Musika lagun 60 urtez

Laguntasuna_errondaila(2)

Errondailak 1960ko uztailaren 25ean egin zuen lehen emanaldiko irudia

Duela 60 urte sortu zen Laguntasuna errondaila, Ordizian, otsailaren 15ean. German Telleria izan zen sustatzaile nagusia eta bidelagun izan zituen Juan Jose Etxeberria eta Alfonso Carlos. Harrezkero, etenik gabe, han eta hemen aritu dira kantuan. «Taldea sortzeko lehen harria jarri zuten haiek». Hala kontatu dute Laguntasunako kide diren Eliseo Alonsok (Ordizia, 1946) eta haren alaba Birjinia Alonsok (Lazkao, 1975). Orain, 60. urteurrenaren aitzakia hartuta, oraingo eta lehengo taldekideak, gertukoak eta lagunak elkartu nahi dituzte, mahaiaren bueltan bazkaltzeko. Datorren otsailaren 22an egingo dute ospakizuna, Ordiziako Tximista sagardotegian. Bide batez, taldearen lehengo eta gaurko istorioak ekarri dituzte gogora.

Laguntasuna_errondaila(3)

Birjinia Alonso eta Eliseo Alonso, Laguntasuna errondailako kideak.

Hastapenetara itzuliz, taldearen lehen aktan ederki jasotzen da taldea sortu eta egin beharreko lehen gauza irakasle bat kontratatzea izan zela. On Severino Berraondo, Beasainen Frente de Juventudes taldeko mutilei erakusten ziena,  hasi zen zer egin horretan.

Laguntasuna errondaila sortu eta handik gutxira sartu zen taldean Eliseo Alonso, taldearen oraingo zuzendaria dena: «Urte hartan ekainean hasi nintzen, eta lehen gauza, bandurria jotzen ikastea izan zen». Batzu-batzuek musika ezagutza bazuten ere, hori ez zen beste askoren kasua. Gaur egun ere, ez da beharrezkoa musika ezagutza izatea taldeko partaide izateko.

Alonsok 14 urte zituen taldean hasi zenean eta «aitak utzitako diruarekin erosi» zuen bandurria, «750 pezeta kostatu zitzaidan».  Beste garai batzuk ziren, «etxean zazpi anaia-arreba» eta musika tresna erostea «esfortzu handia» izan zen. Ahaleginak merezi izan zuen, «oroitzapen oso onak» ditu eta.

Oroitzapenen artean bila, konturatu da  toki asko ezagutzeko aukera eman diola Laguntasunak: «Igandero-igandero genituen emanaldiak, Gipuzkoan, Bizkaian, Nafarroan, Errioxan, Frantzian…». Zaila da gogoratzen zenbat emanaldi egiten zituzten urte batean, baina «ia herri guztietako festetan jotzen» zutela ez du ahazten, baita «ezkontza eta bestelako ospakizunetan ere». Batzuetan, «herrian geratzeko nahia» ere izaten zuelako.

Zentsura urteak

Errondailaren berezitasunetako bat errepertorioa izan da. Betiko abestiak kantatzen dituzte, denontzat ezagunak direnak, urte mordoa pasata ere, beste behin entzun eta pozik asko kantatzen diren horietakoak.
Abestien bueltan berriketan, Alonso aitak gogoratu du  gaztea zenean«zentsura» ere bazela: «Gobernu Zibilean jakinarazi behar genuen emanaldi bakoitzeko abestien zerrenda eta abestien letrak, jo aurretik haien onespena behar genuelako». Batez ere «gai politikoak ekiditeko» egiten zuten. Gaur, ez dute horrelakorik, haiek ez  behintzat.

Laguntasuna_errondaila(1)

1961eko urriaren 3an Ordiziako antzokian egindako emanaldia.

Clavelitos da gehien eskatzen dieten abestia. «Gaur egun oraindik askotan eskatzen digute», aitortu du Birjiniak. Laguntasunan jotzen duen familiako bigarren belaunaldia da, eta taldeak zilarrezko ezteiak bete zituenean hasi zen, 11 urte zituenean, bera baino handiagoa zen akordeoi batekin. Haren anaia, Gorka, ere taldeko kidea da. Eta hirugarren belaunaldia ere har horrekin jaio da antza, Birjiniaren alabak, Leirek, 13 urterekin akordeoia jotzen baitu taldean.

Abestiekin jarraituz, Lau teilatu, Oi ama!, Nere herriko… baina Ordiziako ereserkia da falta ezin dena: «Bernardo Alberrok errondailarentzat sortu zuen abesti hori, eta harrezkero, Ordizian bakarrik ez, gauden tokian gaudela ere jotzen dugu». Ordiziak, izan ditzakeen enbaxadore onenak dira.

Urteak aurrera egin ahala aldatu den zerbait, garraioa eta errepideak izan dira, horrek suposatzen zuenarekin. Begirada atzera bota eta duela 30-40 urte errepide sarea nola zegoen ikusita, benetako lagun taldea zela eta oso batuta zeudela garbia da: «Autobusean joaten ginen, eta emanaldia baino ordu dezente lehenago atera behar izaten genuen».

Sanferminak bailitzan

Hainbeste emanaldiren artean, dudarik ere ez dute izan, berezienak zein diren esateko: «Ordiziako Santa Ana festetakoak». Bi emanaldi egiten dituzte uztailaren 25ean. Goiz eresian, «sanferminak dirudite». Esan daiteke, festetan egiten duten emanaldietatik ganberroena dela. Dorrea etxean elkartu ohi dira, entsegu lokalean, eta atea ireki bezain pronto «jendea gure zain egoten da, guztiak makurtuta eta lehenengo notekin  batera saltoka hasten dira, gaupasa eginda ere, jator portatzen dira, gustukoak dira horrelakoak».

Ondoren, zahar egoitzan eta jarraian Plaza Nagusian jotzen dute, «serioago». Plazako hori urteko «emanaldi garrantzitsuenetakoa da, urduritasunez bizi duguna», baina «harrotasun handiz egiten duguna».

Azken urteotan, «taldekide faltagatik errondailak gainbehera» izan badu ere, horrelako egunek «indartu egiten» dutela diote eta unea aprobetxatuz, «musika gustuko duten guztientzat irekita» daudela ere esan dute.
Taldearen indarrak mantentzeko, momentuz, otsailaren 22ko ospakizuna dakarte berriz. «Errondailaren familia handi honetan dagoen jendea bildu eta egun polit bat pasako dugu».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>