Lur eta Amets, Beasainen

Lur_eta_Amets__filma

Lur eta Amets anaia-arreba bikiek Euskal Herriko historia kontatuko dute otsailaren 7an estreinatuko den ‘Lur eta Amets’ filmean. Hezur haragizko Lur eta Amets Beasainera iritsiko dira, autobus magikoan, filma aurkeztera.

Ikastolen Elkarteak, Katxiporretak eta Elkar argitaletxeak Lur eta Amets proiektua jarri zuten abian, «gure historiaren irakurketa geure ikuspuntutik berreraiki eta eskuragarri jartzeko» helburuarekin. Lehenengo urratsa, Lur eta Amets, Euskal Herriaren historia ezagutza liburua kaleratzea izan zen; eta ondoren, haurrei zuzendutako bederatzi ipuin eta galdera-erantzunen mahai jokoa argitaratzea.

2019an beste urrats sendo bat egin zuten aurrera: Lur eta Amets filma. Durangoko Azokan aurkeztu zuten, Lotura Films proiektura gehituta. Otsailaren 7an Euskal Herriko zinemetan estreinatuko da. Egun horren aurretik, ordea, Lur eta Amets Euskal Herria zeharkatzen ari dira autobus magikoan, abenturaz abentura, garai eta pertsonaia ezberdinekin, filmaren berri emateko ikuskizuna aurkezten. Bihar, otsailaren 1ean, 17:00etan, Beasaingo Usurbe Antzokian izango dira; dohainik da.

Euskal Herriko historiaren garai desberdinetara eginiko bidaia da animaziozko Lur eta Amets filma.  Haurrentzat eta helduentzat erakargarria da: haurrek Euskal Herriko historia ezagutzeko aukera dutelako, eta helduek, beraiek bizitako historiako hainbat pasartetan identifikatutako sentituko direlako.

Anaia-arreba bikiak

Lur eta Amets anaia-arreba bikiak dira; bikote ezin hobea osatzen dute. Geldi egoten ez dakien horietakoa da Lur: inguruak miatzea gustatzen zaio eta korrika egitea; abenturazale amorratua da. Oso ausarta da, ezerk ez dio atzera eragiten. Jenio bizia du eta, haserretzen denean, Baltaxar katuak ere ihes egiten dio.

Amets ameslaria da, irudimen handikoa, sortzaile fina eta mutiko sentibera. Asko gustatzen zaio bakarrik egotea, hala ere, inoiz ez da aspertzen.

Bikien ondoan, Andere amona eta Baltaxar katua daude.  Ametsek eta Lurrek ez dakite amona izaki berezia dela, eta hortik datorkiola jakintza, beste garai eta mundu batzuk ezagutu dituelako. Izaki mitologikoa da, magikoa. Amonaren dohain bereziei esker, Ametsek eta Lurrek denboran zehar bidaiatzeko aukera izango dute. Magia egiteko, lagun duen Baltaxar katuaz baliatuko da amona. Baltaxar etxe-katu bihurtu zenetik, beti egon da amonarekin. Betidanik zaindu dute elkar. Baltaxar katu mesfidati eta xaxatia da, jeloskorra ere bai.

Abenturazko bidaia

Lur eta Ametsen gurasoek asteburu honetan ezkontza dute eta bikiak amona Andereren etxean utzi dituzte asteburu pasa. Baina Andereren eta bere katu Baltaxarren botereei esker, ez da asteburu arrunta izango. Bidaia batean murgilduko dira, garai eta sasoi desberdinetan abentura gazi-gozoak biziz, gure historian zehar bidaiatuko dute. Beti izango dira beraiek protagonistak, Andere eta Baltaxarren laguntza ordaingabearekin. Baina, tamalez, gaiztoak, sasoi eta garai desberdinetan, ia beti izango dituzte atzetik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>