardia, beraien etsai nagusiarekin akordio bat egiteko eta herriari zerbitzu bat emateko. Larruntza errota bi harrikoa, San Gregorion eta Elizalde errota San Martinen; baita ere, bi harrikoa eta Ola bat Larruntzako errotaren ondoan eraiki zuten. Iturrioz azpiko askatako meakin eta Agauntza basoetako ikatzarekin funtzionatu zuen 160 bat urtetan; 1693an erre egin zen eta garai horretan lehiakorra ez zelako, bertan behera utzi zuten. Ola hau zen lekuan etxe bat eraiki zuten XVIII. mendean eta Olaa izenarekin ezagutzen da. Ola zaharraren arrastoak aurkitzen dira inguruetan, eskoria-koskoak, batik bat. Larruntzako errotak martxan jarraitu zuen 1954ra arte,  eta Elizalde errotak eta Errotatxok 1963ra arte.

Herritarrekin iskanbilak

Larruntza eta Elizalde errotekin haserreak eta iskanbilak izan zituzten herritarrekin, ezin abasto eman zutelako eta herritik kanpora ateratzea debekatu zietelako. Larruntzako errotatik pasatako urarekin, beheraxagoan eraiki zuten Errotatxo 1667an, ataundarren beharrei hobeto erantzuteko. Hasieran bi harrikoa bazen ere, XIX. mende bukaeran harri bat kakaoa ehotzeko erabili zuen Martin Garaialdek, txokolatea egiteko: Garaialde Txokolateak.  1900ean Martin jaunak eraiki zuen Zerrategi hidraulikoa, Errotatxori erantsita, auzoko beharrei erantzuteko. Zerrategi hau, zerra bertikal bat, lijadora eta tornu batez osatua dago.

1998an Ataungo Udalak erosi zituen bi errotak eta Zerrategia. 2010ean Larruntzako errotan eraiki zuten Joxemiel Barandiaran Museoa. Museoa, Errotatxo eta Zerrategia Gipuzkoako Parketxe Sareak (GPS) kudeatzen ditu, eta Errotatxo eta Zerrategiaren eskuzko mantentze-lanak, erretiratuak diren boluntario batzuk egiten dituzte. Elizalde errota, egoera txarrean zegoen eta bota egin zuten. Lazkaoko Jaunak errotei buruzko monopolioa zabaltzean, Ataunen 10 errota izan dira, hau baitzen garaiko negozio segurua; legez % 10 kentzen zuten ihotze alde lakea.

Egiazko altxorrak

Gaur egun bi errota daude martxan Ataunen: San Gregorioko Errotatxo eta Aiako Errotatxo. San Gregorioko Errotatxo, Agauntza errekaren ertzean dago, Museoaren ondoan,  eta ura 200 bat metro gorago hartzen du Uarkaingo presan,  eta ur kanal baten bidez iristen da ura aldaparora. Uda garaian urik iristen ez denean, motoponpa baten bidez igotzen da ura errekatik aldaparora, dena martxan jarri ahal izateko eta bisitariek Errota martxan ikusteko. Errotatxo eta Zerrategia egiazko altxor bat dira, gure arbasoen historiaren zati bat adierazten dutena eta manipulatu gabea.

Errotatxok bi turtuki (turbina) agirian dauzka eta bisitariek ikusten dute gure arbasoek nola baliatzen ziren uraren indarraz, eta gainera, doan eta zikindu edo kontaminatu gabe. Zer nolako lezioak.

Ezin ahaztu garai horietako egoera, hotzaldia zela eta uztak oso txarrak. Ataunen baserriak bai ugari, baina txikiak, urteko elikagaia zutenak oso gutxi, eta beste aldetik familia handikoak. Aitarekin semeak koxkortu ezkero, udaberrian joaten ziren basora edo ikatza egitera. Olak egur-ikatza behar izaten zuten, eta asko gainera. Zergatik ez zuten egurra ekartzen eta bai ikatza basoan eginda Olarentzat? Guk uste baino azkarragoak ziren gure arbasoak, hauek esperientziaz bazekiten 1.000 kilo egur ekarri beharrean ikatza eginda 200 kilotan gelditzen zela eta kaloria berdinekin. Hau garraiorako sekulako aldea zen batetik, eta bestetik, surtako hautsa askoz gutxiago egiten zuen: Olak garbitzeko, errazago.

Ikazkintza lantegi

Aurretik esan dugu, Olak mea burdin bihurtzeko ikatz asko behar izaten zutela. Horra zer esaten zuten: 1.000 kilo burdin egiteko, 6.000 kilo ikatz behar izaten zituztela. Ataunen ikazkintza lanbideak 500 bat urte iraun ditu, eta hau izan da Ataungo fabrika. Udaberrian hasi eta udazkenera arte irauten zuen lantegiak. Lantegiak irailean markatzen zituzten, hurrengo urtean subastan edo kandelan ateratzeko, eta gehiena agintzen zuenari emateko. Lantegiko balorazioa kargaka egiten zuten basoan; 1900. urtean karga pezeta batean baloratzen zen, eta 1943an 3 pezetan. Lantegia hartzen zuten nagusiek bazituzten betebehar batzuk: ekainaren 20a baino lehen ez zeukaten txondarra pizterik eta baldintza hau ez betetzeak isuna zekarren. 1900ean karga-ikatza 18 errealean saltzen omen zen. Salmentako karga 50 bat kiloko 2 zaku izaten omen ziren. Nagusiek ikazkin mutilak San Gregorioko festetan aukeratzen omen zituzten.

Pazko 3.ean igotzen ziren ikazkinak basora. 1890ean 400 bat ikazkin ba omen ziren Ataungo basoetan. Basora igotzean, lehenengo lana, txabola egitea izaten omen zen, eta aterpea zotalarekin egiten omen zuten. Txabolaren barrua bi zatitan banatuta: sutegia bere inguruarekin eta enbor batzuk aulkitarako. Beste zatia, kamastroa edo logela; koltxoiak txilarrezkoak ardi-larruz edo mantaz estaliak. Ikazkinen mantenua: taloa, baba mantekarekin edo urdaiarekin, eta gehigarria, gazta. Arrantxeroa eta torteroa arduratzen ziren babak egosi eta taloak egiteaz. Bizimodu horrek 7-8 hilabete irauten zuen eta udazkenean etxeratzean kobratzen zuten, eta amari entregatu dirua, urtean egindako zorrak ordaintzeko. Zor hauek batik bat errotariarekin izaten zituzten eta horiek taia izeneko egur batean koxkak eginez eramaten zuen kontua eta amak ordaintzean, aiztoarekin ezabatzen zituen koxkak, hurrengo urtera arte.

Errotatxo-3Garia egitetik, artora

XVI-XVI. mendeetan gure lurraldean gosete handia igaro behar izan zuten. Eskerrak Ameriketatik iritsi zen artoari. Bukatu zen hemengo gosetea, landare horiek hain ondo produzitzen omen zuen hemen, gariak halako 5 ekoizten omen zuen, eta jendeak garia egiteari asko utzi omen zion. Berri hauek denak On Juan Arinen lanetatik hartuak dira: Mila esker On Juan Arini biltzen lan egin zenuelako. Orain gure egitekoa, berri hauek zabaltzea da.

Errotatxo gurea
Agauntzaren ertzean,
Agauntzaren ertzean da
egoera tristean.
Negar egiten dezu
alea xehetzean,
ez zaitulako inork
aintzakotzat hartzean.

Joxe Bikuña: «Gure helburua jendeak altxor hauek ezagutzea da»

Ataun San Gregorion Barandiaran Museoa egokitu zutenean, aldameneko etxetolan zeuden zerrategi hidraulikoak eta errotatxoak ere berriz ikusi zuten argia. Ez ahaleginik gabe, ordea. Herritar talde bat arduratzen da sistemak zaintzeaz, konpontzeaz, ingurua txukuntzeaz… Bizirik mantentzeaz, azken batean. «Normalean, bi lagunek eramaten dugu horren ardura; eta, puntualki, beste lan batzuk egiteko, zortzi lagun elkartzen gara», azaldu du Joxe Bikuñak. Borondatez eta musutruk, aritu ere.

Errotatxoa eta zerrategia «altxorra» direla ezbairik gabe esan du Bikuñak. «Gipuzkoan ez da egongo mota horretako beste eraikin bat». Bakana eta antzinakoa izateak, hala ere, ez dio behar lukeen distira bere kabuz ematen. «Ohitu gara gauza politak eta onak urruti ikusten, eta herrikoa ez dugu ezagutzen». Jendearen ahalegintxoa eskertzen dute zaintzaileek, bisitan joandakoan. Izan ataundar, goierritar nahiz kanpotar, herritik bertatik hasita, ez baitu altxor hori jende askok ezagutzen. «Gehien eskoletako umeak etortzen dira. Herriko jendea, oso gutxi. Kanpokoak gehiago, baina gutxi, hala ere».

Uztetik eta etsitzetik urruti, dei bat ere zabaldu du Bikuñak, ondareari buruz. «Umezurtz dago, pixka bat». Etorkizuna ziurtatuko dion zainketa-modu edo talde egituratu bat, ondareari abegiz begiratuko dion gizartea eta lanerako ekimena beharko dira. «XVII. gizalditik gaur arte iritsi baldin bada, jada gure esku dago ondorengoei ere jarraiaraztea».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>