Hiru mosketariak

Astanakoak

Aurten hiru gipuzkoar ari dira txirrindularitzako lehen mailan (UCI World Team) eta hirurak goierritarrak dira: Gorka eta Ion Izagirre ormaiztegiarrak eta Alex Aranburu ezkiotarra. Talde berean arituko dira gainera, Astanan.

Hiru goierritarrak Kazakhstan-go Astana taldean arituko dira. Talde honetan bost euskaldun daude: hiru goierritarrak, Omar Fraile santurtziarra eta Oskar Rodriguez burlatarra. Astanan euskaldun asko egon da azken urteetan, eta dagoeneko Eustana deitzen diote. Aurten inoiz baino euskal herritar gehiago izango dituzte. Astana da euskaldun gehien dituen UCI World Team taldea.

Gorka eta Ion Izagirre iaz heldu ziren Astanara. Alex Aranburuk, berriz, honakoa du lehen denboraldia talde horretan, eta baita txirrindularitzaren lehen mailan ere. Bi ormaiztegiarrak berarekin egotea lagungarria izango zaio, noski.

Hiruretan beteranoena Gorka da. Urrian 33 urte egingo ditu. Denboraldi hasierako bere helburu nagusiak Paris-Niza itzulia eta Flandriako klasikoak izango dira. «Paris-Nizako taldeburuak anaia eta ni izango gara».

Ondoren, Flandriako lau klasiko egingo ditu. «Flandriako klasikoak lehiatzera joatea gauza berria da niretzat, baina ilusio handia dut. Lasterketa nagusia Flandriako Tourra da, baina lau egingo ditut guztira eta guztietan lehiatzen saiatuko naiz. Baten edo bitan emaitza ona lortzea da nire helburua. De Panne, Harelbeke, Flandrian Zehar eta Flandriako Tourra egingo ditut. Lasterketa horietan askatasuna izango dut».

Italiako Giroa

Geldialdi baten ondoren, Italiako Girora joango da. Jakob Fuglsang daniarra izango da taldeburua. «Giroaren ondorengo egutegia lotu gabe dago oraindik. Printzipioz Espainiako Itzulia egingo dut, baina ez dago erabat lotuta. Ez da gehien gustatzen zaidan lasterketa, batez ere azken urteetan jarri dituzten etapa amaierengatik. Dena den, joatea tokatzen bazaigu, joango gara».

Lasterketa gehienetan euskaldunen bat izango du alboan. «Euskaldunok lekutxoa egin dugu taldean. Inoiz baino gehiago gaude taldean. Denboraldi osoan, batekin ez bada bestearekin egongo naiz. Eskertzekoa da. Normalean, hoteletan euskaldunok elkarrekin jartzen gaituzte».

Gorka_IzagirreGorka Izagirre: «Garaipen bat lortzen dugunean, taldean ‘Um, blem, ble’ brindisa egiten dugu taldean»

Astana da euskaldun gehien dituen lehen mailako taldea. «Eustana deitzen digute eta zerbaitegatik da. Vinokourov-ek (taldeko nagusiak) ez du sekula aipatu hainbeste euskaldun fitxatzearen arrazoia, baina zuzendari nagusiak askotan esan du Euskal Herrian txirrindularitza oso sustraitua dagoela eta kirol honek gure herrian historia luzea duela. Hemengo txirrindulariak jarrera aldetik bereziak garela. Jarrera oso garrantzitsua da. Izan ere, askotan lasterketetan gauzak zaildu egiten dira eta arazoei aurre egiten jakin behar da. Euskaldunok ez garela kikiltzen eta dugun dena ematen dugula entzun izan diot zuzendariari».

Astana Kazakhstan herrialdekoa da, baina Izagirre anaiek euskal ohitura batzuk txertatu dituzte taldean. «Garaipen bat ospatzen dugunean, topa egiteko orduan, Um, blem, ble brindisa egiten dugu eta taldekideak ikasten ari dira dagoeneko».

Goierriko sagardotegietara ez dituzte ekarri oraindik, baina batzuk Euskal Herria ondo ezagutzen dute. «Hona etortzen direnean, tokiak ezagutzea gustatzen zaie eta guri aholku eskatzen digute».

Aurten Aranbururi ere aholku eskatuko diote. Gorkak ezkiotarrak etorkizun bikaina duela uste du. «Ez dakit etorkizun handia duela esaterik dagoen, gauza asko erakutsi baititu dagoeneko. Lasterketa onak irabazi ditu eta lasterketa handietan  garaipenetik gertu ibili da. Nire ustez gora egingo du. Ilusio handiarekin dago eta urte polita egingo du. Ardenetako klasikoak, adibidez, berarentzat oso egokiak dira».

Taldeko nagusiak Izagirretarrekin harremanetan jarri ziren Aranburu fitxatzea erabaki zutenean. «Zer iruditzen zitzaigun galdetu ziguten eta betidanik ezagutzen dugula esan genien. Izan ere, Ormaiztegin ikasi zuen. Bai taldeko nagusiei eta bai Alexi, fitxatzea gomendatu genien».

Ezkiotarrari gauzak lasai hartzeko eta gauzak ondo egiten saiatzeko gomendatu diote. «Taldeko kontzentrazioan besteak hobeto baldin badabiltza ez da itsutu behar. Lanean jarraitu eta kito. Dena den, Alex ez da etorkizuna, oraina da: asko daki dagoeneko».

Ion iritzi berekoa da. Anaia gaztearen lehen helburu nagusia ere Paris-Niza itzulia izango da. «Valentziako eta Andaluziako itzuliak egin ondoren, Paris-Nizara joango naiz. Lehen helburu serioa da. Duela bi urte bi anaiok oso Paris-Niza ona egin genuen eta ea oraingoan ere halakoa egiten dugun. Hurrengo helburua Euskal Herriko Itzulia izango da. Ilusio handia dut. Ondoren, Ardenetako klasikoak egingo ditut. Lasterketa horiek asko gustatzen zaizkit eta gogo handiarekin egingo ditut. Emaitza onak lortzea gustatuko litzaidake, baina ez da erraza izango, taldean bertan txirrindulari handiak baititugu. Fuglsang-ek, adibidez, oso lan ona egin zuen iaz».

Ion, Tourrera

Ardenetako klasikoen ondoren atseden hartuko du eta ondoren Dauphine itzulia eta Frantziako Tourra egingo ditu.

Ionentzat ere pozgarria da taldean hainbeste euskaldun egotea. «Peio Bilbao eta Arberas prestatzailea joan zaizkigu, baina Oskar Rodriguez eta Alex Aranburu etorri dira».

Ion_IzagirreIon Izagirre: «Alex Aranburuk ikasteko gogoa du, eta ahal dugun heinean, lagundu egingo diogu»

Astanak garaipen asko lortu zituen iaz, eta bosgarren postuan gelditu zen taldekako sailkapenean. Punta-puntako txirrindulariak ditu. Fuglsang-ek, adibidez, Liege-Bastogne-Liege eta Dauphine irabazi zituen iaz. Miguel Angel Lopezek, berriz, Kataluniako Itzulia. «Luis Leon Sanchez ere talde horretan sartuko nuke, esperientzia handia baitu eta garaipen handiak lortu baititu. Ez dugu Sagan bat edo Bernal bat, baina maila altuko txirrindulari asko ditugu».

Taldeko managerra bera, Vinokourov, txirrindulari aparta izan zen. «Kanpotik serio eta gogor itxura du, baina ez da halakoa. Emaitzak exijitzen ditu, baina hori bere betebeharra da».

2020rako Aranburu fitxatzea erabaki du. Ionek fitxaketa ona egin duela uste du. «Txirrindulari bikaina da eta etorkizun handia du. Dagoeneko, maila gorenean egoteko klasea duela erakutsi du. Gainera, mutil jatorra eta langilea da. Ikasteko gogoa du, eta ahal dugun heinean, lagundu egingo diogu. Txirrindulari osoa da. Igotzaile ona da eta esprintetan maila ona du. Hori oso garrantzitsua da garaipenak lortzeko orduan».

Hirugarren goierritarra

Ezkiotarrak orain arte ezagutzen ez zituen lasterketetan parte hartuko du denboraldiko lehen zatian: Tirreno-Adriatico itzulia, Amstel Gold Race klasikoa eta Italiako Giroa, esaterako. Itzulian ere parte hartuko du. «Egutegi polita jarri didate eta aprobetxatzeko gogoa dut. Ondo lan egiten ari naiz eta ea dena ondo joaten den».

Alex_AranburuAlex Aranburu: «Niretzat egokiak diren amaieretan garaipena bilatzen utziko didatela esan didate»

Aranburuk talde indartsua delako eta euskaldun asko dituelako aukeratu du Astana taldea. «Etxeko jendea egotea oso lagungarria da. Gainera, Astanaren lan egiteko era asko gustatzen zait. Lasterketetan duten jarrera oso gustukoa dut».

Taldeak fede handia du beragan. «Oso lasterketa garrantzitsutan parte hartuko dut eta horrek aintzat hartzen nautela esan nahi du. Oso gustura nago. Taldeburuei lagundu behar diet, baina niretzat egokiak diren lasterketa amaieretan garaipena borrokatzen utziko didatela esan didate. Hori entzutea oso polita da. Motibagarria da».

Oso gustura dago Astanan aurkitu duenarekin. «Langile asko ditu, eta dena oso ondo antolatua dago. Talde honek baliabide asko ditu eta horrek emaitzetan eragina izatea espero dut».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>