Komunitate osasuntsuen bila Goierrin

Goazen_Ordizia_olinpiar_joGoiOsasunLab-ek prebentzioa ardatz duen kudeaketa soziosanitarioko eredu bat diseinatuko du aurten Goierri beheko hiru herritan.

Adinberri Fundazioak 2020an diruz lagunduko dituen 16 proiektuetako izango da GoiOsasunLab. Prebentziora bideratutako kudeaketa soziosanitarioko eredu baten diseinua garatuko du Goierri beheko 19 udalerritatik hirutan. Eder Arretak SL enpresak garatuko du proiektua, eta abiapuntua Goierrin izango badu ere, asmoa gainerako eskualdeetara hedatzea da.

Ubikare enpresako Nerea Amenabarrek aurreratu duenez, Goierri beheko herri txiki, ertain eta handi banatan garatuko dute GoiOsasunLab egitasmoa, baina herrien aukeraketa egiteko dago oraindik. «Horretan arituko gara datozen asteetan, eta martxo hasierarako zehaztuta egotea espero dugu».

Hurrengo bi hilabeteak, maiatzaren azkenera arte, hiru udalerri horietan proiektua lantzeko baliatuko dituzte, eta ekainetik urte amaierara garatuko dute eragile eta herritarrekin batera. «Proiektuak udalerri bakoitzaren berezitasunak eta baliabideak hartuko ditu aintzat», zehaztu du.

Zanbranako eredua

Arabako Zanbrana udalerrian aritu da Amenabar 2019. urtean zehar GoiOsasunLab-en antzeko proiektu bat garatzen. Laurehun biztanle pasatxo ditu Zanbranak, 65 urtetik gora dituzte 85 lagunek. Zahartze aktiboa sustatzeko proiektu bat lantzen aritu dira hainbat eragile udala gidari dela, eta Euskadi Lagunkoia programako Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokiena 2019 saria jaso du Zahartzea ez da bizitza kalitatea galtzearen pareko proiektua garatzeagatik. Zanbranan pilatutako esperientzia baliatuko dute Goierrirako.

Bizitza itxaropen handia

Adinberri Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz proiektu estrategikoetako bat da. Gizartearen zahartzeari aurre egiteko eta adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzeko integrala sortzea du helburu, lankidetza publiko eta pribatuak sustatuz. Rakel San Sebastian ordiziarra da gaur-gaurkoz Adinberriko zuzendaria.

Gipuzkoako biztanleriaren %36k 55 urte edo gehiago ditu gaur egun, eta aurreikuspenen arabera, 2031n %43era igoko da portzentaia hori. Mundu mailan bizi itxaropen handienetakoa duen herrialdeetako bat da Gipuzkoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>