«Dantzatzea maite dugu, eta erraz egiten dugu»

Irene_Garcia_eta_Maitane_P(1)

Irene Garcia (Beasain, 2003) eta Maitane Perez (Ordizia, 1999) Goierri mailan hasi ziren dantzan, eta abuztuan Amerikako Estatu Batuetara joango dira munduko txapelketan parte hartzeko. «Oso desberdina da hasieran dantza guretzat zer zen eta orain zer den», diote.

Zein aktuazio egin zenuten Espainiako txapelketan bigarren amaitzeko?
Maitane Perez: 30 pertsonako aktuazio bat egin genuen. 5 minutu inguruko iraupena zuen, eta hip hop, afro, house, lady, krump eta garaikidea dantza estiloak konbinatu genituen.

Dantza estilo asko dira.
Irene Garcia: Bamboo taldean hiru koreografo daude, eta beraiek arduratzen dira aktuazioa prestatzeaz. Entseguetan taldekideen arteko koordinazioa lantzen dugu, baina norberak bere kabuz ere entseatu beharra dago.
M.P.: Gu biok dezente entseatzen dugu. Dantzatzea maite dugu eta erraz egiten dugu.

Zenbat denbora behar izaten da halako aktuazio bat prestatzeko?
I.G.: Hasieran ez genekien Espainiako txapelketara joango ginenik, eta bi hilabete izan ditugu prestatzeko. Egian esan, nahi baino denbora gutxiago da.
M.P.: ‘Dantza hau bikain egiten dut, ez dut zer hobetua’ esaten duzun momentu hori ez da inoiz iristen. Are gutxiago taldean 30 dantzari izanda. Dena perfektu egotea ezinezkoa da.

Jada hasi zarete Los Angeleseko munduko txapelketa prestatzen?
I.G.: Aktuazioa ezin da aldatu. Orain gure arteko koordinazioa ahalik eta gehien hobetzea tokatzen zaigu.
M.P.: Bidaia guk antolatu behar dugu. Antolakuntzak gonbidatu egiten gaitu, baina hegaldiak, lo egiteko tokia, jatekoa… gure kontura doa. @BambooRoadToLA instagram kontua sortu dugu taldeko poltsak, kamisetak, motxilak… saldu eta dirua lortzeko. Lan asko egin behar izaten dugu dantza egin ahal izateko.

Instagram erabiltzen duzue?
I.G.: Gure bideoak igotzen ditugu, eta beste dantzariak ikusteko ere erabiltzen dugu. Tresna aproposa da.

Dantzari esker jende berria ezagutu duzue?
M.P.: Dantzari esker ezagutu genuen gu biok elkar. Dantzari esker ezagutu ditudan lagunekin igarotzen dut orain denbora gehien.
I.G.: Alde horretatik ere oso eskertuta nago dantzari.

Munduko txapelketa abuztuan da. Baduzue bitartean beste aktuaziorik?
M.P.: Euskal Herri mailan orain beste txapelketa batzuk daude: Oriokoa, Elorriokoa, Donostiakoa…
I.G.: Donostiako txapelketa geuk antolatzen dugu, Donostia Dance Festival.

Goierri mailan ez dago ezer?
M.P.: Hemen ez dago lehiatzeko aukerarik. Dantza soilik denbora pasa bat da.

Zuek Donostiako Bamboo dantza taldea ari zabiltzate. Nolako taldea da?
M.P.: Oso talde handia da. 500 dantzari izango gara, baina denok ez dugu lehiatzen. Asko eta asko dantzan ikastera eta denbora pasa gisa joaten dira. Haurrak, gurasoak, emakumeak, gizonak… denetarik dago, eta herri askotakoak.

Nola hasi zinaten Bamboon?
M.P.: Beasaingo Dantzaki taldean egiten genuen dantza, baina esan bezala, denbora pasa hutsa zen, eta guk zerbait gehiago nahi genuen. Taldeko irakasle bat Bamboora joan zen eta bere bitartez joan ginen gu ere.

Eta lehiaketetan?
I.G.: Bamboom hasi arte ia ez genekien dantza lehiaketak zeudenik. Beraiek proposatu ziguten parte hartzea. Horretarako proba bat pasa behar izan genuen.

Nolakoa?
I.G.: Koreografia bat egin behar izan genuen, eta aztertu egin gintuzten.

Eta dantzan nola hasi zineten?
M.P.: Beti izan naiz mugitua, eta amak askotan proposatzen zidan dantzan hastea. Halere, saskibaloian eta atletismoan ibili nintzen urteetan. Lotsa apur bat ematen zidan, eta ez nintzen dantzatzera ausartzen. Halere, probatu nuen lehen alditik… bizio bat da.
I.G.: Funtsean, lagunak hasi zirelako hasi nintzen ni ere dantzan. Ni ere hasieratik harrapatu ninduen, eta ez naiz sekula gelditu. Oso desberdina da hasieran dantza niretzat zer zen eta orain zer den.

Zer da ba?
I.G.: Lehen tontoarena egiteko joaten nintzen. Orain serioago hartzen dut.

Dantza urbanoez gain, beste estilorik probatu duzue?
I.G.: Hasieran euskal dantzak egiten nituen, baina azkenean aspertu egin nintzen. Mugimendu indartsuagoak gustatzen zaizkit, gorputzaren bidez adieraztea, eta dantza urbanoek aukera hori eskaintzen didate.

Dantzari fina izateko bestelako generoak probatzea ezinbestekoa da?
M.P.: Salsa ikasten nabil orain. Zenbat eta gehiago jakin hobeto, nahiz eta dantzari profesionalak, normalean, dantza estilo batean zentratzen diren.
I.G.: Nik flamenkoa probatuko nuke, baina ez dut ikasteko aukerarik izan.

Gustatuko litzaizueke dantza ogibide bilakatzea?
M.P.: Aukerarik balego… Oso zaila da, egia esan. Oso dantzari onak ezagutzen ditut ezin dutenak dantzatik bizi. Irakasle izatea eskaini izan didate, baina oraingoz ez dut nahi. Buruan dudan gauza bakarra ikastea eta hobetzea da.

Dantza mundutik bizi nahi duena irakasle izatera kondenatuta dago?
M.P.: Irtenbide errazena izan daiteke, irakasleen beharra badagoelako. Baina dantzari askok koreografo moduan, abeslariekin biretan, telebistako ikuskizunetan… egiten dute lan. Oso gustura egingo nuke lan horrelakoren batean.
I.G.: Nik ere nahiagoko nuke bira batean lan egin irakasle izatea baino. Halere, biretan lan egitea ezegonkorragoa da.

Ikasten zabiltzate?
I.G.: Bai.
M.P.: Goi mailako ikasketak amaitu ditut, eta lan bila nabil.

Motz-motz

Nor aterako zenukete plazara dantzatzera?
M.P.: Nire ama.
I.G.: Nire izeba.

Dantzarako plaza bat?
M.P.: Bideoklip batean dantzatzea gustatuko litzaidake.
I.G.: Los Angeles.

Eta abesti bat?
M.P.: That’s life, Frank Sinatrarena.
I.G.: Seven rings, Ariana Granderena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>