Burdinak Legazpi maite du

Lenbur_Fundazioa(3)

Mirandaola nazioarte mailan kokatu berritan, baikor eta proiektu berriekin heldu dio etorkizunari Lenburrek.

Legazpiko ondare naturala eta kulturalari, eta burdinarekin lotutako industriari balioan emateko helburuarekin 1997an sortu zenetik, Lenbur Fundazioak lortu ditu eta gainditu ditu orduan ezarritako erronkak: Legazpiko mugetatik harago, burdina nortasun kulturalaren ikur bihurtzea, eta herriko garapen ekonomikoaren eta sozialaren alde eragitea.

Mirandaolako burdinola izan zen abiapuntua, eta gaur, nazioarte mailan aitortza garrantzitsua jaso duenean, Legazpi osoa hartzen duen Burdinaren Harana izeneko proiektu handi eta osasuntsu baten erdigunea eta bihotza da. Legazpi, Natura eta Burdina leloaren laburpena da Lenbur, eta hitz horren atzean, turismoan, ondarea berreskuratzean eta ikerketan oinarritzen den jarduna dago, eta jardun hori langile talde baten esku dago. Gaur egun, Agurtzane Elustondo, Ana Alvarez, Ainhoa Korta, Erraizabal baserriko Arantxa Segurola, Igeralde baserriko Tibur Agirre, Naiara Larrea, Hasier Gonzalez, Olatz Conde eta Birjinia Etxeberria dira Lenburreko langileen zutabe nagusia.

Burdinola, abiapuntua

Guztia burdinolatik abiatu zela ekarri dute gogora Condek eta Etxeberriak. Turismo aldetik ustiatzeko prest zegoen errekurtsoa zen, eta harekin hasi zuten Legazpira bisitariak erakartzeko egitasmoa. Gero Erraizabal baserriko ganbara atondu eta artzaintzaren ekomuseoa ireki zuten. Ogiaren txokoa, Burdinaren museoa, Lanbideen ibilbidea, Chillidaren lantokia… etorri ziren ondoren, hainbat eraikuntza eta industria espazio berreskuratu eta gero.

Eskaintza zabala da, eta gaur Legazpira datozenek badute zer ikusi, baita zer egin ere. Izan ere, errekurtso turistiko horiek osatzeko, familia planak ere eskaintzen hasi zen fundazioa, eta horiek dira, hain zuzen, Lenburren eskaintza turistikoaren ezaugarria gaur egun.

Burdinolaren amuari tiraka, bisitariek Legazpin denbora gehiago igarotzeko eskaintza zabaltzeko sortu zituzten familia planak: laster hasiko diren Artzaitxo egunak, Aitona-amonen eskola, Errotari eguna, Burdintxo… eta Olentzero.

Familia plan horiek dira gaur Lenburren turismo baliabide nagusiak, eta garrantzitsuena, Legazpira bisitari gehien ekartzen dituena, Olentzero da, bi hilabetetan 10.000 pertsona etortzen dira. Olentzeroren bitartez, bisitariek gainerako planak eta eskaintzak ezagutzen dituzte. Hala, «Olentzero egitera datozenak gero Artzaitxo eguna egitera datoz, edo Burdintxo…», azaldu du Condek.

Herriko ekonomia

Bisitari kopuru handia etortzen da Legazpira, iaz, 35.000tik gora. Ez da zifra makala, «batez ere Lenbur sortu aurretik Legazpira inor ez zela etortzen kontuan hartuta», dio Condek. Bisitari horiek herrian ere uzten dute arrastoa, noski, dendetan eta jatetxe eta tabernetan, baina beste era batera ere mugitzen dute bertako ekonomia, lanpostuak ere sortzen dituztelako.

Lenbur_Fundazioa(2)Olatz Conde: «Historical Landmark egiten ari garen lanaren aitortza eta berrespena da»

Birjinia Etxeberria: «Euskal Herrian ez da egongo herri bakar batean Legazpin bezain beste museo»

Hala, Lenburren plantilla finkoa bost langilek osatzen badute ere, burdinolan olagizon lanak egiten dituztenak ere aipatu behar dira, eta puntualki langile gehiago ere kontratatzen dituzte. «Batez ere jende gaztea, lehen aukera ematen diegu askori, eta beren lanbideetarako esperientzia hartzeko oso ondo datorkie», azaldu du Etxeberriak. Urteak gora urteak behera, jende asko eta asko igaro da Lenburretik, eta «Lenburren familiako kide dira oraindik», erantsi du.

Beraz, duela 23 urte sortu zenean ezarri zituen helburuak, ondo baino hobeto bete eta «gainditu ere» egin ditu Lenburrek, Condek azpimarratu duenez; «lehen Legazpira ez zen inor etortzen eta bergira orain!». «Helburuak bete ditu, bai turismo aldetik, baita kultura aldetik ere, alor hori ere jorratzen baitugu», erantsi du Etxeberriak. «Euskal Herrian ez da egongo herri bakar batean hainbeste museo, eta horren atzetik lan bat dago, museo bat sortzeko ikerketa lan handia egin behar delako».

Ondare mailan, eredu

Industria ondarearen alorrean, bestetik, Legazpi eredu bilakatu dela dio Condek, «Mirandaolaz gain, Burdinaren museoaren egoitza den San Migel fundizio zaharra, papertegia… horiek ere salbatu ditugu eta urte batzuetara erlikiak izango dira». Gaur egun industria eraikinak bota egiten dira, baina Legazpin, eraikin horiek babesteaz gain, erakutsi ere egiten dira, eta horrek balio handia duela nabarmendu du Condek: «Duela gutxi amerikarrek emandako Historical Landmark izendapenak horixe azpimarratu du: burdinolaren inguruan dagoen historia, burdinaren historia zabaldu dugula».

Eta hain zuzen, burdina da beste eskaintza turistikoetakik Lenbur bereizten duena, Condek dioenez: «Hemen, denek daukate natura, guk ere bai, baina horrekin kontrastean guk burdina daukagu gai nagusitzat, eta Legazpikoa Euskal Herri osora estrapolatu dugu. Gure diskurtsoan adibide guztiak Legazpikoak dira, Patrizio Etxeberriaren lantegia bezala, baina hark egindakoa beste herri batzuetan beste batzuek egin zuten, Aristrainek eta Orbegozok, esaterako; burdinolekin ere berdin, Euskal Herri osoan zeuden burdinolak».

Beste balio erantsi bat da  Lenburrek lantzen duen burdinaren inguruko diskurtsoak mendeetan atzera egiteko aukera ematea duela, «burdinaren historia gaurtik hasi eta Erdi Arora arte azaldu dezakegu», adierazi du Etxeberriak. «Guk aztarna zaharrak, aztarna berriak… dena daukagu, eta lurralde museo batean integratuta daude guztiak».

Nazioarteko aitortza

Lenburren hasierako helburuak gainditu dira, baina erronka gehiago ere badituzte, eta etorkizunari begira proiektu berrietan murgilduta daude. Tartean dago Chillida Lantokiaren inguruan familia plan bat sortzea, eta ez dute baztertzen epe laburrean museo gune berriak sortzea. Hezkuntzaren alorra ere begiz jota dute, Legazpi Euskal Herriko historia lantzeko toki ezin aproposagoa delako, ikastetxeentzat beste hezkuntza baliabide bat.

Etorkizunari baikortasunez begiratzen dio Lenburrek, ASM Ameriketako Metalaren Elkarteak burdinolari Historical Landmark izendapena eman eta gero. «Egiten ari garen lanaren aitortza eta berrespena da, bide onetik goazela erakusten du». Saria bezala jaso dute izendapena, eta dagoeneko jarrita dago burdinolaren atarian mundu mailan burdinaren alorrean erreferente historikoa dela dioen plaka. Komunikabide ugaritan agertu zen Mirandaola plaka hori entregatzeko egin zen ekitaldia, Urkullu lehendakaria eta ASM erakundeko ordezkariak tartean zirelako.

Mirandaola lehendik ezaguna bazen, are ezagunago da orain, Eiffel Dorrearen edo Askatasunaren Estatuaren pare jarri baitu titulu berri horrek.

Lenburrek bere laguntzaileekin partekatu nahi du saria

Ohore handiz jaso du Lenburrek Mirandaolarentzako aitortza, eta oso eskertua dago ASM elkartearekin, baina bere laguntzaileekin ere partekatu nahi du saria. Hala, «gaur egungo eta garai batean Mirandaolan lan egin duten olagizon guztiei» eskaini die, «beraien jakinduriari esker gaur egun oraindik burdinola martxan ikusteko aukera daukagulako»; baita Burdinola elkarteari ere, «burdinolen inguruko informazioa jasotzen azken urteetan egin duten lanagatik». Legazpiko Udalari, Lenburreko gainontzeko patrono eta kolaboratzaileei, Eusko Jaurlaritzari, Foru Aldundiari eta «gurekin lan egin duten guztiei ere» luzatu diete saria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>