«Bisitaria museotik galdera gehiagorekin joan dadila nahi dugu»

ZUMALAKARREGI_MUSEOKO_MIKE

Historiako irakasgai bihurtzen da Mikel Alberdirekin (Irun, 1962) edozein solasaldi. Pasioa du lanbideko gaia, eta Zumalakarregi Museoan gauzatu dituzten proiektu ugariak fin xehetzen ditu. 30 urte dira aldundiak Ormaiztegin museoa zabaldu zuela, 1989an. Goierrin bigarrena zen, Zeraingo Museo Etnografikoaren ondotik. Hasieratik, enpresa kudeatzailean han ari dira lanean Alberdi eta Lurdes Azpiazu ezkiotarra. Jakin-mina eta zalantzak pizteko gune izatea nahi dute, eta errelato bakarrak gorroto dituzte.

Tomas Zumalakarregiren inguruan sortu zen museoa.
Museoa oso zentratuta zegoen haren figuran, bai. Francoren garaian, 1940an ireki zuen Diputazioak Zumalakarregiren jaiotetxe-museo bezala —ez da jaiotetxea—, eta urte gutxi batzuetan egon zen hala. Gero, herri erdian baitago, hainbat gauza egon ziren. 1985 inguruan Tomas Zumalakarregiren objektu pertsonalen bilduma eskaini zioten, baita dokumentazioa eta argazkiak ere. Museo bat egitea orduan erabaki zuen.

Nondik iritsi ziren objektuak?
Familia batek zeuzkan. Zumalakarregik hiru alaba izan zituen, eta ez zuten ondorengorik eduki. Bizi izan zen azken alabak, Mikaela izenekoak, Ormazako markesei pasatu zizkien objektuak herentzian, eta haien ondorengoek saldu zizkioten Diputazioari.

Karlistaldietako gerretara zabaldu zen museoaren azter-eremua, eta XIX. osora gero.
Bai. Bideak eraman gintuen. Hasieran, Bergarako Hitzarmenarekin bukatzen zen diskurtsoa, nahiz eta Tomas lehenago hila zen. Baina jasotzen genituen pieza gehienak II. Karlistaldikoak ziren, 33 urte geroagokoak, eta ez zen aipatu ere egiten hori museoan. Aldi bateko lehen erakusketa jarri genuenean jada —museoaren bigarren urtean—, Tomasen biografiatik eta karlistaldietatik ihes egiten saiatu ginen, bi gerren artean hainbat gai zeudelako: ferrokarrila zabaltzea, Donostiako harresia botatzea, Tolosaren eta Donostiaren arteko hiriburutzaren borroka… Gerrak ere landu ditugu, baina beste ikuspegi batetik.

ZUMALAKARREGI_MUSEOKO_MIKE(6)«Museoa ez da izan diskurtso karlistarena, eta horregatik ez da karlisten gogokoa»

«‘Museo’ hitzak atzeraka eragiten du oraindik, eta ez dakit zergatik. Aldatu batira»

«Kuriositatearekin eta espero eztako gauzak aurkitzeko ziurtasunarekin etorri behar da»

Karlismoaren museoa ere ez da sekula izan, batzuk horren bila igual etorriko ziren baina…
Egia da. Baina karlista sutsuek —gelditzen baldin badira, oso gutxi jada— lehenengo unetik ez dute museo hau maite izan. Horiek Zumalakarregiri egindako aldare bat espero zuten, eta gu etorri ginenerako nahiko orekatua zen mezua, nahiz eta bere anaiari buruz aipamenik ez zen egiten. Museoa ez da izan diskurtso hegemoniko karlistarena, eta horregatik karlistek ez dute gogoko izan.

Jokoa ematen dute Zumalakarregi anaiek. Tomas karlista, Migel Antonio liberala…
Museoaren aurrerapauso garrantzitsuetako bat izan zen Migel Antonio Zumalakarregiren figura erreskatatzea. Hain justu, oraindik ere erreskatatu beharra dago, nahiko ezezaguna da eta. Baina garai batean inork ez zuen ezagutzen. Horrek era ematen digu Karlistaldiaren ikuspegia, anaien arteko borroka bat, nolabait; eta hala zen. Bestetik, izugarrizko figura zen. Donostiako alkate izan zen Migel Antonio urtebetez, eta gero ere hango burgesiaren interesen alde aritu zen. Gaur da eguna Donostian apenas ezagutzen dena, erabat ahaztuta dute. Tomasek sekulako etorbidea dauka, eta ez zuen harremanik izan hiriarekin; izatekotan, Bilbo bezala bonbardatzeko, etsaiak baitzituen hor. Ematen du zer pentsatua.

Zer funtzio du museoak?
Beti gustatu izan zaigu eztabaidak sortzea, museoaren ibilbideak erakutsi duen bezala. Gauzak zalantzan jarri behar dira. Ez dugu diskurtso bakar eta goitik beherako bat; horretan ez dugu sinisten. Kritikoak izaten saiatu gara beti, eta diskurtso unitarioak ez zaizkigu gustatzen. Gaur egun hain modan jarri den errelatoa ez zaigu batere gustatzen. Errelatoa ez dago, izatekotan, errelatoak, pluralean. Hainbeste ñabardura daudenez, ezin dugu kontakizun bakar bat egin hemen ere. Jendea museotik erantzun baino galdera gehiagorekin atera dadila nahi dugu.

Hori litzateke Zumalakarregi Museoaren ekarpen handiena?
Borroka horretan gabiltza. Oraindik zaila da jendea erakartzea, baina izan direnek atzera etorriko direla esaten dute. Niretzat, ekarpen nagusia museotik jakin-minez ateratzea da. Xaxatu egiten dugu jendea, atzera begiratzeko kuriositatea piztu. Hori bakarrik lortzea sekulako lorpena da.

Jendea erakartzea kosta…
Goierritarrekin arazoa daukagu. Ez dago museoetara joateko kulturarik. Gaur egun, gazteekin askozaz zailagoa da; eskolak ekartzen ditu, behartutako bisitak dira; bestela, ez datoz. Museo hitzak oraindik atzerakada eragiten du, eta ez dakit zergatik. Hainbeste aldatu dira museoak eta hain gauza politak egiten dira museoetan…

Interneten eduki asko jartzen duzue. Hori da bidea?
Hasierako apustu bat izan zen: jendea ez badugu erakartzen, goazen gu jendearengana. Azpimarragarria da XIX. Mendeko Albuma proiektua. 2005ean jarri genuen, eta 15 urte ondoren, oraindik indarrean da. Ez dira Interneten gauza asko egongo hori lortu dutenak. Bestetik, ahalegin eta borroka handiak egin ditugu museoaren funtsak eta edukiak libreki sarean jartzeko. Zabaltzea da ideia, eta jendeari zenbat eta errazago jarri, orduan eta hobeto. Horretan asmatu genuen. Ikertzaileek ere gero eta gutxiagotan daukate bertaraino etorri beharra.

Zer ‘betaurreko’ jantzita etorri behar du bisitari batek Zumalakarregi Museora?
Kuriositatearekin, eta espero ez dituen gauzak aurkituko dituen ziurtasunarekin. Askok ezustekoak hartzen dituzte. Eta egiak jasotzera etorri baino gehiago, zalantzak sortzera etorri. Zalantzatik hasten da bidea gero gehiago jakiten jarraitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>